Libe Garcia de Kortazarrek eta Jon Basagurenek osatzen dute Pasadena talde gasteizatarra, eta azaroaren 5ean, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean kontzertua emanen dute. Sakanako Berrialagunek, Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuarekin eta Altsasuko Udalarekin elkarlanean antolatu dute kultur ekimena, urtero egin bezala.
Sarrerak Iortia kultur gunearen webgunean eta txarteldegian eta Berria dendan eros daitezke: Berrialagunek aurretik 10 euro Berria dendan, egunean bertan 12 euro txarteldegian, Berrialagunak ez direnak aurretik 12 euro txarteldegian edo kultur guneko webgunean eta egunean bertan 14 euro. Sarreren dirua Berriarendako izanen da.
Pasadena sortu aurretik Libe Garcia de Kortazar Libe, Neubat eta Izaki Gardenak taldetan egona da. Jon Basaguren Izaki Gardenak taldean egon zen, eta bi musikariek urteak daramatzate kantuak osatzeko elkarri laguntzen. Baina aurreko urtean hastapenetik biona izango zen disko batean pentsatzen jarri ziren eta musika, hitzak eta ekoizpena beren esku hartu zuten, Danilo Forondaren gitarra elektrikoaren eta baxuaren moldaketekin eta Dani Arrizabalagaren bateriarekin. Emaitza Pasadenaren lehenengo diskoa izan zen. Urriaren 27an Zerua ireki abestia kaleratu zuten.
Ahots harmonia bikainak, instrumentazio aberats et dotorea eta haien ibilbideetako doinurik landueknak aurki daitezke proiektuan. Ilunabarreko rock eta folk ukitu dituen musika da. Musika aberastasun hori zuzenekoetara eramateko lau musikari batzen zaie proiektura: bateria, perkusioak, baxua, gitarra elektriko eta akustikoak, organoa, teklatua, ahots harmonikoak...