Altsasuko ferietako argazkilariak

Guaixe 2022ko urr. 24a, 11:14
Altsasuko ferietako 36. Argazki Rallyaren irabazleak. UTZITAKOA

36. urtez Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Altsasuko ferietako Argazki Rallya antolatu zuen igandean. Azokak bitartean argazkilariek bost gaietako irudiak hartu behar zituzten. Sari banaketa egunean bertan egin zuten.

Altsasu, Feriak, Sentimendua, Udazkena eta Beldurra. Altsasuko Mendigoizaleak antolatzen duten Altsasuko ferietako Argazki Rallyaren aurtengo edizioan argazkilariek bost gai horiek irudikatzeko argazkiak hartu behar izan zituzten igandean, feriaren egunean. Bi ordu inguru izan zituzten lana betetzeko. Behin argazkiak eginda, epaimahaiak irudiak aztertu zituen eta egunean bertan sari banaketa e gin zuten Gure Etxean. 2021. urtean egindako berrikuntza bat izan zen, izan ere, aurretik ekitaldia aurrerago egiten zuten. Aurreko esperientzia ona kontuan hartuta, eta aldaketa pare bat egin ondoren, sariak egunean bertan banatzea erabaki zuten. Ondoren, argazkilariak eta antolatzaileak bazkaltzera joan ziren.

Errepikatzeko
2020. urtean izan ezik, Altsasuko Mendigoizaleak 36. urtez antolatu du ferietako argazki rallya. Aurten 26 argazkilarik parte hartu dute, eta sailkapena, ohi bezala, Herriz herri deitutako txapelketarako baliagarria da. Abarzuzatik etorritako Carlos Mediavillak irabazi zuen Bilduma Onenaren saria, baita Altsasuko argazki onenaren saria ere. Bigarren Bilduma Onenaren saria Gasteiztik etorritako Idoia Alonsorendako izan zen, eta hirugarren saria Donostiako Jose Antonio Amusteguirendako. Bazkide Onenaren saria Fernando Moreno altsasuarrak irabazi zuen eta haurren mailan Bilduma Onenaren saria Aiala Dorronsoro altsasuarrak irabazi zuen, eta bigarrena Irune Negrerok irabazi zuen

Idoia Alonsok lehenengo aldiz parte hartu zuen Altsasuko ferietako Argazki Rallyan. "Niretako, argazkilaritza profesionalean hasten ari naizenez, sari hau izugarria izan da". Poz-pozik dagoela esan zuen gasteiztarrak. "Edizio honetan parte hartzea plazera izan da". Itzuliko dela aitortu zuen, "hurrengoan lehenengo saria lortzera". Hirugarren sariaren irabazleak, Jose Antonio Amusteguik esan zuenez, argazkilaritza zalea da, "eta afizio honengatik ilusio gehien egiten didana argazki rallyak dira". Altsasuko ferietakoa "klasiko" bat dela esan zuen. "Hemen irabazten dudan lehenengo saria da". Argazki rallyaren antolakuntzagatik antolatzaileak zoriondu nahi izan zituen, eta saria lagunekin "ospatuko" zuela esan zuen.

Fernando Moreno altsasuarra ez da argazki rallyan parte hartzen duen lehenengo aldia, eta datorren urtetarako erronkak jarri dizkio bere buruari ere: "Berritzea. Badira argazki batzuk oso ikusiak ditugula". Morenok gaueko argazkilaritza egiten du, eta berarendako erronka gai berrien inguruko argazkiak egitea izango zela esan zuen. "Datorren urterako berritzen saiatuko naiz". Argazki rallyan parte hartzen oso ongi pasa zuela gaineratu zuen.

Etorkizuna
Altsasuko ferietako Argazki Rallyan haurren kategoria ere badago, eta aurten bi argazkilari txiki aurkeztu ziren: Irune Negredo eta Aiala Dorronsoro altsasuarrak. Egindako lanagatik biek saria eraman zuten. Aiala Dorronsorok irabazi zuen lehenengo saria, eta argazki rallytik gehien gustatu zitzaiona argazkiak egiteko Altsasu "osotik" ibiltzea izan zela esan zuen; "gehien gustatzen zaidana argazkiak egitea delako". Oso pozik zegoen irabazitako trofeoarekin.

Irune Negredori gehien gustatu zitzaiona bere izebarekin argazkiak ateratzera joatea izan zen, eta poz-pozik zegoen parte hartzeagatik eta saria irabazteagatik.