Altsasuko Ferietan ganadu azoka, nekazal produktuen eta artisau azoka eta, duela hamaika urte, Arte azoka daude, besteak beste. Ostiralean Iortia kultur gunea artisten eta herritarren arteko topaleku bihurtu zen, Sakanako sortzaileen erakusketa kolektiboaren mustutze ekitaldian. DJ Txenek irekiera girotu zuen, eta artistek haien lanak azaltzeko aukera izan zuten. Izenak dioen bezala, eta dagoneko ohitura bihurtu den bezala, igandean artelanak kalera atera zituzten eta azoka egin zuten. Arteazoka urriaren 30era arte zabalik egonen da.
Artistak
Guztira, 24 artista sakandarrek osatu dute 2022ko arteazoka: Adela Sánchez, Ana Goikoetxea Salazar, Angel Antonio Agirre, Argine Berastegi, Beatriz de la Vega, Helena Santano Cid, Jesús Miguel Amoztegi, Itziar Nazabal, Joseba Salegi, Josetxo Crespo, Joxean Maiza, Jesús Mari Olmos, Maite Miguel Zufiaurre, Marijostai, Patricia Paats, Rosa Arnanz Zufiaurre, Susana Anguiano, Sagri Mauleon Ezkutari, Arturo Arrizabalaga, Txali Poyo, Esti Garcia, Isaac Landa, Irantzu Garcia eta Cristina Fernández. Gainera, ohikoa denez, artista gonbidatuak izan dira ere: Isabel Sánchez, Asun del Pozo, Cabeza de Artista, Zorione Méndez Martín, Asún Requena, Ana Martínez de Eulate eta Estibalitz Álvarez.
Arteazoka Artebide elkarteak sustatu zuen. Ideia, hain zuzen, Manolita Thunders Altsasuko artistarena izan zen. Sakanako artisten artean komentatzen zuten ferietan ganadu eta artisau azokak antolatzen ziren bezala, haiek ere azoka antolatu zezaketela azaldu zuen Helena Santano artistak. Bailaran artista asko zeuden, eta horiek erakusleiho bat behar zuten. Ideian sinisten zuten, eta mugitzen hasi ziren, duela hamaika urte, Iortia kultur gunearen erakusketa gelan gauzatu zuten arte.
Eskulturak, margoak, instalazioak, argazkiak... Artista bakoitzak pieza bat edo gehiago erakusten ditu, eta artelan bakoitzaren ondoan izenburua eta teknika aipatzen da. Badira Arteazokarako propio sortzen dituzten artistak, lehenengo urteetan ohikoagoa zena, eta badira aurretik egindako lanak aurkezten dituztenak ere. Dena dela, urtero erakusketa bat eta desberdina egiten dute. 2019an gai bat zehaztu zuten, eta "hausnarketa" egin behar zutela esan zuen Santanok, bide horretatik jarraitu behar zuten edo ez erabakitzeko.
Arteazokak herri mailako interes artistiko desberdinak biltzen ditu, eta, herritarren eta artearen arteko topaketa bihurtzen da ere. Herritarrek Sakana mailan sortzen den artea ikusteko aukera dute, "ondare kulturala" sortzen ari dira.