Futbola

Altsasuk bana berdindu zuen Lezkairurekin

Guaixe 2022ko urr. 13a, 10:45

2022/2023 Preferente Mailako Altsasu taldea, asteazkeneko Dantzalekuko aurkezpenean.

Gizonezkoen Preferente Maila. Seigarren jardunaldia: Lezkairu 1 – Altsasu 1

Asteburuan feriak direnez, gizonezkoen Preferente Mailan asteburuan jokatzekoa den seigarren jardunaldia aurreratzea eskatu zuen Altsasuk eta atzo, asteazken arratsaldean jokatu zuten norgehiagoka, Lezkairuren kontra. 

Partida berehala maldaz gora jarri zitzaien altsasuarrei Miguel Gimenok 9. minuturako Lezkairu aurreratu zuelako. Altsasu partidari buelta ematen saiatu zen, baina atsedenaldira 1 eta 0 galtzen joan ziren. Bigarren zatian gogotsu ekin zioten partidari gorritxoek eta lanak fruitua izan zuen, 58. minutuan Eneko Galarzak bana berdintzea lortu baitzuen. Hortik aurrera, garaipenaren bila lehiatu ziren bi taldeak, baina jokaldiek ez zuten kontrako atean bukatu eta partida puntu banaketarekin despeditu zen. 

Universidad de Navarra da Preferente mailako lehen multzoko liderra (13 puntu) eta Altsasu laugarren postuan dago (11 puntu), partida bat gehiagorekin. Bere hurrengo arerioa asteburu honetan Lagun Artearen kontra jokatuko duen Soto-Ibarbaso taldea izango da.