Euskaldun berriendako ere onuragarria izango litzateke eskaintza zabaltzea

Guaixe 2022ko urr. 19a, 10:01

Gizona AEKren Itsasi euskaltegi paretik pasatzen. ARTXIBOA

Altsasun euskarazko aisialdi eta kultur eskaintza handitzea ona litzateke. Ondorio hori atera du Kultura Euskaraz, Ainguratu Gura ekimenak testigantza bat jaso ondoren.  

Ekimeneko kideak testigantzak jasotzen ari da. Azkenekoa, herrira iritsi zenean bi hizkuntza ofizialak ez zekizkien pertsona batena da. Gaztelania ″hemen bizitzeko ikastea beharrezkotzat″ jo zuen eta ″arazorik gabe″ ikasi zuen, ″klasean, jendearekin hizketan, telebista ikusi, eta abar″. Alaba A ereduan matrikulatu nahi zuen ″nik euskara ez nekienez, pentsatu nuen ezingo niola etxeko lanekin lagundu. Baina, nahiz eta euskaraz ez jakin, hemengo lagunek seme-alabak euskarazko eredura eramaten zituztela ikusi nuen. Haiek konbentzitu ninduten alaba D ereduan matrikulatzeko″. Alabaren bidez izan zuen euskararekin lehen harremana. ″Gaztelaniarekin gertatu zitzaidan bezala, euskara ikastea beharrezkoa bihurtu zen niretako″. Gainera, lan bila hasi eta euskararen B1 maila eskatzen zioten. ″Hasieran horrek haserrearazi ninduen, ondoren oinarrizko maila bat beharrezkoa dela ohartu nintzen″. 

Alaba hizketan hasi zenean eman zuen euskara ikasteko pausoa, nahiz eta ″herrian % 90 gaztelania zen. Euskara ikasten, baina gaztelaniaz bizitzen″. Mintzakideei esker hasi zen euskaraz bizitzen, ″gaur egun lanean saiatzen naiz, eta ahal dudan guztietan euskaraz aritzen naiz. Zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta errazago izango da euskaraz benetan bizitzea. Baina lanean bakarrik egiten badut edota lagun euskaldunen batekin, zaila izango da hori. Ez badut gehiago erabiltzen berriz ere klasera bueltatu beharko naiz, ikasitakoa ez ahazteko″. Horregatik eskatu du Altsasuko eskaintza handitzea, ″gure eskubidea da, horrek bidea erraztuko digulako euskaldun berrioi, bai euskara ikasteko baita euskaraz bizitzeko ere″. 

Bi hizkuntzak ikasteko prozesua horrela laburbildu du testigantza eman duenak. ″Gaztelania ikasteko lau hilabete behar izan nituen, sei  hitz egiten hasteko eta urtebetean %100 gaztelaniaz bizitzeko gai nintzen″. Euskara ikasteko prozesua honakoa da: sei urte ikasten; laugarren urtean hasi nintzen kalean hitz egiten. Gaur egun hamar urte pasa dira ikasten hasi nintzenetik, eta soilik %40ean bizi naiteke euskaraz″.