LOMCE Hezkuntza legeak nahikoa eztabaida piztu zuen. Orain LOMLOE dago indarrean. Eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Hezkuntza Plana lantzen ari dira. Ikasle Abertzaleak-ek erreformekin aldaketak nabari izan ditu eta Jokin Bereziartu Aiestaranek esan duenez, horregatik, deitu ditu ikasleak grebara. Urriaren 27an, ostegunean, izanen da greba, ikasturtea "piztuta" hasteko. Iruñeko Sarasate pasealekutik, 12:00etan, manifestazioa abiatuko dute.
Ikastetxeetan nola islatzen da hori guztia? Nabaritzen duzue?
Guk hiru puntu ikusi ditugu. Lehendabizikoa Hezkuntzaren desegitea. Eduki asko galdu du Hezkuntzak azken urteetan. Ikasleek benetan ikas dezaten ikaskuntza erreala, kritikoa alde batera utzi da. Esaterako, Filosofia ikasgaia kendu dute. Hezkuntza zentratu da gehienbat ikasteko moduan eta memorizazioan eta abar. Ikasturtean lantzen den eduki hori ez da nahikoa ikasturtea aurrera ateratzeko, eta kurtsoa aprobatzeko klase partikularrak dira tresna.
Hori guztia testuinguruan kokatzen duzue?
Hezkuntzak sistema kapitalistaren baitan betetzen duen funtzioa da etorkizuneko langileria prestatzea gerora izanen dituen baldintza horietarako. Testuinguru ilun eta kaxkar honetan miseria egoera baterako prestatzera eta kritikarako gaitasuna guztiz galtzea. Bakarrik azterketa baterako memorizatzera prestatu, eta bi hilabete barru gauza bera, eta abar. Miseria egoera hori barneratuta izatea eta ez izatea kritikoa egoerarekin.
Hezkuntzan ofentsiba kapitalista baten testuinguruan kokatzen duzue hau guztia, ezta?
Hala da, bai. Testuinguru zail honetan Hezkuntzan esku hartzea izaten ari da, esaterako, enpresena guztiz salatzen dugu. EAEn Googlerekin eta Microsoft enpresekin sinatu dira akordioak. Enpresei Hezkuntzaren parte sentitzea interesatzen zaie, ikusten dutelako etorkizuneko langileengan, egungo ikasleak, eragin dezaketela. Digitalizazio inbertsio horiekin, esaterako, lortzen dute espezializatutako ikasle batzuk lan mundura bideratzea. Edo prezioen igoera. Geroz eta zailagoa dela familia askorendako ikasturte bat aurrera eramatea bai Bigarren Hezkuntzan, bai unibertsitatean. Hezkuntza oso erlazionatuta dago familia bakoitzak dituen ekonomia gaitasunekin. Horiek oso modu bortitz batean eragiten dutela errendimendu akademikoan; geroz eta ekonomia gaitasun txikiagoak izan, orduan eta zailtasun gehiago ikasturte bat ateratzeko, irakasle pertsonalak
Ikasle Abertzaleak-ek zer-nolako hezkuntza sistema nahiko luke?
Hezkuntza sistema sozialista bat aldarrikatzen dugu; doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala. Benetan ikasle langileen mesedetara edo interesetara zuzenduta egongo den Hezkuntza. Eta ez enpresa handietara zuzendutakoa, zeinetan enpresa helburua litzatekeen etorkizun beltz horretarako heziko liratekeen langileak. Hau da, miseria egoera batera prestatzea eta asimilatzea.
Zergatik deitu dituzte grebara ikasleak?
Hezkuntza egoera oso zailean ikusten dugu. Erreformak proposatzen dira, baina ikasleriaren interesen alde egitetik urrun daude. Ikasleriak erreforma horiei planto egitea proposatzen dugu. Gure interesetara egonen den Hezkuntza baten alde egitera deitzen dugu, eta gaurdanik proposamena eraikitzen hastera. Horregatik, ahal den heinean, mobilizatzeko deia egin dugu.
Nola islatuko da greba hori Sakanan?
Saiatuko gara hemen ditugun ikastetxeetan ahalik eta ikasle gehienek grebarekin bat egiten saiatuko gara. Iruñeko manifestaziora joateko autobusa antolatu dugu. Ohiko bideen bidez eman daiteke izena.