Taekwondoa

Bargagaingoek goitik hasi dute denboraldia

Guaixe 2022ko urr. 18a, 11:00

Bargagaingo taekwondistak eta irakaslea Miranda de Ebron. BARGAGAIN

Asteburuan Miranda de Ebroko Taekwondo Open Nazionalean parte hartu zuten Bargagaingo taekwondistek eta guztira hamasei domina ekarri zituzten. Taldekako txapelketan ia podiumera igotzear egon ziren

Asteburuan XXXVI. Miranda de Ebroko Taekwondo Open Nazionala jokatu zuten. Bertan 350 taekwondistek hartu zuten parte, tartean Sakanako Bargagain klubekoek. Maila ederra zuen txapelketak, eta kirolari sakandarrak ere hala aritu ziren, guztira 16 domina ekarri baitzituzten. Gainera, taldekako txapelketan laugarren sailkatu zen Bargagain, bigarren eta hirugarren sailkatu ziren taldeekin urretara berdinduta.

16 dominak
Haurren mailan, Hamzak eta Ireak urrezko domina lortu zuten, Zoek zilarrezkoa eta Unaxek, Oinatzek eta Saulek brontzezkoak. Kadeteen mailari dagokionez, Leirek eta Raniak urre bana lortu zituzten eta Josebak zilarrezkoa. Aiala eta Hugo hirugarren sailkatu ziren, brontzezko domina eskuratuz. Eta senior mailan, Iratik, Mohak eta Erkudenek urrezko domina lortu zuten borrokaldi bikainetan, eta Sarayk brontzea eskuratu zuen.

Bargagain klubeko Gerardo Moreno irakasleak balorazio ezin hobea egin du. "Mirandakoak oso emaitza onak dira. Kontuan hartuta ikasturte hasieran gaudela eta taekwondistak oraindik denboraldi berriari tamaina hartzen ari direla, are gehiago. Gure borrokalariek tatamian sentsazio oso ona izan zuten, eta hau hasi besterik ez da egin" azaldu du.