Gure Etxearen lehenengo solairuan dago Altsasuko Udaleko Berdintasun zerbitzuko bulegoa, aurretik Emakumeen Bilgunea deitutakoa. Urriaren 19tik aurrera hutsik dago. Egun horretan jubilatu zen Idoia Goikoetxea Gomez, 30 urtez Altsasuko Berdintasun teknikaria izandakoa. Oraindik egoera berrira moldatzen ari dela aitortu du, "momentu honetan gehiago identifikatzen naiz oraindik Berdintasun teknikari bezala teknikari ohia bezala baino". Teknikari berria hasten denean guztiz itxiko du etapa honen atea. Eskerrak eman nahi dizkio guaixeri "beti ondoan" egon delako.
Nola hasi zinen Berdintasun teknikari bezala?
Filosofia ikasi nuen eta helduendako eskolan klaseak ematen hasi nintzen. Sakanako Udalek ordaintzen zuten batxilergoa eta Unibertsitaterako sarrera prestatzeko eskolak ziren. Han nengoela Olaztiko Udaletik deitu ninduten dirulaguntza batekin edo lan egiten ari ziren emakumezkoendako ikastaro bat prestatu zutelako eta klaseak emateko. Alfabetatze klaseak ziren. Han konturatu nintzen oraindik, 1990ko hamarkadan, bazirela emakumeak irakurri eta idatzi ezin zutenak. Gizonek lantegietan ikasten zuten, baina emakumeek ez. Kezka horrekin Altsasuko Udalera hurbildu nintzen eta bertan Joakina Zubiria zinegotzia zen. Joakinak esan zidan zerbait egingo genuela, baina apustu handi bat egin behar genuela. Ez dakit nola edo zer egin zuen eta zer eztabaida izan zituen, baina 1992an Emakumeen Bilgunea martxan jartzea lortu zuen. Lanposturako deialdia egin zuten eta aurkeztu nintzen. Batzuk aurkeztu ginen. Azterketa bat eta elkarrizketa bat egin nituen, eta plaza lortu nuen. Lanaldi erdiko plaza zen momentu horretan. Horrela hasi nintzen.
Zerbitzu berria eta berritzailea zen.
"Berdintasunaren arloan lortzen duguna, beti esfrotzu handiarekin da"
Momentu horretan mugimendu feministak urrats handiak eman zituen. Batez ere Bizkaian Emakumeen Bilgune nahiko zeuden, eta bageneukan nori begiratu. Berdintasunaren arloan lortzen duguna, beti esfortzu handiarekin da.
Emakumeen Bilgune bezala hasi eta Berdintasun zerbitzua bihurtu zen. Nola izan zen garapen hori
Urteekin eman zen. Bilgunearen lehenengo helburua zen batez ere emakumeak etxetik kalera ateraraztea. Zergatik? Momentu horretan Altsasun ez zegoelako ezer; ez zegoen kirol ikastarorik, ez zegoen antzerkirik ez zegoen dantzarik... Bazegoen Nafarroako Gobernuak noizbehinka antolatzen zuen mekanografia ikastaro bat, baina oso gutxi. Bigarren helburua edo orokorrena emakumeen parte hartzea gizartean bultzatzea zen. Horiek ziren helburuak, eta bidea sortzen hasi ginen. Aurretik ez zegoelako biderik. Bidea egin dugu, hemen eta beste toki batzuetan. Beti egin dut lan taldean, beste teknikariekin eta herriekin. Pixkanaka gure lana sistematizatu egin da ere, eta legeen, programen eta emakumeen eskaeren bidez zabaldu dugu lan egiteko esparrua. Ez da bakarrik emakumeekin lan egitea, baizik eta gizarte osoarekin. Emakumeak, gizonak, gazteak, adinekoak... Baita ikastetxeetan, lan munduan, sindikatuekin eta abar. Pixkanaka hori egin genuen.
Nola gogoratzen dituzu hastapenak?
"Hasierak oso zailak izan ziren; bi aldiz utzi nahi izan dut lana, baina geratu nintzen"
Zailak. Oso zailak. Bi aldiz utzi nahi izan dut lana. Lehenengoa, hemen, bigarren urtean. Gero Nafarroako Berdintasun Institutura joan nintzen, eta bigarren hilabetean utzi nahi nuen lana. Baina geratu nintzen, eta honaino.
Zergatik izan zen zaila?
Hasierako programa oso polita planteatu genuen, baina nik beti esaten dut lan honetan ez dugula gizarteak eskatzen duena bete behar, baizik eta gu pixka bat aurrerago joan behar garela.
