Gutxienez 1400 eurotako soldata eta 1260 pentsioa

Guaixe 2022ko aza. 18a, 14:00
Sakanako pentsiodunen mugimenduak bat egin du deialdiarekin.

Euskal Herriko Karta Sozialeko gizarte eragileek eta sindikatuek hori aldarrikatuko dute larunbaterako deitutako manifestazioetan. Sakanako Pentsiodunen Mugimenduak deialdiarekin bat egin eta manifestazioa deitu Altsasun, 17:30ean Foru plazatik abiatuko dena.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek salatu dutenez, ″ekonomiako eliteen mesedetan langileei lapurreta egiten ari zaie eta biztanleriaren pobretze prozesua azkartzen ari da″. Gaztigatu dutenez, ″Euskal Herrian 2021ean 2008an baino 103.000 pertsona gehiago zeuden pobretze arriskuan, hau da, %44 gehiago″. Kartako ordezkariek salatu zutenez, ″bilakaera goranzkoa da, joera estrukturala da″. 

Larunbateko manifestazioen deitzaileek azpimarratu dutenez, ″garestitzen ari da bizitza eta erosahalmenaren galerari aurre egiteko prestazio sozialak ez dira nahikoak, okerrera doaz, zerbitzu publikoen gainbehera areagotzen den neurri berean″. Gaineratu dutenez, ″esparru guztietan erosahalmena galtzen ari da; soldatetan, pentsioetan, administrazioko langileen soldatetan, prestazio sozialetan eta abarretan″. Bitartean Ibex 35-eko enpresen etekinak 2021ean 2019an baino %83 handiagoak izan zirela salatu dute. ″Hori gertatzen ari da Gobernuen aldetik ez dagoelako borondate politikorik politika neoliberalak alboratzeko″.

Aldarrikapen zehatzak
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek larunbateko deialdiarekin bat egitera deitu dute, ″bizi baldintza duinak eta prezioen kontrola ardatz hartuta, langileen mesedetan egingo diren politikak eskatzeko; langileei oinarrizko eskubide eta beharrizanak ziurtatuak izan daitezen eta pertsona guztientzat prestazio sozial nahikoa egon dadin. Aberastasunaren bidezko banaketarako zerga erreforma bultzatzeko″.  

Horiekin batera beste aldarrikapen zehatz batzuk ere kaleratuko dituzte: soldatak eta pentsioak KPIaren arabera eguneratzea, 1.400 euroko gutxieneko soldata, 1.260 euroko gutxieneko pentsioa, soldaten %24ko genero arrakalarekin bukatzea, pentsioen %37ko genero arrakala desagerraraztea, arreta eta zaintza zerbitzu soziosanitarioen sare publiko unibertsala eta bermatutako errentan izaten ari diren murrizketak berehala geldiaraztea. 

Deialdiarekin bat 
Sakanako pentsiodunen mugimenduak deialdiarekin bat egin eta manifestazioa deitu du Altsasun larunbaterako. Haren leloa honakoa da: soldatak eta pentsioak benetako KPIarekin. Galdutakoa berreskuratu. Aberastasuna banatu. Pentsiodunen mugimenduko kideek gaitzetsi dute ″sistemaren egungo krisiaren aurrean botere publikoek duten alternatiba langile klasea pobretzean sakontzea″ dela, ″pertsona batzuk gero eta aberastasun handiagoa metatzen duten bitartean″.

Soldata eta pentsioen erosteko ahalmenaren galera salatzearekin batera, pentsiodunen mugimenduak ″gure eskubideen aurkako aurrez aurreko erasoa jasaten″ ari garela dio. Eta horien hiru ondorio zerrendatu dituzte, zehaztuz emakumezkoei modu berezian eragiten diela: etxebizitzen ea alokairuen neurrigabeko prezioa, prekarizazio eta murrizketen bidez zerbitzu publikoen okertzea eta ekosistemak eta bizitza defendatzeko erabaki ausartak eskatzen dituen klima krisia. 

Ibarreko pentsiodunen mugimenduko kideen iritziz, ″konponbidea posible bezain beharrezkoa da″. Horregatik aldarrikatu dituzte ere: aberastasunaren banaketa justua, zerbitzu publiko unibertsalen bermea, pertsona guztiendako bizi baldintza materialak (etxebizitza, energia, elikadura eta gizarte eskubideak), gerra agertokian bakearen alde egin dute eta natura baliabideak eta bizitza bermatzea.