Lanak Frontoi zeharbide kalean

Guaixe 2022ko aza. 1a, 09:34

Langilea kuxkurtuta lanean.

Langileak saneamendu sarea hobetzen ari dira. Beste hainbat lan ere eman ditu Altsasuko Udalak.

Altsasuko Udalak San Joan kaletik Frontoi zeharbideko 6. etxe zenbakiraino tartean saneamendu sarea konpontzeko lanak eman ditu eta joan den astean hasi ziren. Langileen egitekoa da gaur egun dagoen kanalizazioa diametro handiagoa duen beste hodi batzuengatik ordezkatzea. Izan ere, gaur egun dagoena behar baino txikiagoa da eta horrek arazoak sortzen ditu ur beltzak bideratzean. Saneamendu hodi berri zabalagoa jartzeaz aparte, San Joan kaleko saneamendu putzuarekin bat eginen du. 

Lan horiek Excavaciones y Transportes Orsa enpresa egiten ari da. Eta harekin batera beste bi lan ere bere gain hartu zituen: Erkuden kalearen 375 m2-ko azaleran asfaltoa berritzea eta San Pedroko bidea kalearen 35 eta 43 zenbakien parean autoen aparkalekuko eta edukiontziak dauden tokiko zoruan asfaltoa zabaltzea. Hiru lanen truke udalaren eskutik 84.712 euro (BEZ barne) jasoko ditu enpresak. 

Bestalde, Construcciones Lacunza enpresak hiru lan eskuratu ditu. Batetik, Ondarria industrialdeko B eta D kaleak konpontzen ari da (103.507 euroko aurrekontua). Bestetik, Amandrea plazaren zaharberritzeaz arduratuko da (469.960 euro). Eta, azkenik, Intxaurrondo plazaren iparraldean ura hartzeko elementurik ez dagoenez, euria egiten duenetan putzu handia sortzen da, horrek oinezkoei eragozpenak sortzen dizkie. Hori eragozteko lanak ere eginen ditu aipatu enpresak (9.750 euro). 

Altsasuko Udalak beste lan batzuk ere eman ditu: futbol zelaiaren hesia konpontzeaz arduratuko da Excavaciones Macias (2.601 euro), Garbitoki erakin pareko espaloiko babes hesia aldatuko du Curvados Alzaniak (4.491 euro) eta Otaibarrengo bidea konponduko du Nivelaciones Pamplonak (8.686 euro). Bestalde udalak hiru erosketa egin ditu. Alde batetik, Lorezaintza eta Baso Zerbitzuarendako sasiak garbitzeko makina erosi du 3.687 euroren truke. Makina hori atzerako hondeamakinari jarri eta horrela garbituko ditu sasiak aurrerantzean udalak.