Saskibaloia

CBASK-ekoek galdu eta irabazi

Guaixe 2022ko aza. 17a, 10:23

Asteburuan jokatutako seigarren jardunaldiak denetarik izan du

Altsasuko CBASK saskibaloi taldeek lan handia egin dute asteburuan.

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan Narum CBASK talde altsasuarrak sailkapenean bigarren den Logrobasket taldea hartu zuen Zelandin. Partida ederra izan zen, lehiatua, baina azkenean garaipena Logroñora joan zen, 9 punturen aldearengatik, 58 eta 67 irabazi baitzuen Logrobasketek. 

ENERparking Basket Navarra taldeak jarraitzen du lider (12 puntu), Logrobasket taldearekin puntutara berdinduta. Narum CBASK seigarren da (8 puntu). Larunbatean talde altsasuarrak Errioxan jokatuko du, sailkapenean azkena den CB Sanignacioren kontra, 16:00etan. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan seigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK Ifuel taldeak garaipen ederra lortu zuen, alde handiz 53 eta 78 irabazi baitzion Valle de Egües B taldeari, Sarrigurenen. 

Sailkapenean Navasket SM`new taldeak jarraitzen du lider (12 puntu) eta CBASK-Ifuel zortzigarren postuan jarraitzen du (8 puntu). Larunbatean talde altsasuarrak Valle de Egües C taldea hartuko du Zelandin, 16:00etan hasiko den partidan. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan lehiatzen den CBASK-Xabi Gorriz Tattoos taldeko neskek partida oso borrokatua izan zuten Zelandin Navarra Villoslada B liderraren kontra. Nor baino nor aritu ziren bi taldeak, baina 6 puntuko alde eskasarengatik liderra gailendu zen, 52 eta 58. 

Sailkapenean Navarro Villoslada B taldeak jarraitzen du lider (12 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak hirugarren postuan jarraitzen du (9 puntu). Larunbatean, 20:00etan, sailkapenean bigarren den Burlata A taldea izango dute aurkari Burlatan. Iosu Mendiolaren neskek beste partida zaila dute aurretik.