Saskibaloia

CBASK, neska seniorren itzulera

Maider Betelu Ganboa 2022ko aza. 2a, 14:30

CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea.

Urte asko pasa behar izan dira Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak 18 urtetik gorako emakumezkoen senior taldea izan dezan. Orain taldea sendotzea da erronka, iraupen luzea izan dezan. Jokalariak eta entrenatzaileak gogotsu daude

Altsasuko CBASK saskibaloi klubak garai ederrak bizi ditu. Neska-mutil askok saskibaloian trebatzea aukeratu dute ikasturte berrian, harrobia indartsu dator, gizonezkoen senior mailako bi taldeek ongi ekin diote 2022/2023 denboraldiari –bai Bigarren Maila Interautonomikoan dabilen Narum CBASK taldeak eta baita Bigarren Senior Autonomikoan jokatzen duen CBASK Ifuelek ere–, eta aspaldiko ametsa gauzatu da: emakumezkoen senior mailako taldea sortzea.

CBASK taldeak urte asko zeramatzan emakumezkoen senior mailako talderik gabe, 10 urte luze. Neska askok jokatzen dute saskibaloian Altsasun, baina adinagatik junior mailako taldean bukatu ondoren, 18 urtetik gora, ez zegoen ezer. 18 urtetik gorako emakumeek ez zuten CBASK-en saskibaloian non aritu. Jokalariek, klubak eta teknikariek egindako ahalegin handiaren fruitua da sortu berri den CBASK Xabi Gorriz Tattoos emakumezkoen senior mailako taldea, Emakumezkoen Lehen Senior Maila Autonomikoan lehiatzen hasi dena, bigarren multzoan. 

Iosu Marañon: “Taldea pizteko grinak bulkatu ninduen taldea zuzentzeko ardura hartzera”

Grinak bulkatuta
Joan zen urtera arte gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoko entrenatzailea zen Iosu Mendiola Marañon arbizuarrak hartu du emakumezkoen senior taldea entrenatzeko ardura. “Taldea pizteko grina horrek bulkatu ninduen taldearen ardura hartzera. Taldea sortu nahi zuten jokalariak zeuden, proiektua aurrera ateratzeko gogoa zegoen, baina ez zegoen entrenatzailerik. Eta proiektuari bultzada hori emateko taldea entrenatzeko erabakia hartu nuen” azaldu du Mendiolak, Zelandi kiroldegiko aldageletan astearteko entrenamendua prestatzen ari dela. Igor Martinez Lumbreras CBASK-eko jokalari ohia du laguntzaile. “Taldea sortu berria dela kontuan hartuta, gainontzekoak baino lehenago hasi ginen entrenatzen, abuztuaren hasieran” gaineratu du.

Haren alboan daude Ainhoa Etxaiz San Roman eta Ane Zubiria Ciordia jokalariak. Pozik daude, askorendako saskibaloian jarraitzeko bide bakarra baita seniorren taldea sortu izana, “adinagatik ezingo genukeelako juniorren taldean jarraitu, baina orain senior taldea sortu da eta saskibaloian jarrai dezakegu. Jubenilen CBASK taldetik igo naiz, eta hau da nire lehen urtea senior mailan” dio Ane Zubiriak. Hori da taldeko jokalari gehienen kasua, juniorretik igo direla. Ez da Ainhoa Etxaizen kasua. “Txikitatik CBASK-en jokatu nuen eta gero Iruñera joan nintzen jokatzera, baina azkeneko hiruzpalau urtetan ez dut jokatu. Orain senior taldea sortu denez, berriro saskibaloian aritzera animatu naiz”.

Ainhoa Etxaiz: “Azken urteetan ez dut jokatu, baina taldea sortu izanak animatu nau

Konpromisoa
CBASK Xabi Gorriz Tattoos izena hartu du sortu berri den taldeak, eta Emakumezkoen Lehen Senior Maila Autonomikoan lehiatzen da “bertan lehiatzeko maila dugula uste dugulako. Eskaera egin, federazioan onartu zuten eta bertan lehiatzen ari gara” dio entrenatzaileak. Hasi berriak dira, eta oso gazteak dira, baina talde polita osatzen ari dira. 13 jokalari dira, eta tarteka azpiko kategorian jokatzen duen jokalari batek ere eurekin jokatzen du. “Zintzoak dira, konpromisoa dute” dio Mendiolak. “Eta gu gustura gaude, oso” erantzun diote jokalariek.

