Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoaren esku dago Isphording zenaren lurrak. Enpresak bere jarduna 2010ean despeditu ondoren erosi zituen gobernuak. Lantegi berria Altsasuko Kooperatibari alokatu zion eta zaharra bere horretan gelditu da. Nasuvinsak orain lantegi zaharra bota, obra hondakinak atera eta lursaila garbi utzi nahi du. Lan horiek despeditu ondoren zoru azpitik kutsadura kentzeko lanei ekinen diete. Kooperatibaren gas hargunea ere aldatuko dute. Guztira 20.500 metro karratuko azalera du lursailak eta haietatik 6.978 eraikiak daude. Egiteko horiek hamar hilabeteko epean egitea aurreikusi du Nasuvinsak. Lanak Excavaciones Fermin Oses SL enpresak eginen ditu, 417.558,9 euroren truke (BEZ barne).
2017an eta 2018ko hasieran, lursail horretan partzela bat martxan jartzea sustatu zuen Nasuvinsak. Horretarako nabeak eraitsi eta zerbitzu instalazioak berritu zituen hartuneetara iritsi arte. Horrekin batera, drainatze jasangarriko hiri sistema baten diseinu partziala egin zuen. Sistema hori poligonoko euri urak husteko eta drainatzeko erabiliko da, eta hainbat fasetan ezarriko da. Enpresa publikoa Hiri Jarduneko Plan Berezia egiten ari da orain. Haren bidez lursaila ordenatu eta kooperatibaren eta gainontzeko bost partzelen artean kale bat egitea aurreikusten du. Industrialde berriak 8.000 metro karratuko azalera izanen du gutxi gorabehera. Baina ezeren aurretik, Altsasuko Udalak oniritzia eman beharko dio planari.