"Oso proiektu politarekin hasi ginen, baina ez genuen onarpena lortzen"
Gauzak proposatu behar ditugu. Aurreikusi. Oso proiektu politarekin hasi ginen, baina ez genuen lortzen parte hartzea edo onarpena. Parte hartzea oso zaila izan da beti. Orduan, nik pentsatzen nuen ez nekiela lan hau nola egin. Gainera, ez zegoen errekurtsorik. Gogoratzen naiz indarkeria jasaten zuen lehenengo emakumearen hitz egiten, eta nik ez nuela emateko errekurtsorik. Inurri lana izan da, poliki-poliki.
Orain errekurtsorik badago?
Azkenean, 30 urte egon naiz eta lehen baino askoz errekurtso gehiago dago. Lana sistematizaturik dago eta edozein Berdintasun teknikarik badauka eredu bat eta ildo batzuk. Gure lana babesten duten legeak daude eta abar. Orain gauza asko daude.
Nafarroako Berdintasun Institutuan egon zinen ere. Nolako esperientzia izan zen?
Momentu horretan Erriberrin Berdintasun teknikaria zena Institutuko zuzendari izendatu zuten eta Nafarroan hiru edo lau teknikari geunden. Ni funtzionari bakarra nintzen, eta bere taldean lan egiteko deitu zidan. Izugarrizko esperientzia izan zen. Haiek badute programa askoz handiagoa inpaktu handiagoarekin. Programak emakume aditu eta inportanteekin lantzen dituzte eta orduan ezagutu nituen emakume asko eta ideia asko. Mundu honetan aukera asko izan nituen. Baina badago beste alde bat: mundu politikoa. Nahiz eta nire lanpostua teknikoa zen, ez zen politikoa, politikaren mundutik oso hurbil zegoen. Krisialdi ekonomikoaren garaian egon nintzen han; 2008an joan nintzen. Geroz eta diru gutxiago sartzen hasi zen, geroz eta aukera gutxiago, proiektuak aurrera ezin eraman... Niri beti gustatu izan zait jendearekin lan egitea eta pentsatu nuen Altsasun nire plaza zegoela eta hemen bertako jendearekin eta erakundeekin lan egingo nuela, komunikazioa askoz errazagoa zela. Itzuli nintzen, eta oso pozik.
Han ikasitakoarekin itzuli zinen.
Bai, hemen martxan jartzeko. Nik uste dut azken etapa honetan hemen utzi dudala han ikasitakoa.
Zein zen zure lana zehazki? Nolakoa zen zure egun bat?
"Hurrengo berdintasun teknikariak badu lana: Hirugarren berdintasun plana"
Hasteko, egunero sorpresa bat dago. Hori ziur. Ez nintzen aspertzen. Pentsatu behar da udal teknikari bat dela, administrazioa, beraz, administrazio lana ezinbestekoa da. Administrazio lan horrek denbora asko eramaten du. Dena idatzita eman behar da, arrazoituta, diru kantitate jakin batekin, nora bideratuko den eta zergatik aukera duzun pertsona hori edo bestea. Beste alde batetik, azken etapa honetan Bigarren Berdintasun Plana onartu zen eta hori ebaluaketan utzi dut. Hurrengo Berdintasun teknikariak badu lana: Hirugarren plana. Barruko lana ere egiten dugu: udal atal guztiekin lan egitea. Nola sartu berdintasuna kulturan, kirolan, hirigintzan, aurrekontuan... Hori zaila da. Zaila da formakuntza behar delako. Orduan, berdintasun arloak aholkulari moduan lan egiten du. Pertsonekin lan egiten denean dena motelago doa. Ikastetxeekin ere lan egiten dugu; Altsasuko ikastetxeetan bi programa ditugu, bat LHn eta bestea DBHn. Indarkeria jasaten duten emakumeekin zuzenean lan egiten dugu, gizarte zerbitzuekin, osasun etxearekin, enplegu zerbitzuarekin, udaltzainekin eta abarrekin elkarlanean. Aholkularitza juridikoaren zerbitzua ere badago. Urtean 40 bat emakume etortzen dira. Berez ez nuen egin behar, baina lehenengo harrera ematen hasi nintzen eta horrela jarraitu dut. Nafarroako teknikari sarean gaude ere eta horrek emaitza oso onak eman ditu. Baina lan gehiago egin behar da. Nafarroako Institutuarekin ere lan egiten dugu; proiektuak bultzatzen dituzten eta udaletan martxan jartzen ditugu. Hori da nik egin dudan lana, baina erronka eta hutsune batzuk nabaritu ditut ere.
Zeintzuk dira hutsune eta erronka horiek?