Momentuz lau jardunaldi jokatu dituzte eta bi garaipen eta bi porrot izan dituzte. Lehen jardunaldia etxean jokatu zuten, eta 64 eta 51 irabazi zioten San Ignaciori. Bigarrena galdu egin zuten, 52 eta 32, Larraona Clareten kontra, eta hirugarrenean, Zelandin, 55 eta 57 galdu zuten Universidad de Navarraren kontra, “bi punturengatik, saskiratze bakarrarengatik” penatu dira jokalariak. Larunbatean San Cernin izan zuten aurkari eta garaipen sendoa lortu zuten, 22 eta 57. “Ni pozik nago. Talde berria garenez, esperientzia faltagatik akatsak egiten ditugu, normala den bezala, eta galdu ditugun partidak xehetasunengatik galdu ditugu, larunbatekoa, esaterako. Talde berria izateak zalantzak eta nerbioak pizten ditu, eta puntuak joaten dira. Gaur egun galtzen ditugun partidak ez naute larritzen, badakidalako aurrera begira garaipenak etorriko direla. Taldeak etorkizuna du, eta bereziki horrengatik nago pozik. Jokalariak oso gazteak dira, eta helburua ez da aurten lehen postuen artean egotea edo final laukorako sailkatzea, inondik inora” nabarmendu du Iosu Marañonek.

Ane Zubiria: “Berriak gara, eta orain gure taldean zentratu beharra dugu”

Sendotzea, iraupena izateko
Helburua taldea sendotzea da, maila berriari tamaina hartzea eta emakumezkoen senior taldeak jarraipena izatea, "taldea sendotzea, iraupena izan dezan” Etxaizen hitzetan. Beti ere 18 urtetik gorako emakumeek saskibaloian jarraitzeko modua izan dezaten. Taldea harilkatzeko bide horretan, "lehenengo gauza elkarren artean ongi ezagutzea da, nolakoak garen eta nola jokatzen dugun jakitea" gaineratu du. Eta horretan ari dira buru-belarri. Senior kategorian dagoen mailak ez du sorpresaz hartu. "Espero nuena ari da izaten. Iosuk dioenaren haritik, gurea talde oso berria da, goiz da, eta oraindik elkar ezagutzen ari gara. Ziur nago denboraldiaren bukaerarako hobe egongo garela". 

Orain arte senior mailan lehiatu ez direnez, partida bakoitza berria da CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldearendako. "Ez dugu gainontzeko taldeen inolako erreferentziarik, eta alde horretatik orain arteko partidek sorpresa ukitua dute guretako, euren kontra jokatzen dugun lehenengo aldia baita, baina sentsazioak onak dira, eta gustura gabiltza" deritzo Etxaizek. "Guk orain gure taldean zentratu beharra dugu eta gero iritsiko da iritsi behar dena" argi du Zubiriak. Ez ditu taldeak ongi ezagutzen, baina Etxaizek Burlada, Navarro Villoslada eta Larraona kokatzen ditu faboritoen artean. "Gu ere izan gaitezke; emaitzak ikusita diot hori" erantzun du entrenatzaileak. 

Astelehenetan, asteartetan eta ostegunetan entrenatzen dute, Zelandin. Entrenamenduan denetatik lantzen dute: fisikoa, 5x5 partidak… "baina bereziki entrenamendu tekniko asko egiten dugu talde oso gaztea garelako. Ezagutza behar dugu, eta horretan gaude" zehaztu du Mendiolak. Entrenatze eta partidak gidatzeko lanetan Iosu Mendiola Marañonen laguntza du. "CBASK talde interautonomikoan jokatzen nuen, eta Iosuk nesken senior taldea entrenatzen laguntzea eskatu zidanean, animatu eta ez nuen zalantzarik izan" azaldu du. 

