Mel inuitaren istorioa kontatzen du Mel eta ehun goibel Castillo Suarez idazle eta Jose Mari Morcillo Morkots ilustratzaile altsasuarren azken lanak. Urriaren 16an, Altsasuko ferietan antolatu zuten Nafarroako Edizioaren Azokaren barruan, liburua aurkeztu zuten, eta dagoeneko liburu dendetan salgai dago.
Castillo Suarez eta Jose Mari 'Morkots' berriz ere elkarrekin lanean.
Castillo: Bada, bai. Nik uste beti esaten dugula: bueno, hau azkena izango da. Baina gero hain ongi pasatzen dugu, segitzen dugula.
Jose Mari: Hala da, bai.
Nork jotzen du noren atea?
J.M.: Castillok nire atea jotzen du. Berak beti dauka materiala, beti dauka ideiaren bat edo proposamen bat.
Zenbat denbora eman duzue 'Mel eta ehun goibel' liburua egiten?
"Denonartean argitaletxeak ipuina hartu eta formatu propio bat sortzen du" SUAREZ
C.: Testua pandemia garaikoa da eta Denonartean argitaletxeak galdetu zidanean ea zerbait neukan argitaratzeko modukoa, hartu zuen. Ikastolen elkarteak, Ikaselkarrek, makinen inguruko ipuin bat eskatu zidan, eta bi egin nituen: Loinatzen loa eta Men eta ehun goibel. Denbora baneukanez... Bi gauza oso desberdinak dira. Ikaselkarrek bestea aukeratu zuen eta hau gelditu zen hor. Denbora handi bat eman zuen pre-maketa egiten eta erabakitzen non jarri behar ziren marrazkiak eta non testuak. Denonartean argitaletxeak badauka ezaugarri berezi bat eta da ez daukala bildumarik. Beste zenbait argitaletxek, Elkarrek, Ereinek eta abarrek, badituzte bildumak; Auskalo, Batela eta horrelakoak, eta orduan badakite bilduma horretako liburuek zenbat orrialde dituzten, zer formatu duten... Baina argitaletxe honek daukan berezitasuna da ipuina hartu eta propio sortzen dutela formatu bat.
Aurretik elkarlanean aritu zarete, laugarrena da, nola aukeratzen duzu nork egingo dituen ilustrazioak?
C.: Argitaletxea izan baino lehen ipuina Jose Mariri pasa nion eta berak Melen diseinu bat egin zuen. Garbi neukan zein ezaugarri fisiko izango zituen. Mel inuita da, eta orduan txikitxoa da, borobila, betileak oso nabarmenak ditu, begiak oso txikiak eta ez nuen neska edo mutila izatea nahi.
J. M.: Marrazterakoan ez nuen mutikoa edo neska egin; Mel da.
C.: Antropologo batek, Aizpea Leizaolak, esan zigun Mel ez dela inuiten izen bat. Hainbeste kontsonante dituela inuiten izenak eta abar. Oso zorrotza da. Garbi geneukan Mel eta ehun goibel izango zela izena.
Nolakoa da ilustratzailearen prozesua?
"Garrantzitsuena da lehenengo irakurketa; zer irudi datozkizun" 'MORKOTS'
J. M.: Garrantzitsuenetarikoa da ipuina lehendabiziko aldiz irakurtzen duzun momentua: ea zer esaten dizun edo zer irudi datozkizun burura. Momenturik inportanteena dela uste dut. Hortik tiratzen joatean zara eta zenbait argazki eta abar hartzen dituzu, giroan sartzeko. Hotza sentitzen saiatzen zara... puntu horretan sartzen.
Idazlea aurretik ezagutzeak eragina du?
"Castillorekin lan egitean nahi dudana egiteko askatasun osoa dut" 'MORKOTS'
J.M.: Inportantea da, batez ere badakidalako Castillorekin askatasun osoa dudala nahi dudana egiteko. Hala izaten da normalean. Testua ematen dit, eta normalean itxita izaten du testua. Bidaltzen dizkiodan marrazkiak gustukoak izaten ditu. Ni berarekin aske sentitzen naiz. Borroka handiena nirekin da, zer marrazki egin behar dudan eta abar. Onerako eragiten dit ezagutzeak, lana errazten dit. Beste lan batzuekin agian egilearekin eztabaida gehiago izaten dira, baina ez da kasua.
C.: Nik uste alor horretan jatorra naizela. Nik denborarekin estutzen dut. Oso marrazkilari ona da, hori da.
Zer teknika erabiltzen duzu?
J.M.: Paperean bozeto batzuk egiten ditut eta gero digitalki margotzen ditut. Kasu honetan horrela egin dut, ordenagailuan koloreztatu dut. Desberdintasuna da ordenagailuan margotzerakoan baliabide gehiago dit zula. Koloreak aldatzeko eta abar. Azkarrago egiten duzu. Egia da eskuz koloreztatutako lanek beste xarma bat dutela, xarma berezia, baina prozesua desberdina da eta ordenagailuan azkarrago egiten da. Gaur egun egiten den edozer gauzarekin gertatzen den bezala.
Horrelako liburuetan ilustrazioek asko esaten dute, ezta?
C.: Bai, album ilustratu bat da eta ilustrazioak eta testua osagarriak dira.
J.M.: Aldi berean informazio berdina eta desberdina ematen dute. Esaldi baten informazioa marrazkiarekin osatu daiteke.
'Mel eta ehun goibel'. Nondik dator?
C.: Izena erdi lapurtuta dago. Badut lagun bat, Joseba Atondo, baztandarra da, eta bere amatxik kontatu zion bazegoela emakume bat bortzeun goibel deitzen zena. Oso emakume berezia zen. Galdetu nion ea utziko zidan izen hori ipuin baterako, eta beste ehun goibel existitzen zenez, ehun goibel deitzea erabaki nuen. Horrekin errima egiten duen izen bat bilatu nuen, eta Mel izen polita iruditu zitzaidan, nahiz eta inuiten izen bat ez izan.
Zer kontatzen du ipuinak?
C.: Mel iglu batean bizi da, elurartean eta bakarrik sentitzen da bere herriko haur bakarra delako. Nahiko giro aspergarrian bizi da. Goibelak lainoak dira eta orduan Mel eta ehun goibel deitzen dute, Meli iruditzen zaiolako bere herrian dagoen eguraldi txar hori bere errua dela, nolabait esateko. Hori alde batetik. Beste alde batetik han bizitzaren gauza asko ez ditu inoiz ikusi; liburuak ez du esaten, baina bere herrian ez dauka telebistarik, ez ezer ikusteko makinarik. Egun batean, elur erauntsi baten ondoren, handik joatea erabakitzen du, eta esaten du: "ni joaten banaiz goibel guztiak nire atzetik etorriko dira eta nire herrian eguraldi hobea egongo da". Orduan, eguraldi hobea egiten duen lur batera joaten da, toki epel batera, eta ez dugu gehiago kontatuko, baina ezagutzen ez zituen gauzak ezagutuko ditu.