Pandemiak azken plana gelditu zuen. Duela bi urte eta erdi bat-batean etxean gelditu ginen ezin erlazionatu, ezin ikastaroak bultzatu, ezin ezer ez. Plana aldatzea proposatu nuen eta pentsatu nuen kanpoko jendearekin ezin bada lan egin, barruko jendearekin lan egin beharko dugu. Orduan, azken bolada honetan genero zeharkakotasuna administrazioa deitzen duguna bultzatu dut. Teknikarekin aurrekontuan lan handia egin dugu: zenbat diru daukagun, non gastatzen dugun, zer nahi dugu diru horrekin, zeintzuk dira lehentasunak eta horiek guztiak. Horretan lan asko egitean, beste arlo batzuk alde batera utzi ditut. Erronkak hirugarren plana egitea da. Uste dut emakumeen jabetza eskola bultzatu behar dela ere, niri falta zitzaidan emakumeekin lan hori egitea; iaz hasi ginen baina jarraitu behar dugu gizonekin lan egiten, gainera, oso harrera ona izan zuen eta hausnarketa talde polita sortu zuen, oso pozik. Badago beste erronka bat oso lelo polita duena: Zaintzak bizitzaren erdigunean jarri. Asmatu behar dugu nola egin.
Helburuak bete dira?
"Berdintasun zerbitzuak eta gizartea ildo beretik joan behar dira"
Nik uste dut hasierako helburua bete dela. Dudarik gabe. Duela 30 urteko egoerarekin alderatuz, orain kalera ateratzen gara emakumeak parte hartzen ikusten ditugu. Baina ez du zerbitzuak bete, gizarteak bete du. Berdintasun zerbitzuak eta gizartea ildo beretik joan behar dira. Bestela ez dugu ezer egiten. Lehenengo helburua, beraz, bete dela esan daiteke. Bigarren helburua, administrazioan berdintasuna sartzearena bidean gaude. Oraindik oso formala da dena. Legeak daude, prozedurak daude, instrukzioak eta horrelako gauza gehiago daude baina hori erreala egin behar da. Oinarria jarrita dago, baina administrazioan lan egiten duten langile guztiak prozesuan sartzea behar da. Beste alde batetik, emakumeen harrera integralean nik uste asko aurreratu dugula. Emakumeek indarkeria jasan dutenei harrera emateko sisteman konfiantza dute. Baina indarkeriarekin amaitzea eta gizartearen erantzuna gelditzen zaigu. Egiteko falta den beste arlo bat, ez duguna asko aurreratu, batzuetan urteka, batzuetan bai beste batzuetan ez, enpleguaren gaia da. Formalki, berritu, aurreratu da; berdintasun planak daude, sexu jazarpen eta jazarpen sexualaren protokoloak daude... Baina ez dut ikusten lan hitzarmena negoziatzen denean berdintasun neurri positiborik hartzen direnik. Hau da, enpresari exijitzea lanpostu horietan erreferente moduan talde bat sartzea. Ez dut ikusten lan osasunean emakumezkoen beharrak sartzen direnik. Baina ez dut ikusten politika edo arlo askotan ere ez. Bestetik, duela bi urte , niri asko gustatu zitzaidan proiektu oso txiki bat egin genuen. Parte hartze gutxi izan zuen, baina bidean hasi ginen: Altsasun festa, folklorea, sinbolo eta abar asko daude eta oraindik ez dugu hausnartu hori genero edo feministen ikuspuntutik. Hau ez da emakumeendako politika bat egitea; emakumeak han azterturik daude eta haiendako politika bat egingo dugu. Ez. Gizarte bat dago eta horren barruan gehienak emakumeak dira. Horregatik politikak kontuan hartu behar du gehiengo horren beharrak. Esaldi hori oraindik harrigarria egiten zaie batzuei. Ulertezina.
Dagoeneko berdintasuna dagoela diote.
Baina datuak ateratzen badira ikusten da ez dela egia. Sakanako enpresetan emakumeak %17 dira aurreko urtean egindako diagnostikoan. Ez dut erantzungo, baina galderak botako ditut: Zer kirolak dauka diru gehien? Nortzuk ibiltzen dira gehien bat kirol horretan? Aisialdian nortzuk disfrutatzen dute gehiago? Nortzuk egiten dituzte etxeko lanak oraindik?
Uste duzu batzuetan Berdintasun zerbitzuaren edota zure lana ikusezina izan dela?
Bai. Jendeak ez du ezagutzen. Ebaluaketa planteatzen nik esan nuen kaleko jendearekin talde bat egin behar genuela. Ikastetxeetan galdetzen badiegu, irakasleei, orientatzaileei eta abar esango dute baietz, ezagutzen dutela, badakitela non gauden, planak indarrean ditugula, arazoren bat izatekotan badakitela nora jo... Baina ikastetxetako guraso gehienek ez dakite ezer. Administrazioak arazo handi bat du eta komunikazioa da. Ez dut transparentzia esango, baita ere, baina komunikazioa falta da eta askotan guaixek egin du lan hori. Komunikazio gehiago beharko litzateke. Administrazioaren betebeharra da zer egiten ari den esatea, norekin nahi duen lan egin... Legealdiaren arabera aldatzen da hori ere.
