Astekaria

"Betiko jolasak mantentzen ditugu galtzen ari direlako"

Alfredo Alvaro Igoa 2022ko urr. 19a, 13:03

Txantxarik, Altsasuko udal ludotekak, egoitza berria Intxostiapunta eraikineko beheko solairuan du. Han dago Joxepi Markinez Arakama ludotekaria. 

Ikasturtea astelehenean hasi bazen ere, haur eta gurasoek egoitza joan den astean ezagutzeko aukera izan zuten.

1. Zer da ludoteka bat? 
Jolasteko toki bat da. Ludoteka baten helburua jolasa da. 

2. Zertarako balio du?
Jolasen bidez ikasten dugu, esperimentatu egiten dugu. Harremanak sortzen dira, pertsona berriak ezagutzen ditugu. Haurrak sozializatzeko modu bat ere bada. Hemen ikastetxe guztietako haurrak elkartzen dira. Ludotekan mundua zabaltzen zaie, beste haur batzuk ezagutzen dituzte. 

3. 29. urteurrena bete duzue. Denbora horretan haurrak aldatu dira? Edo behar eta nahiak berak dira?
Aldatu egin dira, gizartea ere aldatu da. Guk ludotekaren hasierako esentzia hura pixka bat mantendu nahi dugu. Oraingoz ez ditugu sartu ordenagailuak eta horrelako gauzak, gizartearekin batera doazenak. Jolasa mantentzen dugu: sinbolikoa, mahai jolasak, talde jolasak… betikoak. Horiek mantentzen ditugu uste dugulako galtzen ari direla. Digitalizazioaz inguratuta bizi dira eta batzuetan kostatu egiten da; txikiekin ez hainbeste, oso gustura. Baina, gero, handiagoak eskatzen hasten dira, edo beraiek etortzen dira telefono mugikorrekin. Ohartarazten ditugu. Batzuetan gauzak egiten ditugu. Hori lantzeko badute aukera pila eta badakite nola egin. Hemen beste hainbat gauza eskaintzen ditugu. 

4. Bertan ikasitakoarekin zailago izanen dute esatea: aita, ama, aspertzen naiz!
Hori da. 

5. "Dugu" esan duzu. Ez zaude bakarrik ludotekan?
Ez, Bidatz Razkinek eta biok lan egiten dugu. Bidatzek hiru urte daramatza eta oso gustura gaude biok haurren artean. 

6. Zergatik aldatu zarete tokiz?
Ia-ia hasieratik nago ludotekan eta beti ikusi ditut Garbitoki eraikinean hainbat gabezia. Esate baterako, segurtasun falta. Gartzia Ximenez kaleko bidegurutzean, sarrera oso arriskutsua zen. Sartzerakoan eta ateratzerakoan haur pila biltzen ziren. Beti jakinarazi diet udal guztiei. Bestalde, komunak ludotekatik kanpo zeuden, pasabide bat zegoen eta horrek ere arrisku egoerak sortzen zituen. Kontrol handia egin behar genuen. Lehen solairuan zegoen, eta nahiz eta igogailua izan, ludoteka hobeto dago beheko solairuan kokatuta. Gainera, patioa ondoan dugu. Beste eraikinak bazituen gabezia batzuk eta, horregatik, behin baino gehiagotan eskatu dut tokiz aldatzeko. 

7. Mustutzeko ate irekien jardunaldia, merendua eta magia saioa antolatu dituzue. Jendeak zer esan du ludoteka berriaz?
Jende dezente etorri zen. Denetarik dago. Batzuek nostalgia dute, beste batzuei gustatu zaie, hau beharbada txikiagoa dela… Guztien lehen inpresioa ona da, gehienei gustatu zaie. Hainbatek esan dute askoz hobeto dagoela tokia, sarreragatik edota komuna barruan dagoelako. Hori ere baloratzen dute.

8. Izena eman dute? 
Bai, jada ia-ia  beteta daude taldeak. 8 eta 12 urtekoen taldeak falta dira osatzeko. Baina horiek, normalean, beranduago etortzen dira, azaroa aldera, eguraldi ona bukatzean. Ia saio gehienak beteta ditugu eta itxaron zerrendan daude batzuk. 

9. Goian duzue gazte txokoa. Harremanak sor daitezke?
Eraikin honek gaztetxokoarekin eta musika eta dantza eskolarekin sinergiak sortzeko aukera eskaintzen du. Gainera, Mila Kolore elkarteak ere badauka bere txokoa. Badaukagu udal zerbitzuen arteko harremana eta proiektu asko dauzkagu. Jendea oso prest dago gauzak elkarrekin egiteko eta hori da gure asmoa, hori sustatzea. 

10. Elkarlana, beraz?
Hori da gure asmoa behintzat. Proiektu puntualetan. Bestela, esaterako, gaztetxokoak sukaldea du eta han sukalde tailerra egiteko gora igo daiteke. Garbitokin zegoen eszenatokia jarri dugu hemen eta musika eskolakoek esan zuten beharbada ikasleak instrumentuekin ludotekara jaitsi zitezkeela. Halakoen inguruan hizketan hasi gara.

11. Patio bat eta kirol pista bat duzue aldamenean. Baduzue erabiltzeko asmorik?
Patioa hemen bertan egonda, aukera pila ditugu eguraldi ona dagoenean. Garbitoki eraikinetik ateratzeko errepidea pasa, bidea oinez egin… Handiekin ongi, baina txikiekin, saio motzak dira, eta joaterako bueltatu beharra zegoen.   

12. Garbitokin solairu bat hutsik gelditu da. Badakizu udalak zertarako erabiliko duen? 
Ez dute esan. Handik gauzak ekartzeaz ez dugu bukatu. Gauza guztiak ekartzen ditugunean hutsik geldituko da.