"Behin herri batera joan nintzen eta hain polita izan zen, hain gertukoa, konturatu nintzela ni eta editorialak okertuta geundela". Maribel Medina idazlea Mi pueblo lee ekimenaren sortzailea eta sustatzailea da. Editorial handiekin "betiko zirkuitutetatik eta hirietatik" mugitzen zirela konturatu zen, Madrilgo liburu azoka, Iruñea beltza, Granada... eta herri batera joatea eskatzen ziotenean "beti atzeratzen joaten nintzen, zailagoa ikusten nuelako". Baina duela zenbait urte, herri batean egon ondoren, literatura jaialdien landa sarea sortzea erabaki zuen. Modu ofizialagoan duela hiru urte sortu zuten.
"Bat zenbakiak diren idazleak, figura handiak, normalean herri batera joango ez zirenak, herrietara eramaten ditugu eta herria idazleekin batzen ditugu, eta irakurzaletasuna sustatzen dugu". Urtero hemeretzi bat herritara iristen dira, aurten hogei, izan ere, idazleak azaldu duenez, Rosa Montero edo duela gutxi hil zen Almudena Grandes bezalako idazleak herri batera eramanda "ezin dituzu bakarrik utzi", eta bera ere joan behar da. Hogei herri horietatik, ostiralean jaialdia Altsasuko Iortia kultur gunera iritsi zen, eta literaturaren gala horretan Alberto Barandiaran, Izaskun Etxeberria eta Castillo Suarez idazle altsasuarren mahai ingurua izan zen, Victoria Alvarez Mussetik gidatuta, euskaraz, eta Mikel Santiago nobela beltzeko idazlearekin topaketa izan ziren.
"Aukeratu nuen lehenengo herria Altsasu izan zen; oso argi nuen" MARIBEL MEDINA
"Ohore bat da, bai. Herriei ezetz esaten ari gatzaizkio; arrakastagatik hiltzen ari gara. Badira hainbeste liburutegi, irakurle klub eta, orain, ikastetxeak, pena handiarekin ezetz esan behar diedala". Nafarroako Gobernuak diru laguntza eman die sarea herrialdetik zabaltzeko, "baietz esan nuen eta aukeratu nuen lehenengo herria Altsasu izan zen. Oso argi nuen". Medinaren senarra suhiltzaile izan zen urte luzez herrian, "eta herriak izan dituen konnotazio negatiboek amorru handia eman zidaten, oso lagun onak ditut, eta ez dut onartzen irudi hori saltzea. Altsasu askoz gehiago badelako". Gainera, Liburunda liburu dendarekin, ekimenaren antolatzailetako bat, zor bat zuela esan du Medinak ere: "Noizbait esan dit nire liburuak aurkeztera joateko, eta ez dut inoiz egin. Hor ere bazegoen errutasuna". Oso pozik dago Altsasura etortzegatik. Oroitzapen politak izatea nahi du, eta horregatik Patxi Uriz National Geographic-eko argazkilaria izandakoa ere izan zen argazkiak egiten. Mi pueblo lee-ren webgunera igoko dituzte.
Idazleak
Liburundako liburu saltzaileari lehenengo gauza galdetu ziona izan zen zeintzuk diren liburu saldutakoenak eta berak erantzun zion Julia Navarro edo Mikel Santiago idazleenak izaten zirela. "Santiago Bilbokoa denez, oso erraza izan zen, oso azkar baietz esan zuen". Lehenengo Mi pueblo lee izango da Santiagorendako. "Aurretik entzuna nuen, eta ideia ona iruditzen zait, behar diren gauza horietako bat, literatura topaketak eta herriei bizitza ematea; mugitu behar da". Altsasun zegoen lehenengo aldia zen, eta "ilusioz eta jakin-minez" etorri zen. "Beti eramaten dut zerbait herrietatik. Jende maitakorra izaten da, eta ni ere maitasun guztiarekin joaten naiz".
Santiagok Illumbe trilogiaren azken liburua kaleratu du aurten, Entre los muertos. "Idazle bat margolari bat da, edo ni behintzat. Oso mentalitate bisuala dut, eta hasierako nobelak atzerriko lau toki desberdinetan oinarritu nituen, baina oinarrian inguruko irudiak zeuden: Bizkaia". Illumbe idazleak sortutako herri bat da, Bizkaiko kostaldea irudikatzen duena. "Ni zoriontsu izan naizen tokia, Urdaibai, haurtzaroko udak pasatzen nuen tokia eta oso ongi hartu nauen tokia". Bermeo eta Gernika artean dagoen herri bat da, mapan Mundaka izango zena, "gertatzen dena da mundakarrei fabore bat egiteagatik eta badaezpada nire nobelak oso ospetsuak egiten badira duten baino turismo gehiago ez eramategatik" sortu zuen Illumbe. Arrazoi tekniko eta artistikoak daude ere, izan ere, modu honetan tokiak lekuz aldatu eta haiekin jokatu dezake: "Izarbeltz irla Izaro izan daiteke, baina nirea bisitatu daiteke, Santa Brigida sanatorioa Gorlizkoa izan daiteke... Joko handia ematen dit".
Sortzeko uztartzen diren bi gauza behar dituztela esan du Santiagok: "Premisa bat, normalean txinparta bat izaten dena, hasierako ideia bat; adibidez, El Mentiroso-n norbait amnesiarekin esnatzen dela eta En plena noche errepide batetik bakarrik doan mutiko bat eta Entre los muertos maitaleak eta istripu bat izateak sortzen dituen arazoak. Horrek nobelaren doinua ematen dit, mekanika, zertara jokatuko dugun". Bigarren gauza pertsonaia protagonista izatea da. "Pertsonaiak etorkizuna izatea, zerbait konpondu behar izatea, arnasten eta odolozten duen pertsonaia bat izatea". Gero, bestea, "garatzen" joaten da. Idazleek "ametsen eta memorioaren" mundutik "arrantzatzen" dutela azaldu du, "eta itsaso arraro horietan sortzen dira".
Zergatik thriller idazlea? "Agian beldurtienak gara. Galdera asko egiten dizkiogu gure buruari heriotzaren inguruan, oso fatalistak gara, paranoikoak...". Thrillerreko edo nobela beltzeko idazleei tentsioko istorioak gustatzen zaizkiela esan du Santiagok: "Agatha Christie, espioiak, erailketak, poliziaren nondik norakoak...". Idazleak Los siete pecados capitales programa aurkeztu du EITBn, non Euskal Herriko erailketa entzunenak aztertzen ditu. "Galdera on bat da, baina agian nire psikiatrari egiteko". Nobela beltza generoa "betidanik" gustatu izan dela gaineratu du. "Edgar Alan Pe, El Caso egunkaria... Betidanik existitu da heriotzarekiko eta krimenarekiko atrakzio morboso bat".