Zer behar da berdintasun teknikaria izateko?
Nafarroan ofizialki betebehar bakarra dago: gradu bat edo lizentziatura bat izatea. Gero zer behar da? Formakuntza handia. Alde batetik, feminismoan. Feminismoaren historian eta teorietan. Beste alde batetik, formakuntza administrazioan eta bere prozeduretan. Bestela ezin duzu ezer egin. Orain masterrak daude. Aurten NUPen masterra ematen hasi dira. Gehienok master hori egin dugu, nik duela hamar urte edo. Horrek guztiak laguntzen du eta baloratzen da azterketan. Agian nire ustez inportanteena feminista izatea da; derrigorrezkoa. Beste lanpostu batzuetan agian ez da beharrezkoa pentsamolde edo ideologia bat izatea, baina honetan oso zaila da hori gabe ideia batetik hasten delako dena: emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasuna eta diskriminazioa.
Momentu txarrak bizi izan dituzu?
Niretzat okerrena eta txarrena indarkeria jasan duten emakumeak artatzea izan da. Are gehiago kasu horiek kalean ezagutzen direnean. Badaude beste momentu oker batzuk min handia egin didatenak, adibidez, emakume bat behar batzuekin etortzen denean eta ezin duzuenean ezer egin. Ezer. Ikusten duzu emakumea seme-alabekin kalean geldituko dela. Udalaren laguntza izan dut beti, eta aste baterako janaria eta lo egiteko tokia lor daiteke. Baina gero ezer. Horiek izan dira momenturik txarrenak.
Eta onenak?
Niretzat jendearekin lan egitea. Ez bakarrik kaleko jendearekin lan egitea, lortu dut hemengo langileekin, entitate askoko langileekin lan egitea eta niretzat jendea ezagutzeko izugarrizko aukaera izan da. Jende desberdinarekin harremanetan jartzeko. Oraindik harreman asko daukat osasun etxeko langileekin, udaleko langileekin... Beste momentu on bat izan da ni gaztea nintzenean zaharrak ziren emakume oso adituekin topo egin nuen. Niretako eskarmentu handiko emakumeak ziren, eta nik esaten nuen zaharra nintzenean horiek bezalakoa izan nahi nuela. Zahartzen ari naizen heinean ezagutu ditut oso emakume adituak, baina gazteak; eta asko ikasi dut emakume gazte horiengatik azken bolada honetan. Niretzat ez da lan erraza, baina aukera asko eman dit nire bizitzarako.
Karga emozionala ere handia da, ezta?
Izugarria. Ikasi behar da ere. Anekdota bat kontatuko dut. Egin nuen inoiz egin behar ez dena. Indarkeria pairatzen zuen bigarren emakumea senarrarekin bizi zen eta indarkeri handia jasaten zuen. Nire telefono pertsonala eman nion. Nik ireki nion bidea eta berak hartu zuen, eta normala zen. Ikasi behar duzu zer egin dezakazun eta zer ez; zer egingo zenuke zuk emakume horren egoeran egonda, eta zer egin ahal zuen berak. Hori banatu behar da eta ikasketa sakona da.
Espero zenuen zure bizitza profesionala horrelakoa izatea?
"Nire burua irakasle ikusten nuen, baina lan honek asko eman dit"
Ez. Nik nire burua irakasle izateko prestatu nuen. Argi neukan. Asko gustatzen zait eta noizbehinka istorio hori ateratzen zait eta maistra bat ematen dut. Helduendako eskolan aritzea izan da nire lanposturik kuttunena. Asko gustatu zitzaidan. Hasi nintzenean lan honetan gustatu zitzaidan, bestea baino zailagoa zen, baina poliki-poliki sartu nintzen eta oso pozik nago. Nik horrela baloratzen dut. Hau izan da nire bizitzan izugarrizko aukera. Lanak gauza asko eman dizkit. Baina honetan lan egitea pentsatu? Inoiz ez. Askotan gertatu izan zait zertan lan egiten dudan galdetzea eta Berdintasun teknikaria naizela esatean jendeak ez jakitea zer den.
Eta orain zer?
Momentu honetan oso despistatuta nago. Hainbeste ordu lan egiten eta bat-batean denbora hori libre duzu. Nik uste dut hurrengo teknikaria hasten denean itxiko dudala atea. Oraindik ez dut pentsatu zer egingo dudan, baina egingo dugu zerbait. Proiekturen bat badut buruan.