Altsasuarra Sarai Robles barañaindarrarekin aritu zen programan. Esperientzia errepikatuko luke.
1. Mihiluzen parte hartu zenuten. Nola izan zen parte hartzeko prozesua?
Gure buruen aurkezpen bideoa prestatu eta Mihiluzera bidali genuen. Horren ondoren galdeketa bat egin ziguten eta azkenik programaren grabazio eguna zehaztu ziguten.
2. Zergatik animatu zineten?
Inguruko lagun batzuk aurkezten hasi ziren. Ilusioa ere egiten zigun, beraz, bideoa prestatu eta bidali genuen.
3. Nolakoa izan zen grabazioa? Zenbat denbora egon zineten?
Miramonera iritsi ginenean proben arauak azaldu zizkiguten, horren ostean makillatzera eraman gintuzten. Geroxeago partaideak ezagutu genituen, haiekin bazkaldu genuen eta azkenean programa filmatzera joan ginen. Egia esan, denbora gehio eman genuen horrelakoetan programan baino. Lehenengo kanporaketan galdu genuen.
4. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Bidean urduri geunden, baina bertara iritsi ginen momentuan esperientziaz gozatu genuen. Motza izan zen, baina zer egingo diogu.
5. Programa barrutik ezagutu aurretik, horrela izatea espero zenuten?
Egia esan ez genuen espektatiba handirik, argi genuen ondo pasatzera gindoazela.
6. Prestatu zineten?
Aurreko egunean entrenamendu txiki bat egin genuen, eta, beno, etxean programak ikusi genituen proben gakoak barneratzeko.
7. Zer egin behar izan zenuten?
Lau proba egin genituen: lehenengoan hitzak lotu behar genituen eta oso ondo atera zitzaigun, ez genuen akatsik egin. Hurrengoan, imintzioak egin behar genituen, eta hor pixka bat blokeatu nintzen, baina beno. Hirugarren proban ere puntu nahikotxo irabazi genituen, eta beste partaideekin parekatuta egotea lortu genuen. Dena dela, tribuen berban gaiak zertxobait deskolokatu gintuen eta hori izan zen gure kaleratzearen gakoa.
8. Lehiaketa zer moduz joan zen?
Hasieran ondo, baina azkeneko probaren emaitzak kalterako baldintzatu gintuen. Dena dela, ez genuen ezer irabazteko anbizio handirik. Argi genuen ondo pasatzera gindoazela.
9. Bueltatuko zinateke? Zer aldatuko zenukete?
Bai! Asko gustatuko litzaiguke, azkenean proba batek baldintzatu gintuelako; urduritasunak...
10. 2013an amaitu zen Mihiluze, eta orain itzuli da. Aurretik ezagutzen zenuten?
Bai, txikitan ikusten nuen nik, eta asko gustatzen zitzaidan, egia esan. Hori izan zen joatera bultzatu ninduten arrazoietako bat.
11. Jendea parte hartzera animatuko zenukete?
Bai, noski! Esperientzia polit eta dibertigarria da.