Amiantoaren biktimen aldeko pauso bat

Guaixe 2022ko aza. 2a, 14:02

Jose Manuel Bueno Perez eta Juan Manuel Paniagua Martin.

Eusko Legebiltzarrak 2011n lehen eskaera egin eta 11 urtera, hirugarren saioan, amiantoaren biktimei kalte ordaina emateko funtsa sortzea erabaki zuten Espainiako Gorteek lastailaren 5ean. Estatuko Aldizkari Ofizialean hilaren 23an argitaratu zen. Hasiera batean 25 milioi izango ditu funtsak. 

Duela 50 eta 60 urte jakina zen amiantoak minbizia sortzen zuela. Produktu harekin makina bat langilek lan egin zuen, ez musuko ezta inolako babesik gabe. Langile batzuek sudurrean hazkura sentitzen zuten, bakarren bat sudurretik odoletan egoten zen… Langileek ez zuten informaziorik. Haien kexei ez zieten kasurik egin. Eta orain kontuak. 

Jose Manuel Bueno Perez eta Juan Manuel Paniagua Martin Adavan, Nafarroako Amiantoaren Biktimen Laguntzarako eta Defentsarako Elkarteko presidentea eta idazkaria dira. Amiantoaren biktimei kalte ordaina emateko funtsa sortzea ″oso garrantzitsua da″ eta, horregatik, ″poza sentitzen″ dute, ″hasiera da, eman beharreko pausoa zen″. Izan ere, hainbat arrazoirengatik erabakiaren onarpena atzeratu egin da. Senatariek beraiek aitortu zuten 20 urteko atzerapenarekin onartu zutela legea. Hura aho batez onartzearen garrantzia ere aitortu dute Adavanekoek.

Buenok azaldu duenez, ″legearen izpiritua Europan dauden beste konpentsazio funts batzuen antzekoa da″.  Paniaguak jakinarazi duenez, ″Belgika, Frantzia eta Herbehereetan 1998tik daude indarrean konpentsazio funtsak. Ondoren, Ingalaterrak onartu zuen. Tristeki, Espainia, azkenetakoa. Europako bat bakarrik dugu atzetik″. 

Buenok azaldu duenez, ″orain hiru hilabete dituzte legearen araudia garatzeko. Kezka dugu tramite horretan legeari ‘gauzatxoak’ kenduko ote dizkioten; urardotuko duten eta Frantzian edo Belgikan dutenaren modukoa ez izatea″. Legea ″ahalik eta hobekien″ gelditzeko lan eginen dute orain Adavan moduko elkarteek. Eguberriak tartean daudenez, lau hilabete barru araudia onartua izatea espero dute. ″Senatari batzuen desira da heldu den urtean bakarren batek konpentsazio funts horretatik kobratzea″, azaldu du presidenteak. 

Kalte ordainez
Konpentsazioa eskuratu ahal izateko, Gizarte Segurantzak aitortu duen amiantoagatik sortutako gaixotasun profesionala izan behar da. Edo amiantoagatik sortutako gaixotasun arrunta. ″Gaixotasunen zerrenda dago, eta beste batzuk gaixotasun arrunt gisa sartzen ahaleginduko gara (pleura kaltzifikazioa, pleura gizentzea…). Ez dakit zergatik deitzen dieten gaixotasun onberak. Horrela, kalte ordainen bat jasotzeko aukera legoke″, azaldu du Buenok. Langintza zaila izanen dela aitortu du. 

Konpentsazio funtsa Gizarte Segurantzak kudeatuko du. ″Gobernuak horretarako Gizarte Segurantza bidez emanen duenak eta enpresariek jarriko duten diruak osatuko dute funtsa″, azaldu dute biek. ″Enpresei jarritako zigorrekin ere osatuko da funtsa. Baina ea nolakoak diren zigor horiek… Lan istripuen kasuan, sortu duten kalterako isun oso txikiak ordaintzen baitituzte enpresek″, esan du Paniaguak. 

Buenok argitu duenez, ″kaltea sortu duen enpresak ordaindu egin beharko luke. Baina konpentsazio funtsa, batez ere, desagertutako enpresen langileendako, han lan egindako autonomoendako edo senideren bat lantegian izan eta haren arropa garbitu zuten emakumezkoendako da; enpresa desagertu denez, ezin baitiote inori erreklamatu″. Paniaguak nabarmendu duenez, ″konpentsazio funtsak batez ere sekula enpresa batean lan egin ez duten etxeko andre asko hartuko ditu. Senar, bikote edo semeen arropak garbitu zituzten. Ez dute enpresan sekula lanik egin eta gaitza dute. Zeinek ordainduko die bestela? Horregatik ere pozten gara onartu izanaz″.  

