Hiru urteko haur bat hil da ibilgailu batek harrapatuta

Guaixe 2022ko aza. 7a, 21:08

Trenbide azpiko zubiaren beste aldean, ezkerrean, dagoen zebrabidean izan da ezbeharra. ARTXIBOA

Ezbeharra Altsasu herriko tren geratokiaren ondoko errepidean gertatu da. 

Ibilgailu batek harrapatu eta ondorioz hil egin da hiru urteko neska bat. Ezbeharra 19:18 aldera gertatu da. Antza, neska zebrabidea patinete batekin zeharkatzen ari zen harrapatua izan denean. Altsasuko beheko bentatik herrirantz sartzeko errepidearen, NA-8505, eta Sorgingainbehera kalearen arteko bidegurutzean dagoen zebrabidean izan da ezbeharra. Altsasuko tren geratokiaren ondoan. 

Altsasuko osasun etxeko medikua eta erizaina ezbeharraren lekura hurbildu dira, baina ezin izan dute ezer egin. SOS Nafarroak ere anbulantzia bat, anbulantzia medikalizatu bat eta Altsasuko suhiltzaileak mobilizatu ditu. Hildako neskatoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntza eta Auzitegi Zientzien Institutura eraman dute, autopsia egiteko. Foruzaingoak patruila bat bidali du istripuaren tokira. Ezbeharraren ikerketa Guardia Civilak hartu du. Jakinarazi duenez, gertakarian inplikatutako gidariak negatibo eman du egin zaizkion probetan.