Euskal Herriko Pintxo Txapelketa Bilbon jokatu zen hialren 14tik 16ra. Banatutako sarietako bat 2022ko Pintxo Taberna Onenarena izan da, Iruñeko Estafeta kalean dagoen Bodegon Sarriak jaso duena. Antolakuntzak sari horren bidez Euskal Herriko ″gastronomiaren elementu bereizgarri eta identifikatzaile gisa pintxo-barren ahalegina eta esentzia, dinamismoa eta sormena hobekien ordezkatzen dituen establezimenduari ematen zaion errekonozimendua da″. Epaileen iritziz, Bodegon Sarriak baldintza horiek betetzeaz aparte, ″ostalaritzan sukaldaritza tradizioaren erreferentea da, eta lehen mailako turismo erakargarria″.
Julian eta Arantza Galarza Lezeak jaso zuten saria hilaren 16. Biek ere sariagatik esker ona adierazi zuten. Esker ona azaldu zioten 13 kideko lantaldeari ere. ″Gurasoei aitortza. Haiek gabe ez geundeke hemen″, esan zuen Julianek. Izan ere, 54 urte aritu ziren ostalaritzan lanean. Arantzak gaineratu zuenez, ″zuengandik sari hau jasotzea guretako ohorea da″.
Ibilbidea
Ostalaritza tradizio luzeko familia da Galarza Lezea. 1968tik Altsasun hainbat ostalaritza establezimendu kudeatu ondoren, Iruñera salto egin zuten 1986an eta Alde Zaharreko Señorio de Sarria tabernaren jabe egin ziren, eta izen berriarekin zabaldu zuten, Bodegon Sarria. Erdisoto batean kokatuta, toki berean postetxea egon zen, gerora kaleari izena emanen ziona, Estafeta.
Cristobal eta Mª Cruz bikotea hasi zen han lanean, beti Nafarroako gastronomia tradizionalaren aldeko apustua eginez, produktuaren sinpletasunaren, kalitatearen eta eskaintzan oinarrituta. Haien eskaintzan pintxoa aparteko tokia izan du beti. Nafarroako gastronomia kazolatxo formatuan, pintxo barra ikusgarria, upategi oso zabala eta urdaiazpiko iberiko eskaintza bereizten du Iruñean Bodegon Sarria.
Gurasoei lekukoa seme-alabek hartu zieten, urteekin haien eskaintza garatzen joan direlarik. Gaur egun barran eskaintzen dituzten 20 pintxoak urteetan harrera onena izan dutenak dira. Berritzen segitzen dute. Gainera, 25 pintxoz osatutako karta bat dute, momentuan prestatzen dituztenak.