Udalak Zumalakarregi plazako jolas parkeari estalpea jarriko dio

Guaixe 2022ko aza. 8a, 10:01

Zumalakarregi plazako jolas parkea.

Gainera, Garbitoki udal eraikinean eta Ondarria industrialdean hobekuntza lanak eginen ditu. Egiteko horietara 170.843,28 euro bideratuko ditu. 

Altsasuko Udalak hainbat lan egiteko aurrekontu aldaketak egitea erabaki zuen asteazkeneko bilkuran. Batetik, Altsasuko Udalak erabaki zuen Zumalakarregi plazako haur parkea estaltzea eta, horretarako, 75.300,00 euroko aurrekontu aldaketa onartuko zuen. Javier Ollo Martinez alkateak argitu duenez, ″olanazko estalpe bat jarriko da. Asmoa da aurten lanak ematea eta 2023. urtearen hasieran bukatu ahal izatea″.

Bestetik, Garbitoki udal eraikinean ur ihes batek hainbat kalte sortu zituen duela hilabete batzuk. Ollok azaldu duenez, ″gimnasioko tatamiak berritu eta galdara konponduko ditu udalak″. Horrek 10.000 euroko aurrekontua du. Kopuru horren 7.472,4 euro aseguruaren kalte ordainarekin ordainduko da eta, gainontzekoa, 2.527,6 euroak udalaren diruzaintzako gerakinarekin. 

Azkenik, udalak 85.543,28 (BEZ kanpo) euro bideratuko ditu Ondarria industrialdean hainbat hobekuntza egingo ditu udalak. Alkateak jakinarazi duenez, horien helburua dira, ″batetik, euri-urak biltzea eta bideratzea eta, bestetik, zoladura berritzea. Lanak industriaguneko B eta D kaleetan egingo dira. Zehazki, D kalean hormigoizko eta asfaltozko zoladurak konpondu eta berrituko dira, eta euri-urak husteko sare txiki bat egingo da. B kalean, berriz, espaloietan dagoen hormigoizko zoladura konponduko da, baita hondatutako asfaltoa ere″.