Saskibaloia

CBASK-eko taldeak martxan

Guaixe 2022ko urr. 21a, 10:30

Bigarren maila Autonomikoan CBASK-ek lider hasi du denboraldia. ARTXIBOA

Abian da 2022/2023 saskibaloi denboraldia

Urriaren bigarren asteburuan Espainiako Saskibaloi Federazioak eta Nafarroako Saskibaloi Federazioak antolatutako 2022/2023 denboraldiko txapelketak hasi ziren, eta Altsasuko CBASK taldeak denboraldi berrian murgilduta daude bete betean. 

Narum CBASK, liderra
Errioxako eta Nafarroako zenbait taldek jokatzen duten Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan dabilen Narum CBASK taldeak lider ekin dio denboraldiari, lehendabiziko bi jardunaldietan garaipen sendoak lortu eta gero. Deam Clavijori 66 eta 82 irabazi zion, eta Loyolari 73 eta 46. Horrela, altsasuarrak liderrak dira (4 puntu), bigarren den ENERparking Basket Navarra taldearekin puntutara berdinduta. 

Larunbatean Berriozarren jokatuko du Narum CBASK-ek, aspaldiko ezaguna den Humiclima taldearen kontra, 17:20ean. Joan zen denboraldian Lauko Finala jokatzeko atarian geratu zen CBASK, hain zuzen ere Humiclimaren kontra galdu eta gero. 

CBASK IFUEL, seniorrak txukun
Gizonezkoen Bigarren Senior Autonomikoan jokatzen duen CBASK IFUEL-ek txukun ekin dio denboraldi berriari. Lehen partidan Mendillorriren kontra 79 eta 58 galdu zuten altsasuarrek, baina asteburuan jokatutako partidan garaipen polita lortu zuten, 53 eta 45, CB Noain taldearen kontra. 

Sailkapenean Navasket SM`new taldea da lider (4 puntu) eta CBASK IFUEL zortzigarren da (3 puntu). Larunbatean, 16:00etan, CBASK IFUEL-ek Berriozar taldea hartuko du Zelandin.

Senior emakumezkoen itzulera
Aspaldiko partez, Altsasuko CBASK saskibaloi klubak emakumezkoen senior taldea izango du. Lehen jardunaldian bikain aritu ziren CBASK-Xabi Gorriz Tattoos taldeko Altsasuko neskak, eta 64 eta 51 irabazi zioten San Ignaciori. Asteburuan, aldiz, Larraona Clareten kontra 52 eta 32 galdu zuten. Sailkapenean Burlata A da liderra (4 puntu) eta CBASK-Xabi Gorriz Tattoos seigarren postuan dago (3 puntu).

Larunbatean Altsasuko taldeak etxean jokatuko du bigarrenez. Universidad de Navarra taldea hartuko dute, 18:00etan hasiko den partidan.