Protagonistak liburuak dira

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko urr. 18a, 11:02

VI. Nafarroako Edizioaren Azoka Altsasuko ferietan, Zubeztia plazan.

VI. Nafarroako Edizioaren Azoka izan zen igandean, Altsasuko ferietan, Zubeztia plazan. Editargi elkarteak sortu zuen azoka, besteak beste, Nafarroako argitaletxeen lanak jendearen "etxeetara" iristeko.

Editargi 1992. urtean sortu zen, baina beste izen batekin. "Nafarroako zenbait argitaletxe, Mintzoa, Txalaparta, Pamiela eta Igela, bildu ziren elkarte bat bultzatzeko asmoz, baina urtez geldirik egon zen", azaldu du Aritz Otazu Editargiko presidenteak. Beste garai batzuk ziren. Duela sei urte Txalapartak eta Mintzoak gai hori ere berriz ere bultzatzeko elkartu ziren, eta Nafarroako argitaletxeak ez zirela ezagutzen ondorioztatu zuten. "Jendeak ezagutzen ditu betiko liburuak eta argitaletxeak, erakusleihoetan ikusten dituzunak, baina Nafarroakoak ezezagunak ziren herritarrentzat".

Nafarroako argitaletxeak ezagutarazteko eta bultzatzeko zerbait egitea pentsatu zuten, "eta bururatu zitzaigun lehenengo ideia feria bat antolatzea izan zen, azoka bat". Argitaletxe gehiago sartu ziren elkartean eta gaur egun hamahiru dira. Iruñeko Geltokin hasi ziren, Sarasate Pasealekura lekualdatu ziren eta handik Nafarrora zabaldu dute liburu azoka. Igandean, Altsasuko ferietan, Zubeztia plazan, VI. Nafarroako Edizioaren Azoka izan zen. Liburuak begiratzeko eta erosteko aukera ez ezik, Castillo Suarezek eta Morkotsek Mel eta ehun goibel ipuina aurkeztu zuten eta Izaskun Etxeberriak Esaten ez den guztia liburua aurkeztu zuen.


Izaskun Etxeberria, eskuinean, Edizioaren Azokan 'Esaten ez den guztia' liburuaren aurkezpena egiten. UTZITAKOA

Nafarroako "argitaletxe independente guztiak" biltzen dira Editargiko azokan eta ferietatik 20.000 lagun inguru pasatzen direla esan du Otazuk. "Pixkanaka lortu nahi duguna da ez bakarrik azokak egitea, baizik eta pixkanaka liburutegietan eta udaletxeetan gure liburuak aurkeztea; Nafarroako argitaletxeetan kalitatea badago eta denetarik dago: politika, gizarte liburuak, historia...". Azokaren lehenengo xedea, beraz, argitaletxeen katalogoa erakustea da.

"Guk bakarrik Iruñean egiten genuen Edizioaren Azoka, hamahiru gara, txikiak, eta ez gara dirudunak. Orduan, Nafarroako Gobernuarekin hitz egitea lortu genuen eta esan genion ikusten genuela Amazon eta horrelako plataformek dituzten baliabideak guk ez ditugula, eta zer lortu behar dugu? Pertsonen etxeetara iristea. Nola? Herrietan azokak egiten". Orduan hasi ziren Nafarroako Edizioaren Azoka herrietan egiten: Tafallan, Zangozan, Lizarran eta abar egon dira, eta igandean Altsasun egonen dira.

Feria
Zein da xedea? "Jendearengana iristea eta gutxienez liburuak ikusteko aitzakia ez egotea; hemen dituzu liburuak, eta liburuak gustuko badituzu, hemen daude". Jendearen etxetara iritsi nahi dute, "eta lortzen duguna da lortzen ari garena, azkenengo ferietan bostehun liburu saltzea". Azokagatik ez balitz pertsona horiek, seguruenik, ez zituzten liburu horiek erosiko. Nafarroako argitaletxeak ezagutaraztea, liburuak jendearengana eramatea eta jendeak "kultura" erostea nahi dute, beraz, azokarekin.

Nafarroatik ateratzen diren lehenengo urtea denez, azokaren egitura "sinpleena" egin dute: "Bederatzi argitaletxe egonen dira mahaietan banatuta, eta orduan mahaiak eta karpak egongo dira. Aurkezpen karpa bat ere egongo da, non liburuen aurkezpenak egingo diren". Egun horretan feriak direnez, "ferian ere liburuak egotea" nahi dute; "azkenean, protagonistak liburuak izatea".


VI. Nafarroako Edizioaren Azoka Altsasuko ferietan, Zubeztia plazan. 

Edizioaren Azokan aurki daitekeenaren ideia bat egiteko, Mintzoak, Otazu buru den argitaletxeak, 40 urtetan 600 bat liburu publikatu ditu, eta azokara, gutxi gorabehera, azken bost urtetan egin dituztenak eramaten dituzte. Txalapartak, Pamielak, Denonarteak eta abarrek antzeko egiten dute. "Azokaren beste xedeetako bat ere bada egin ditugun liburuei tartea ematea; gure katalogoa erakustea. Izan daiteke lekuagatik edo liburu hori dagoeneko paperezko katalogoan ez agertzea, eta ferietan jendeak ikusten ditu eta galdetzen du: oraindik liburu hau duzue? Bada, bai. Webgunean egon daiteke, baina badago jendea liburua ikustea gustatzen zaiola". Azoka amaituta stand bakoitzak zenbat liburu saldu dituen jasotzen dute, kalkuluak egiteko eta "gauza" nola doan ikusteko.

"Jendeak asko galdetzen du. Lehenengo urte honetan jendea etortzen da eta agian ez da ezta enteratu ere feria bat dagoela. Hori ere bada helburu bat, ez da bakarrik gure argitaletxeak erakustea, baizik eta jendeak liburuak kuxkuxeatzea...". Kultura egitea. "Liburuak ez badituzte erosten, gutxienez ikustea Nafarroan badirela argitaletxe potenteak, potenteak kalitatean; kalitate ona dagoela".

Azokan erakutsiko eta salduko dituzten liburuetan ere hizkuntza aniztasuna izango da, hau da, gaztelaniazko eta euskarazko liburuak egongo dira. "Euskaraz gutxiago. Politika programa desberdin bat bultzatu behar dugu: ez da bakarrik euskaraz argitaratzea. Dirulaguntzak egon behar dira eta gure lana bultzatu behar dira, baina lortu behar dugu jendeak liburu horiek erostea". Horretan dabiltza Editargikoek. "Nahi duguna da ez bakarrik liburuak euskaraz, baizik eta argitaratu eta horiek jendearen etxeetara iristea. Ez da bakarrik artitaratzea argitaratzeagatik". Elkartearen helburua hizkuntza desberdineta argitaratzea da, "kasu honetan gaztelaniaz eta euskaraz", baina batez ere euskara etxeetara iristea lortzea.

"Kulturaren munduan gabiltzanok betiko krisi batean gaudela". Gobernuetako aurrekontuetan kulturarentzat "txanpon batzuk" baino ez dituztela uzten kritikatu du Otazuk. "Ez diote ematen eman beharreko garrantzia". Covid-aren ondoren liburuen salmenta jaitsi dela esan du. Momentu txarra dela aitortu du, besteak beste, paperaren eta "denaren" prezioak igotzen ari direlako.

Erlazionatuak

Feria eguna Altsasun

Guaixe 2022 urr 17 Altsasu