Jon Abril Olaetxeak Isildutako eskuak liburua aurkeztu berri du. Bertan hamaika lanbidetan aritutako hamalau emakumeren istorioak bildu ditu kazetariak. Liburuaren aurretik frankismoaren garaian Ipar Euskal Herrira lan egitera joandako emakumeen bizipenak jaso zituen Neskatoak dokumentalean. Urriaren 31n, astelehenean, 19:00etan, filmaren emanaldia izanen da Iortia kultur gunean, Filmoteka Nafarroan programaren barruan. Zuzendaria bertan izanen da. "Programaren helburuen artean dago Nafarroan egindako filma aurkeztea, baita zuzendariak publikoarekin harreman zuzena izatea ere". Dokumentalarekin "horrela" ibili dela esan du Abrilek. "Mexikoko jaialdi batera izan ezik, gainerakoetan beti publikoarekin batera bertan izan naiz. Aukera ematen du hasieran aurkezpen txiki bat egiteko eta ondotik solasaldia edukitzeko". Elkarrizketa "politak" sortzen direla esan du.
Emanaldietan sortutako solasaldi horietan, hain zuzen, sortu zen liburua egiteko ideia. "Lotura estu-estua dute bi egitasmoek". Dokumentala 2016an mustu zuen eta Euskal Herriko 80 bat herritan egon da hura aurkezten. "Emanaldietan gertatu izan zait adineko emakumeek hitza hartzen zutela eta euren bizipenak kontatzen zituztela. Batzuetan neskato lanean ibilitakoak ziren, beste askotan bestelako lanbidetan eta ogibidetan aritutakoak". Neskatoak "kopurutan" emakumeen lanbiderik zabalduena izan zela ikusi zuen, baina beste lanbide askotan ibili zirela konturatu zen ere, "eta hortik etorri da liburua".
Neskatoak
"Amatxiren istorioa zenbateraino zen ohikoa ikertu nahi izan nuen"
Etxean eta herrian entzundako neskatoen istorioetatik sortu zitzaion dokumentala egiteko interesa. "Bereziki etxean nire amatxigatik. Gurekin bizi zen, eta gaztetik hala ibili zen. Seme-alaba, nire aita eta izeba, anai-arrebekin utzi behar izan zituen eta Iparraldera lan egitera joan behar izan zuen 1950ko hamarkadaren hasieran". 25 bat urte eman zituen etxe horretan lanean, "etxe berean beti, sukaldari, hasieran interna moduan eta gero tartekatu zituen sasoiko lanekin. Beti kontatzen zizkigun etxe horretako kontuak". Gerora etxeko jabeekin harremana mantendu dutela eta alaba dokumentalaren aurkezpenean egon zela esan du Abrilek. "Niretzat nahiko gai hurbila zen, baina ez nuen gehiegi sakondu edo aztertu. Momenturen batean heldu nion gaiari eta ikertu nahi izan nuen amatxiren istorioa hura zenbateraino izaten zen ohikoa, zein bizipen izan zituzten beste emakume batzuek". Zuzendariaren senide gehiago ere neskato izan ziren.
Normalean emakume oso gazteak joaten ziren Ipar Euskal Herrira eta Frantziara lanera. Bere amonaren kasuan alargun gelditu zenean joan zen, baina 1950ko hamarkadan joandako emakumeak gaur egun 85 eta 90 urte bitarte dituzte, eta 70 urte bueltan daudela ere azaldu du Abrilek. 1970ko hamarkadara arte emakumeak lanera joan zirela aipatu du, "lehenengoa joan zenetik azkena joan arte 25 bat urteko aldea dago".
Iparralden neskame izandakoen bizipenak jasotzen ditu filmak
Euskal Herriko leku desberdinetatik joan ziren neskatoak, baina bereziki Baztan Bidasoatik, Zuberotik eta Behe Nafarroatik eta Lapurditik ere joan zirela azaldu du. "Lan eskari handiena Lapurdiko kostaldean izan zen, turismoak 1950ko hamarkadatik izan zuen eztandagatik aberats asko bertara bizitzera joan ziren: Hendaia, Donibane Lohitzune, Miarritze, Baiona, Angelu...". Gertuko tokietatik joan ziren beraz langileak.
Lan baldintzak, gehien bat hasierako urtetan, gogorrak ziren. "Gehienek ez zuten kotizatu eta ondorioz ez zuten gerora pentsio bat kobratzeko aukerarik izan. Amatxik kotizatu gabe 25 urtez lan egin zuen, eta bera bezala badira asko". 1960ko hamarkadan egoera aldatzen joan zen, "pixkanaka", eta kotizatzen hasi ziren. "1961 urtera arte Frankismoak atzerrira lan egitera joatea debekatu zuen, beraz, ilegalki joan ziren emakume horiek, pasaporterik gabe, erresidentzia baimenik gabe eta lan kontraturik izateko eskubiderik gabe, beltzean kobratuz...". Bidaiak ere ez ziren errazak izaten, Neskatoak dokumentalean azaltzen den bezala. "Egoera nahiko latzak bizi izan zituzten".
Bizipenak
Neskame lan eskaintza "ahoz aho" iristen zen gehienetan. "Etxe batean beste bat zutenean edo ondoko etxean behar zutela enteratzen zirenean etxekoei edo lehengusinei esaten zieten". Bitartekariaren figura ere existitzen zela azaldu du Abrilek: "Horiek arduratzen ziren neskak bilatzeaz. Nahiko ezagunak ziren Arantzan, Hendaian, Saran... Baserriz baserri joaten ziren interna ibiltzeko neskak bilatzen". Komisioa irabazten zuten, batzuetan etxekoek emandakoa, bestetan langileari lehenengo soldatatik kenduta.
Irabazitakoa "gehienetan" etxean ematen zuten neskatoek. "Diru horrekin baserri asko erosi ahal izan zituzten, zaharkituak konpondu edo anai-arreba gazteek ikasketak egin ahal izan zituzten. Zer esanik ez jantziak, platerak, ezkondu ahal izateko ondasunak eta abar erosten zituzten ere". Bitxikeri bezala aitari hil zitzaion behia erosteko lehenengo soldata baliatu zuenaren istorioa kontatu du Abrilek.
Lanbidean ere zailtasunak izan ziren. "Indarkeria sexista kasuak izan ziren ere. Dokumentalean ez da hain explizituki atera ez zutelako esaten, baina gero jakin dut abusuak egon zirela". Bestelako gehiegikeriak ere egon zirela azaldu du zuzendariak.