Iosu Marañon: “Taldeak etorkizuna du, eta bereziki horregatik nago pozik”

Zaleen babesa
Momentuz Zelandin jokatu izan dituzten bi partidak ikustera jende dezente hurbildu da. "Ligako bi partida arrunta izateko Zelandi nahiko beteta egon da, egia esan" diote jokalariek, zaleen animoak eskertuz. "Iruñeko partida, aldiz, astearte batean jokatu genuen eta nabaritu zen, ez zegoelako horrenbeste jende" zehaztu dute. 

CBASK-en atzetik datozen neskendako erreferente bilakatu dira seniorrak. "Harrobia badago. Beraz, oso garrantzitsua zen emakumezkoen senior taldea izatea" nabarmendu du Iosu Mendiolak. Horrenbeste urtez taldea egon ez izanaren arrazoiez galdetuta, ez zuen oso argi. "Agian ikasketengatik, asko kanpora doazelako, edo 18 urterekin gazte askok kirol taldeetan egoteari uzten diotelako… izan daiteke, baina gerta daiteke, agian, klubetik ere emakumezkoen senior taldea sortzeko bultzada pixka bat falta izan dela, taldea ateratzeko ez zirela bitarteko guztiak jarri. Baina behingoz lortu dugu, eta orain taldea eustea, hori da erronka". 

Bidea zabalduta, taldea luzerako mantentzea da klubaren helburua. "Gizonezkoen bi senior talde daude; emakumezkoen taldea sendotzea eta posible bada, gehitzea, da orain egitekoa" egin du apustu. Seniorretan hiru talde egotea "kluba gero eta hobeto dagoenaren seinalea" da. "Lan asko egin da".

Hizketaldia bukatuta, entrenamendurako azalpenak ematen hasi da Mendiola, Martinezen laguntzarekin. "Arbela asko erabiltzen du" diote jokalariek, irribarrez. Giro ona sentitzen da Zelandin, emakumezkoen senior taldea sendotzeko ezinbestekoa. 

Gizonezkoen asteburua
Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan lehiatzen den Narum CBASK taldeak larunbatean Zelandin jokatutako partidan ezin izan zuen ENERparking Basketa Navarra liderra mendean hartu, eta 9 punturen aldearengatik galdu zuten altsasuarrek, 61 eta 70, oso partida lehiatuan. 

ENERparking Basket Navarra taldea da liderra (8 puntu), Logrobasket taldearekin puntutara berdinduta eta Narum CBASK taldea zazpigarren da (5 puntu). Igandean 5 punturekin sailkapenean laugarren Valle de Egüsen kontra lehiatuko dira altsasuarrak, 12:00etan, Olaz kiroldegian. Arerio zuzenak izanik, sailkapena dago jokoan. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan laugarren jardunaldia jokatu zen asteburuan, eta Lagunak taldearen kontra CBASK Ifuel taldeak jokatu beharreko partida atzeratu egin zen. Azaroaren 7an, datorren astelehenean jokatuko dute, Lagunak klubean, 16:00etan. Lehenik, larunbatean, bosgarren jardunaldiko partida jokatuko du CBASK-Ifuelek. Larunbatean, 16:00etan sailkapenean bigarren den Selco Electronica taldea hartuko dute Zelandin. Momentuz Navasket SM`new taldea da liderra (8 puntu) eta CBASK-Ifuel zortzigarren da (5 puntu). 

CBASK Xabi Gorriz Tattoos 22/23
Jokalariak:
4-Ainhoa Etxaiz San Roman
5-Itsaso Ijurko Risko
6-Edurne Ormazabal Aznarez
7-Irune Garisoain Gonzalez
8-Naroa Bereziartu Ayestaran
9-Leire Sayas Jorge
10-Irantzu Lasa Urteaga
11-Maren Pozueta Diaz
12-Miren Murua Ugalde
13-Ane Zubiria Ciordia
14-Leire Lazkoz Romero
17-Ainhoa Calleiras Benito
18-Amaia Lizarraga Lopez de Goikoetxea
22-Ainhoa Rivero Arroyo

Entrenatzaileak:
Igor Martinez Lumbreras
Iosu Mendiola Marañon