Saskibaloia

CBASK-en asteburu polita

Guaixe 2022ko aza. 10a, 11:35

CBASK klubeko entrenamendu bat. CBASK

Bigarren Maila Interautonomikoan eta Emakumezkoen Lehen Senior Mailan garaipen ederrak lortu ditu klub altsasuarrak

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan lehiatzen den Narum CBASK taldeak garaipen oso garrantzitsua lortu zuen igandean Sarrigurenen, sailkapenean laugarren zen Valle de Egües taldeari puntu bateko aldearengatik irabazi baitzioten, 62 eta 63. 

ENERparking Basket Navarra taldea da liderra (10 puntu), Logrobasket taldearekin puntutara berdinduta, baina Narum CBASK-en garaipenak sailkapenean eragina izan du, altsasuarrak zazpigarren postutik laugarren postura igo direlako (7 puntu). Larunbatean talde altsasuarrak sailkapenean bigarren den Logrobasket hartuko du Zelandin, 18:00etan, oso interesgarria aurreikusten den partidan. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan bosgarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK Ifuel taldeak eta Selco Electronica taldeek partida borrokatua jokatu zuten larunbatean Zelandin, baina azkenean puntuak kanpora joan ziren, CBASK Ifueli 62 eta 68 irabazi baitzion Selco Electronicak. 

Sailkapenean Navasket SM`new taldea da liderra (10 puntu) eta CBASK-Ifuel zortzigarren da (6 puntu). Larunbatean Sarrigurenen jokatuko du talde altsasuarrak, hamargarren eta arerio zuzena den Valle de Egües B taldearen kontra, 18:00etan. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan lehiatzen den CBASK-Xabi Gorriz Tattoos taldeko neskek beste garaipen bat lortu dute. Larunbatean Sanduzelai taldea hartu zuten, eta partida entretenigarrian 63 eta 57 gailendu ziren altsasuarrak. 

Sailkapenean Navarro Villoslada B taldeak jarraitzen du lider (10 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea hirugarren postura igo da (8 puntu). Larunbatean, 16:00etan Navarro Villoslada B liderra hartuko dute Zelandin.