Zergapetzea
Hala ere, badaude garai batean ekoizpen prozesuan amiantoa erabili eta gaur egun martxan dauden enpresak. ″Halakoetan konpentsazio funtsera jotzeko aukera izanen da. Baina eman behar dizun diru kopurua epaitegian lortu dezakezuna baino txikiagoa bada, bata edo bestea aukeratzeko izanen duzu″, azaldu du Buenok. ″Horregatik da garrantzitsua jakitea konpentsazio funtseko kalte ordaina zenbatekoa izanen den. Esate baterako, 50.000 euro eman behar badizkizute eta epaitegira joz 200.000 edo 300.000 euro lor baditzakezu. Kasu horretan argi dago zer eginen duten martxan dauden enpresetan aritutakoek″, gaineratu du. ″Hori dela eta, aipatu zen kalte ordainak epaitegiek ematen dituztenen parekoak izatez hitz egin zuten. Trafiko istripuetan bezala, baremo batzuk egotea, eta hortik joko da. Baina mozten saiatuko diren beldur naiz″, esan du Buenok. Epaitegira jotzeak lau urteko prozesua eskatzen duela gaztigatu du: ″epaiketak, borrokak eta agian ez duzu ezer lortzen. Horregatik, konpentsazio funtsaren bidea errazagoa da. Baina kalte ordainetan aldea izugarria bada, konpentsazio funtsa lan egin zuten enpresa itxita dutenendako izanen da″. 

Gaixoren batek kalte ordaina jasoz gero, lortutako diru horren zerga tratamenduan ere azpimarra egin du Paniaguak: ″betirako gaixotu zaituzte, sendabiderik ez dago, eta tristea litzateke kalte ordainaren %45-47 ordaindu behar izatea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan. Kalte ordainak ez dizkio inori izanen dituen oinaze guztiak konpentsatuko, eta, gainera, halako zergapetzeak jartzea… Zergapetze horren kontra borrokatuko gara orain″. Jakinarazi dutenez, epai bidez lortutako kalte ordainek ez dute zergarik ordaintzen. 

Zerrendak
Nafarroan amiantoa erabili duten enpresen zerrenda bat dago. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan dago. ″Datuen babeserako legeagatik hara joan beharra dago zerrenda kontsultatzera″. Asbestosia, mesotelioma, biriketako, minbizia, sabel minbizia, maskuri minbizia, prostata minbizia, bular minbizia… ″Minbizi asko amiantoak sortutakoak direla frogatzen ari dira″, azaldu du Buenok. Paniaguaren susmoa da daudenak baino amiantoaren biktima gehiago egon behar dutela.

Gaitzak gaixotasun profesional gisa onartua izateko gaixoak prozesu bat, ″gurutze bidea″, pasa behar du. Lehenik Lan Osasun institutura joan beharra dago. ″Han aitortu behar dizute amiantoarekin lan egin duzula. Horregatik da hain garrantzitsua amiantoarekin lan egin duen guztiak erregistro horretan izena emanda egotea. Jendeak begiratu dezala izena emanda dagoen edo ez. Ez badago, saia dadila han bere izena ematen. Legea garatzean, zerrendan ez bazaude, kanpoan zaude″, azpimarratu du Buenok. Paniaguak esan duenez, ″halakoen berri ez dutenek, beraien medikuarengana jo eta amiantoari buruzko kontsulta izan dezakete″. Paniaguak bere kasuaren berri eman du: ″enpresa batetik atera, hura desagertu eta zerrendatik atera ninduten. Medikuarengatik izan ez balitz errebisiorik gabe geldituko nintzateke″. 

Behin erregistroan sartuta, Lan Osasunak non eta zein lanpostutan lan egin duzun aztertzen du. Hiru eta bost hilabete artean irauten du prozesu horrek. Txostena egin eta Gizarte Segurantzaren esku uzten dute. Hark beste ikerketa bat eginen du, antzeko iraupena izanen duena. Eta haiek esanen dute amiantoak eragindako gaixotasuna den edo ez. ″Aldekoa bada, dagokionari kalte ordainak eskatzeko erraz duzu. Baina ukatzen badizute, automatikoki kanpoan gelditzen zara″, jakinarazi du presidenteak. 

