Iluntasunaren edertasuna

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 7a, 14:05

Pasadena taldea Iortia kultur gunean. IORTIA

Duela urte bat inguru Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren musikariek proiektu bat sortu zuten: Pasadena. "Aspaldi" kantak elkarrekin sortzeko gogoa zuten. Sakanako Berrialagunen esku Iortia kultur gunean kontzertua eman zuten. 

Sakanako Berrialagunek urtero kultura ekimen bat antolatzen dute, udazkenean. Egitasmoak bi helburu ditu, alde batetik, Berria lagundu -irabazi guztiak euskarazko hedabidearendako dira- eta, bestetik, euskarazko kultura Sakanan zabaldu. Aurten Pasadena talde gasteiztarra izan da gonbidatua eta larunbatean emanaldia eman zuen Iortia kultur gunean.

"Beti geneukan ideia kantuak biok batera sortzeko" JON BASAGUREN

Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren musikariak daude Pasadena proiektuaren atzean. Aurretik Libe, Izaki Gardenak eta Neubat taldeetan izandakoa da eta Izaki Gardenak taldean bigarrena. "Izaki Gardenetan elkarrekin aritu ginen eta Liberi bakarkako diskoetan abestiren bat egin nion ere. Beti geneukan ideia kantuak biok batera sortzeko, hasieratik kanta bat hartu eta biok batera forma eman", azaldu du Basagurenek. Momentua zela ikusi zuten: "Elkarrekin sortzen hasteko momentua izan zitekeen, eta horri ekin genion iaz". Ordutik proiektuaren izen bereko diskoa kaleratu zuten, zuzenean jotzen hasi ziren eta orain kanta berriak grabatu dituzte eta kontzertuetan jotzen hasi dira ere. Aurreko ostegunean, hain zuzen, Zerua ireki abestia publikatu zuten. "Gure alderdi bat bezala da. Horretan ari gara, gustura".

Elkarrekin
Aurreko proiektuekin alderatuz, Pasadenan abestiaren ideia izatetik bukaerara arte prozesu guztia elkarrekin egiten dutela da. "Aurretik abestiak sortzen nituenean zen nik ideia garatu, melodiak eta abar, eta gero taldekideei aurkeztu bakoitzak bere arregloak eta abar egin zezan. Orain hasieratik ideia txiki-txiki bat izan, Liberi aurkeztu, baita alderantziz ere, eta bion artean lantzen joaten gara". Prozesu partekatua da. Batzuetan oso "ederra eta erraza" dela aitortu du musikariak, bestetan, "baduzu kanpoko norbaitek ere esaten dizuna, horrek ez diola ezer esaten". Orduan, beste batera pasatzen direla esan du Basagurenek. "Sortze prozesuaren parte da, eta hori da landu behar dena ere".

"Orokorrean badu puntu ilun bat. Melodiak oso borobilak sortzea gustatzen zaigu". Pasadena taldearen musikari dagokionez "oso pop doinuak" dituela azaldu du taldekideak, "klasikoak". Doinu horiek "iluntasun puntu batekin" lotzen dute. "Teklatu asko dago, sintetizadoreak, gitarra, baxua, bateria... Ahotsarekin harmoniak sortzen ditugu". Oso musikala da.

Gauza ikaragarriak
"Horrek erakartzen gaitu. Musika entzuten dugunean ere horrelakoa gustatzen zaigu. Norbaitek esaldi bat esan zuen: gauza ikaragarriak esatea doinu ederrekin". Tristura eta gauza ikaragarriak ederrak izan daitezkeela azaldu du musikariak. "Horri edertasuna bilatzea. Ze pozik nagoen eta gaur ze gustura egon garen pantanoan kantatzeak ez digu erakartzen". Nahiko "intentsoak" dira.

Azkenaldian kanta berriak lantzen ibili dira Pasadena taldeko kideak, eta zuzenekorik eman gabe egon dira. "Aurrekoan Oñatin egon ginen eta errepertorioa oso ondo gelditu zaigula iruditu zitzaigun". Oso gustura ibili ziren bai musikariak bai publikoa: "Jendearen erreakzioa ere ikusten dugu, eta jendea oso gustura egon zela ematen zuen". Sortu dituzten abesti berriak kontzertuetan sartu dituzte ere. Zuzenekoak emateko "oso gogotsu" daudela esan du Basagurenek, "kantuen artean oreka lortu dugu eta nola jotzen ditugun ere asmatu dugu". Oholtzaren gainean sei musikari egoten dira, "gauza asko ikusten eta entzuten dira, musika tresna desberdinak, entzuteko interesgarria iruditzen zait".

Diskoak grabatzearen "beharra" ikusten du Basagurenek: "Kanta solteak egiten eta grabatzen joan daiteke, baina niri ez dit erakartzen. Agian diskoaren seme-alabak garelako. Obra zabal bat bezala ulertzen dugu diskoa. Zerbait handia hartzen duela". Diskoaren atzean kontzeptu bat egon daitekeela azaldu du musikariak: "Musikariaren edo talde baten garai bat erakutsi dezake ere. Artista baten perspektiba zabalago bat ematen dizu". Letrak gehiago landu daitezkeela eta haien artean harremana izan dezaketela esan du, eta horiek zuzenekoetara eraman. "Orain editatuko duguna haien artean haritxoa dute".

Momentuz ez dute etorkizun "oso luzerako" planik egiten. Sortu dituzten abesti berriekin Durangoko Azokarako editatuko dituzte eta kontzertuekin jarraituko dute, tartean ekainean Azkena Rock-en emanen dutena.

"Musika bizitzeko modu bat da. Dena zipriztintzen du musikak". Eguneko 24 orduak musikarekin erlazionatutako kontuetan ibiltzen direla aitortu du, "guretzako ogibide eta bizibide bat da".

Erlazionatuak