Futbola

Altsasu B-k ezin izan zuen liderra mendean hartu

Guaixe 2022ko urr. 18a, 09:30

Erregional maila. Laugarren kategoria. Bosgarren jardunaldia: Altsasu B 2 – Arrotxapea B 3

Arrotxapea B taldeak bere lidergoa sendotu du larunbatean Altsasu B taldearen kontra Dantzalekun jokatutako partidan 2 eta 3 gailendu ondoren. Partida berehala hankaz gora jarri zitzaion Altsasuri, bosgarren minuturako Arrotxapea aurreratu baitzen, eta atsedenaldira joan baino lehen bigarrena sartu baitzuten. Baina altsasuarrek ez zuten etsi eta bigarren zatia hasi eta berehala Julen Floresek gorritxoen lehen gola sartu zuen, Altsasuri partidan sartzea ahalbidetu ziona. Dena den, pozak gutxi iraun zuen 60. minutuan Arrotxapeak hirugarrena sartu zelako. 

Altsasu B distantziak laburtzen saiatu zen eta egindako lanak fruitua izan zuen, atzera ere Julen Floresek liderraren atea zulatu zuelako. 2 eta 3. Partidari buelta ematea, hori zen altsasuarren nahia eta modu guztietara saiatu ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta hiru puntuak liderrarendako izan ziren. 

Arrotxapea B liderrak 15 puntu ditu eta Altsasu zortzigarren postura jaitsi da (7 puntu). Asteburuan seigarren jardunaldia dago jokoan eta sailkapenean hamargarren postuan dagoen Amayaren kontra jokatuko du Altsasu B taldeak, Iruñean.