Astekaria

"Aurkikuntzagatik jendeak zoriondu nau"

Guaixe 2022ko aza. 22a, 14:57

Arkeologo, aditu eta agintarien talde argazkia. Kuxkurtuta, erdian, Olaia Granizo Candelas, lehendakaria atzean duela. NAFARROAKO GOBERNUA

Leire Malkorra Renobalesek Irulegiko eskua lurretik nola ateratzen duen ikusten den bideoa Olaia Granizo Candelas arkeologo altsasuarrak grabatu zuen. Joan den asteleheneko aurkezpenean egon zen.

Arantzadi zientzia elkartea Arangurengo Irulegi mendian egiten ari den arkeologia indusketa batean opatutako brontzezko pieza bat da Irulegiko eskua, astelehenean ezagutu genuena. Opatutakoa eskuin esku baten forma du. Eskuaren ahurrean lau lerroko inskripzioa dauka. Hizkuntza baskonikoz idatzita dago, eta adituen arabera ″Euskal Herrian bertako hizkuntza idatzita agertu den lehenengo idazkuna da″. Piezak duela 2.100 urte atzera eramaten gaitu. 

Asteleheneko arkeologia aurkikuntzak arkeologiarako bokazioa sortu zuen jendearengan? 
Nik uste baietz. Arkeologia beti diziplina akademiko bat bezala hartu da. Baina gure lana ez da bakarrik arlo akademikora mugatzen, gizarteari eskaintzen dizkion hainbat elementu ere baditu. Gizarteari bueltan ematea eta zirkulu bat ixtea bezala da; garrantzitsua da gizartearendako. Ondarea, historia ez da bakarrik gurea, denona da. Guretako oso garrantzitsua izaten da halako emaitza eta oihartzuna.

Zer sentitzen da halako aurkikuntza baten parte zarenean? 
Izan duen zabalkundea eta pasatzen ari dena, oraindik asimilatzen gaude. Baina hasieran shock moduko bat izan zen.


  
Zeren zuk, Olaia, Irulegi mendiko indusketan parte hartu duzu, ezta?
Hori da. Berez, indusketa 2018an hasi zen. Ni 2019an hasi nintzen eta, ordutik, uda guztietan egon naiz. 

Zertan ari zarete Irulegi mendian? 
2019an lagin zulo bat, indusketa txiki bat, egin genuen. Estratigrafia zein zen jakin nahi genuen. Herrixkako etxe baten paretaren bi aldeetan egin genuen indusketa, eremua zabaldu nahi izanez gero jakiteko zer estratigrafia geneukan, itsuan ez ibiltzeko. 

Lan hark emaitza izan zuen? 
Bai, Mattin Aiestaran de la Sotillak (indusketako zuzendaria) erabaki zuen etxe baten perimetro guztia irekitzea eta pixkanaka-pixkanaka etxe hori industria. Eta 2021ean ondoko etxea irekitzea erabaki zuen. Oraintxe bertan bi etxeetan gaude lanean. 


Behean, puntu gorriak eskua opatu zuten tokia markatzen du.

Zergatik dira bereziak bi etxe horiek?
Indusketaren aurretik geodarradaren bitartez aztertu zen. Makina bat pasa zuten handik. Hark lurrera uhin batzuk bidaltzen ditu eta haiek bueltatzen diren moduaren arabera, lur azpian dauden materialak zein diren jakin dezakegu. Herrixkaren planoa atera zen. Eta Aiestaranek ikusi zuen indusketa gunean egiturak beste tokietan baino hobeto ikusten zirela. Horregatik erabaki zuen han industea. 

Burdin Aroko herrixka bat da?
Aiestaranek azaldu duenez, herrixka erasotua izan zen eta zigilatuta bezala gelditu zen. Horregatik kontserbazioa paregabea da. Dena bere lekuan dago. Jakin dezakegu sukaldea non zegoen, estrabia non zegoen, zein tokitan egiten zuten sua… Izoztutako argazki baten modukoa da. Burdin Aroa gehiago ulertzeko balioko du. 

Eskua agertu zenean han zeunden?
Bai. Malkorrak pieza pixkanaka nola ateratzen duen ikusten den bideo hori nik grabatu nuen. 

Irulegiko indusketan zein dira agertzen diren ohiko objektuak?
Burdin Aroko indusketa batean agertzen ohi direnak. Egunerokotasuneko objektuak izaten dira: nahikoa zatituta dagoen zeramika, kontsumitzen zutenaren hezurrak… Kasu honetan, erasotua izan eta kolapsatu zenez, ikatz moduan eraikuntza egiturak kontserbatuta gelditu dira. 

Halakorik opatu duzu? 
Ez. Baina gurea talde lana da. Egun hartan Malkorra han zegoen indusketa egiten eta berak opatu zuen. Baina gutako edozein izan zitekeen. 

Aurkikuntzak informazioa eman eta hipotesi berriak sortzen ditu?
Bai, oraindik ikertzen ari dira eta adituek esanen dute. 

Aurkitutakoaren garrantziaren berri bazenuen? 
Bai, egun batzuk lehenago jakin genuen. Aiestaranek sekretua gorde zuen eta sorpresa eman zigun esatean.

Kostatzen da halako sekretua isilpean mantentzea?
Bai, mundu guztiari kontatu nahi diozulako, eta ezin delako. Zaila da, bai. 

Zer esan dizute etxekoek eta lagunek?
Lagunak oso pozik daude. Gurasoak baita. Jendeak zoriondu nau. 

Koskobilo II lezeko indusketan ezagutu zintugun. Orain, berriz, Irulegin. Zein da baten eta bestearen aldeko aldea?
Normalean Paleolitoko eta Burdin Aroko indusketa teknika desberdina izaten da. Baina Irulegiko eskua bezalako materialak agertzen direnean, lanerako modua berdina izaten da. Horri lan fina deitzen diogu. Lan ″latza″ eta fina dago. Zeramika zati bat in situ, bere toki primarioan, ikusten dugunean lan finarekin aritzen gara. Paleolitiko garaiko aztarnekin bezala aritzen gara: zotzekin, brotxa txikiekin… Buruan dugun arkeologoa lanean, irudi hori. 

Zer, irudikatu behar zaitugu uda guztia indusketa batetik bestera? 
Hala da, bietan aritzen naiz urtero. Arantzadi zientzia elkartearekin 2019an hasi nintzen. Hurrengo urtean Koxkobilo II-n hasi nintzen.

Pentsatzen dut horrela asko ikasiko duzula, ezta? 
Bai, izugarri. Bi mundu guztiz desberdinak dira. Teknika desberdinak ikasten dituzu, materialak ere desberdinak dira… Urtero zerbait berria ikasten da. 

Zertan zabiltza orain?
Tesi bat egiteko beka baten esperoan nago. Eta arkeologian lanean. Arkeologian lanean segitzeko plana dut.