Arretarako protokoloa
Amiantoak gaixotutako pertsonen osasun jarraipena egiteko protokoloa indarrean dago 2013tik. Han jasoa dago gaixoek maiztasun jakin batekin mediku azterketa pasa behar dutela. Buenok azaldu duenez, ″adinaren eta amiantoarekin harremanetan egondako denboraren arabera, mediku azterketen maiztasuna urterokoa, bi, hiru edo lau urtekoa da. Esate baterako, amiantoarekin harremanetan hamar urte baino gehiago egon den eta 55 urte baino gehiago dituen pertsona batek urtero pasa behar du mediku azterketa″. Baina ″kostuak murrizteko″ dagokienean baino, bi, hiru edo lau urtero azterketak pasatzeko esaten diete. 

Protokoloan jasotakoa azterketa epeak betetzea exijitu du Paniaguak. ″Pandemiarekin, desastrea izan da. Hiru urte mediku azterketarik gabe egon gara. Gaitza garaiz atzematea, detekzio goiztiarra, garrantzitsua da, aurre egiteko aukeraren bat izan dezazun. Urte bat beranduago atzematen badizute, agur!″ Paniaguak jakinarazi duenez, haiek izaten dira medikuari azterketa dagokiela jakinarazten dutenak. 

Errebisioen alde borrokatuko du Adavanek. ″Osasun kontseilariarekin harremanetan gaude, haiekin bildu nahi dugu errebisioen epeak ez luzatzea eskatzeko. Dagokienean egitea nahi dugu″. Aurki biltzekoak dira. Gainera, azterketak ongi egitea nahi dute, ″erradiografiak egin beharrean TAC bat, ordenagailu bidezko tomografia egitea nahi dugu erakusten duena zehatzagoa eta eraginkorragoa delako″, azaldu du Buenok.  

Desagerrarazi beharra
Europako araudiak dio 2030erako amiantoa desagerrarazi behar dela. Nafarroan amiantoa kentzeko legea indarrean dago eta amianto hondakinak nola kudeatu behar diren jasoa dago. ″Ona da baina kaxoian gordea dute″. Eginkizun horretarako 250 milioi euro omen ditu foru administrazioak. Legea betetzeko urtero diru sail bat dago Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan. Eta horri buruz ere hitz egin nahi dute Adavanekoek Santos Indurain Orduña osasun kontseilariarekin. ″Aurtengo aurrekontuetan 40.000 euro baino gutxiago bideratu zituzten 25-30 pertsona amiantoaren inguruan trebatzeko. Esaterako, eraikin batera joatean amiantoa nola kendu behar den jakiteko. Baina zortzi urteren faltan, amiantoa kentzeko aurrekontua handitu beharra dute. Ez dakigu 2023ko aurrekontuetan amiantoa kentzeko zer diru kopuru dagoen″, azaldu du Paniaguak. Jakinarazi duenez, gaur egun amiantoa kentzeko 1.000 euroko dirulaguntza dago jabe bakoitzarendako. Kopuru txikia dela uste dute. Joan den urteko azaroan Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden talde guztiekin bildu ziren gaiari heltzeko eskatuz. ″Denak alde zeuden″. Kontseilariarekin bildu ondoren, talde guztiekin lan bilera egin nahiko lukete. 

Kenduko den amiantoarekin zer eginen den da beste kontu bat. ″Hemen kendutakoa ez dakigu nora doan. Kontua ez da hemendik kentzea beste toki batean uzteko. Ahalik eta gutxien mugitu behar da, ahalik eta gutxien kutsatzeko. Amiantoa kudeatzeko zentro bat egon behar du hemen. Vianan bat egon zen″, azaldu du Paniaguak. Erabat itxia den eta ihesik ez lukeen zerbait izan beharko lukeela gaztigatu dute. 

Amiantoak duen arriskuaz gaztigatu dute. Horregatik, uralita puskak non-nahi ez botatzea edo bideetako zuloak tapatzeko ez erabiltzea eskatu dute. ″Hori egiten duenak bere burua eta airea, ura, lurra kutsatzen ari da. Bartzelonan, uralita egiten zen enpresaren inguruan bideetako zuloak betetzeko erabili zuten hondakinak. Haizeak harrotutako hautsak arnastu ondoren inguruko auzoetan minbizi tasa handiak utzi ditu″. Edonon botatako amiantoa duten materialen kontura Sakanako Mankomunitatearekin eta Altsasuko Udalarekin bildu izan dira. Legea indarrean sartu bitartean botatakoa jasotzeko eta gordetzeko ″zerbait eraginkorra, ziurra eta azkarra″ eskatu diote bi erakundeei.