Astekaria

"Maisu eta maistrak omentzeko asmoa du"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 9a, 12:50

Itziar Perez Argomaniz kazetaria eta Ángel Pérez Miguel idazlea liburuaren aurkezpenean. ALTSASUKO LIBURUTEGIA

Ángel Pérez Miguel idazle altsasuarrak bere bigarren eleberria argitaratu du: 'Afecto dominó'. Izenburua pertsona batek sortzen afektutik dator; dominoa bizitzaren metafora bat da.

Morir para contarla lehenengo eleberria bukatu ondoren hasi zen Ángel Pérez Miguel idazle altsasuarra bigarren proiektu bat idazten. Hasiera batean ipuin bilduma bat egitea bururatu zitzaion, baina pixkanaka ipuinak eleberri bihurtu ziren eta horrela sortu zuen Afecto dominó. Urriaren 26an Altsasuko Iortia kultur gunean aurkeztu zuen.

Nola sortu zenuen 'Afecto dominó'?
Hasierako asmoa zen bestearen guztiz bestelako zerbait idaztea. Zentzua eta koherentzia duten eta istorio bat kontatzen duten ipuin bildumen oso jarraitzailea naiz; Boccaccioren Dekameroia, Don Juan Manuelen Lucanor Kondea, Chauceren Kanterburyko ipuinak, Nafarroako Margarita Erreginaren Heptameroia edo Jorge Bucayren Utzi kontatzen klasiko batzuk dira. Oso lan plan zehatza egin nuen eta idazten hasi nintzen. Lehen ipuina oraindik amaitu gabe nuenean, ipuinetako kontalarietako bat zen herriko maisua protagonismoa eskatzen hasi zen; ez zen konformatzen narratzaile hutsa izatearekin. Bestetik, jaio nintzen herriko tabernetan, inork ez du jada kartetan jolasten, dominoak ordezkatu dituelako. Dominoak, beraz, protagonismoa nahi zuen ere. Bi gauzak elkartuz Afecto dominó jaio zen. Nire maisu-maistrak eta maisu eta maistra guztiei omentzeko asmoa du, eta maisu errepublikano zahar baten eta haren domino bikotearen bitartez jokoaren aldarrikapena ere egiten du. Itxuraz xumea da, baina aukera ugari eskaintzen ditu; bizitzarekin antza handia du dominoak.

Bi liburuen artean pandemia izan da. Gehiago sortu duzu?
Pandemia madarikatuan idatzi nuen arren, ez du zerikusirik izan. Espresuki pandemiaz ez hitz egitea proposatu nion nire buruari horrelako hondamendi batek perspektibaz tratatzeko denbora behar duelako, eta oraindik ez zen amaitu. Agian zerbait agertzen da, nahiz eta ez nabaritu; izan ere, ziurrenik egoerak eta nire gogo aldartea ez ziren egokienak idazteko eta, azkenean, gauza horiek eragina izan dezakete azken emaitzan.

Zer kontatzen du liburuak?

"Herriak pertsona horri dion afektua zabaldu egiten da, domino efektu bat bezala"

Maisu baten istorioa kontatzen du. Ramon Llorente jauna hustutako Espainia delakoaren herri txiki batera joan da eta bertan bizitza berregin du Dionisio nekazari zahar baten laguntzari esker. Maisuari ez zaio batere gustatzen bere iraganaz hitz egitea. Aldi berean, Franco hil zen gauean irratsaio batean beste maisu batek, Romualdo Llamazaresek, bere bizitza kontatzen du, Ramonaren bizitzaren oso antzekoa dena. Marta Turienzo kazetaritza ikasleak elkarrizketa entzuten du eta bere errepresaliatu bizitza kontatzera ausartu den maisuaren iragana ikertzea erabakitzen du. Hauek dira eleberriaren protagonista nagusiak, baina garrantzia handia dute ere Dionisiok, alkateak eta herriko apaizak. Irakurleek eleberrian zehar beste batzuek aurkituko dituzte ere. Dominoa beste pertsonaiatzat har daiteke. Eleberrian behin eta berriz esaten denez, dominoa bizitzaren metafora bat da. Herriak maisuari dion afektua zabaldu egiten da, domino efektu bat bezala. Hortik dator izenburuaren hitz jokoa.

Zertan inspiratu zara?

"Nire maisu batzuen eragina edo irratiarekiko zaletasuna arakatu daitezke"

Literatura ez da bizitza, baina askotan haien arteko ezberdintasunak argitzea oso zaila da. Orduan, beti abiapuntua errealitatea da. Istorio arraroenak, surrealistenak, fantastikoak edo misteriotsuak ere errealitatean inspiratuta daude. Afecto dominó alde batetik errealitatean inspiratuta dago, adibidez, bertan nire maisu batzuen eragina edo irratiarekiko zaletasuna arakatu daitezke. Bestetik, literatura inspirazio handia ere badago, batez ere lilura handia sentitzen dudan bigarren errepublikako literaturarekiko, hezkuntzarekiko eta kulturarekiko duen interesagatik.

'Morir para contarla'-rekin alderatuz, zertan desberdintzen da?
Lehenaren irakurleek diote oso autobiografikoa dela, agian gehiegi. Ni ez nago horrekin oso ados, baina seguru asko arrazoia dutela. Afecto dominó, itxuraz behintzat, ez da hain autobiografikoa. Hori da bururatzen zaidan lehenengo desberdintasuna. Gainera, bigarrena denez, hobeto idatzita dagoela uste dut; ofizioa nabaritzen da eta. Horrek ez du esan nahi hobea edo okerragoa denik. Hori irakurleek esango dute. Nolanahi ere, autorearen iritziaz mesfidatu behar da, ez da bere lanaren kritikari ona izaten.

Nola sortzen duzu?
Ez dut planteatzen. Orain konturatu naiz nire eleberrietan konstante batzuk daudela: beti errealitatetik abiatzen dira, baina ez dute deskribatzen, interpretatzen dute. Bestalde, idazteko denbora, lasaitasuna eta isiltasuna behar ditut. Horregatik gauez idaztea nahiago dut. Ez naizenez idazle azkarra eta oldarkorra, testua asko eta asko lantzen dut, presarik gabe zuzendu eta zuzendu egiten dut. Ez dut inspirazioan asko sinesten, lan sakonean sinesten dut.

Estiloari dagokionez, aldatu duzu?
Idazle bakoitzak bere estiloa du eta oso zaila da aldatzea. Eta ez dut aldatu nahi. Elementu batzuk mantentzen dira: Hizkuntza oso zaindua, narratzaile ugari, lehen pertsona, literaturaren presentzia, intriga eta suspensea, bizi diren gizartearekin konprometitutako pertsonaiak, laguntasuna, elkartasuna, maitasuna eta abar. Oso istorio gogorrak kontatu arren, edertasunaren eta bizitzaren aldeko kantua direla uste dut. Hori nahi dut behintzat.

'Afecto dominó' kaleratu berri duzu, baina buruan proiektu gehiago dituzu?
Bai. Beti daude proiektuak. Trilogiaren hirugarren eleberrian nabil, baina ezin dut gehiago kontatu. Ia amaituta daukat lehen zirriborroa, baina baliteke azken emaitza ez izatea jatorrizko ideiaren antzik. Askotan hori gertatzen da.