Atletismoa

Feriak ongi hastera

Guaixe 2022ko urr. 14a, 11:31
Eskolarteko Kroseko lasterketak 12:00etan hasiko dira, plazan. Joan zen urtean 59 neska-mutikok hartu zuten parte.

Dantzaleku Sakanak antolatutako Onddo Lasterketaren 14. edizioa bi modutan egin ahal izango da: oinez, 10:30ean, edo korrika, 11:00etan. 42. Eskola Arteko Krosa 12:00etan hasiko da

Dantzaleku Sakanak antolatutako Onddo Lasterketaren 14. edizioa bi modutan egin ahal izango da: oinez, 10:30ean, edo korrika, 11:00etan. 42. Eskola Arteko Krosa 12:00etan hasiko da
Askorendako tradizioa bilakatu da Altsasuko Feriak Onddo Lasterketan parte hartuz hastea. Goizean korrika edo oinez Basoitxin eta onddoak jaiotzen diren paraje zoragarriari buelta egitea, ondoren dutxa ederra hartu eta feriaz behar bezala gozatzeko. Eguraldia lagun, korrikalari eta ibiltari asko espero dira larunbatean Dantzaleku Sakanak antolatu duen XIV. Onddo Lasterketarako.

Bi aukera
Onddo Lasterketan bi modura parte hartu daiteke, paseoa egiten edo korrika. Ibilbidea bera da, San Pedron, Basoitxin eta inguruetan prestatzen den 7 kilometroko ibilbide zoragarria. Goiztiarrenak oinezko martxan parte hartuko dutenak dira, 10:30ean abiatuko baitira Foru plazatik. Korrikalariak, aldiz, ordu erdi beranduago hartuko dute irteera, 11:00etan. Nahiz eta aurten gehiegirik ez egon, onddo eta ziza artean ibiliko dira guztiak.

Izena ematea zabalik dago Dantzaleku Sakana klubeko webgunean (5 euro). Gehienez ere 250 pertsonek eman ahalko dute izena oinezko eta korrika egingo den martxak gehituz. Tokiak egonez gero, larunbatean goizean izena emateko aukera egongo da plazan. Izena ematen dutenek Onddo Lasterketako kamiseta jasoko dute, kamisetak bukatu arte.
Bukaeran, ohi bezala, hiru onddo saski zozketatuko dira partaide guztien artean. Zare horietako bat lortzea bai dela, zalantzarik gabe, feriak ongi hasteko modua.

Joan zen urtean 268 parte hartzaile izan zituen Onddo Lasterketak, korrikalariak eta oinezko martxan parte hartu zutenen kopurua gehituta.

12:00etan, txikienak
Eguerdian 42. Eskola Arteko Kroseko lasterketak jokatuko dira, benjaminen, kimuen eta haurren mailako probak, plazan. Iaz 59 gaztetxo animatu ziren.