Sexu jazarpenagatik atxilotuta

Guaixe 2022ko aza. 3a, 17:12

Guardia Civilaren patruila Altsasuko Zumalakarregi plazan. ARTXIBOA

Guardia Civilak 36 urteko gizon bat atxilotu du Sakanan, Nafarroan bizi diren bi emakumeri Internet bidez sexu jazarpena egitea egotzita. Iruñeko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak baldintzapean aske utzi du, baina pasaporterik gabe.

Emakumezko batek Guardia Civilaren Altsasuko Guardia Civilaren kuartelera jo zuen salaketa jartzera. Emakumezkoak salatu zuenez, sare sozial baten bidez mezu etengabeak jaso zituen, eta mezu horietan ″ia modu obsesiboan nire argazkiak bidaltzen zizkidaten, sare sozialetatik ateratakoak, bai eta eduki pornografiko esplizitua duten beste batzuk ere, guztia iruzkin lizunekin eta sexu ekintzetarako bideo dei ugarirekin batera″, zabaldu du Nafarroako Komandantziako Guardia Civilaren Polizia Judizialaren Unitate Organikoak. 

Ikertzen hasi eta jabetu ziren beste emakumezko bateko Foruzaingoak antzeko salaketa bat aurkeztu zuela, eta egile bera izan zitekeela pentsatu zuten. Ikerketa egin eta ustezko egilea identifikatzea lortu zuten, eta gizonezkoa atxilotu zuten. Internet bidezko sexu jazarpeneko bi delitu egotzi dizkiote. Guardia Civilak jakinarazi duenez, atxilotuaren mugikorra aztertu ondoren, aurretik ikertutako guztia egiaztatu zen; izan ere, atxilotuaren telefonoan sexu izaerako irudi ugari berreskuratzea lortu zen, eta horien artean zeuden biktimek mezuen bidez jaso zituzten ia guztiak.

Gertatutakoa salatzeko Sakanako Itaiak kontzentrazioa deitu du Altsasuko udaletxe parean, bihar, 19:00etan. Bilkurak Indarkeria matxistari orori aurre egin! leloa izanen du.