Iortia Kultur Guneak Naiara eta Maddi Urkijo ahizpen txalaparta doinuekin hartu zituen Euskal Mendi Federazioak eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak elkarrekin antolatutako 26. Euskal Mendizaletasunaren Galara hurbildu ziren gonbidatuak. Gala prestatzeko Altsasuko Mendigoizaleak eta Dantzaleku Sakana klubek egindako "lan eder eta ordainezina bihotzez" eskertu zuten bi federazioetako presidenteek, Zigor Egiak eta Martin Montañesek. Iortiako gela nagusia betea zela, Leire Mateosek eta Aitziber Gradosek aurkeztu zuten gala, eta Altsasuko alkate Javier Ollok ongi etorria eman zien guztiei.
Mendigoizaleen Eguna, elkarrekin
Bi federazioek elkarrekin lan egiteko hautua egin dute. Astebete lehenago Euskal Erdigunera Martxan, Beriainen, Euskal Herriko Mendi Biltzarra aurkeztu zuten, elkarrekin lan egiteko sortu duten organo iraunkor berria. “Orain organo horrek zein marko juridiko edo zuzenbide esparru izango duen aztertzen ari gara” azaldu zuen Zigor Egiak. 2024an Federación Vasco Navarra de Alpinismo sortu zela 100 urte beteko direla azaldu zuen, eta urte horretarako makina bat ekitaldi antolatzen ari direla nabarmendu zuen. Martin Montañesek gogoratu zuen 1924an Elgetan sortutako federazioa bakarra zela, baina 1987an banatu zutela, Autonomien Estatua aplikatu zutenean, eta bi federazioek elkarlanean aritzeko hartutako erabakiarekin jatorrira itzuli nahi dutela. “Bi federazioak sintonia eta bide berean gaude” nabarmendu zuen. Halaber, aurten abenduaren 18an Aralarko San Migelen izango den Mendigoizaleen Eguna elkarrekin antolatuko dutela gaineratu zuen.
Txumarra gogoan
Euskal Mendizale Federazioak urteko sariak banatu zituen segidan, eta omenaldien tartea iritsi zen. Lehen omendua 40 urte baino gehiagotan Anaitasunako mendi ataleko arduradun izan zen Jesus Mari Garisoain Goñi Txumarra ezaguna izan zen. Martin Montañesek hitz ederrak izan zituen otsailean zendu zen mendizalearendako. “Txumarra mendizaletasunari lotutako proiektu handi eta ederren arima izan zen” nabarmendu zuen Montañesek. Pirinioetako Zeharkaldia izan zen bere obra nagusietako bat, aurkezleek nabarmendu zuten bezala. Bere omenez bideo bat eskaini zen, duela 20 urte grabatutakoa, berak antolatutako Pirinioetako Zeharkaldiko 15. urteurrenarena, hain zuzen ere.
Aranburu eta Larrea
Erkudengo Ama abesbatzak bi kantu eder eskaini eta gero, bi sakandarrek aitortza jaso zuten. Lehena 2016an Alpe frantziarretan Écrins eskalatzen ari zela zendutako Axio Aranburu Zurutuza alpinista eta eskalatzaile altsasuarra izan zen. "Gorenean zaude" nabarmendu zuten aurkezleek, Aitziber bere ahizpak eta ilobak Alex Txikonen eskutik oroigarria jasotzen zutela. Bigarrena Joxemi Larrea izan zen, mendizalea eta Altsasuko Suhiltzaileen parkeko sarjentua izan zena, erreskateetan bere laguntza emateko beti prestu. Txalo zaparrada jaso zuten biek.
Tarima Beltzak garai bateko mendizaleen irteera baten parodia egin zuen. Segidan, Pyrenaica aldizkariko zuzendari Iban Ruizek aldizkariaren sariak aurkeztu zituen eta saritu guztiek oroigarria jaso zuten. Dantzarima taldeak eskainitako dantza ikusgarriaren ondoren, eguneko protagonistak oholtzara igo eta Altsasuko txistularien doinuei jarraiki, dantzariek agurra eta aurreskua eskaini zieten. Ekitaldia ixteko Erkudengo Ama abesbatzak Agur Jaunak kantatu zien bildutakoei, bati baino gehiagori malkoak erortzen zitzaizkiola. Euskal Mendizaletasunaren Gala behar bezala despeditzeko, 120 lagun afaltzera bildu ziren Zubeztia elkartean.
Partaide guztiei esker ona
Altsasuko Mendigoizaleak taldetik eskerrik berezienak eman nahi dizkiete galan parte hartu duten kultur eragile guztiei, aurkezleei, Iortiako teknikari eta langileei, eta bestelako antolakuntza lanak egin dituztenei. "Guzti, guztiei, milesker horren gala polita prestatzen parte hartzeagatik" nabarmendu dute.