Euskal sormena lantzen

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 21a, 12:21
Ines Osinaga sortzailea Altsasu BHIn.

Altsasuko institutuan Sormen digitala proiektuaren bidez gaur egungo baliabide teknologikoen bidez euskal kulturaren transmisioa eta komunikazioa sustatzen ari dira. Ekimenaren barruan zenbait artista institutuan egonen dira; aurrekoan Ines Osinaga izan zen.

Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan Sormen digitala deitutako proiektua martxan jarri dute Plastika, Musika, Euskara eta Biologia mintegiek. "Berez EIBZk bideratzen duen ekimen bat da. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak proiektuaren inguruan ardura batzuk hartu ditu orain", azaldu du Miren Ustarroz Goñi institutuko plastika eta marrazketa irakasleak. Proiektuak bi ardatz nagusi ditu: euskal kulturaren transmisioa, "gutxienez ikur garrantzitsu horiek ikasleei irakastea", eta beste alde batetik euskaraz egitea, "uste dugu horrela izan behar dela baina Internetera edo beste iturrietara joaten zarenean erreferenteen bila angloxajoiak izan ohi dira".

Sormen digitalean Plastika, Musika, Euskara eta Biologia mintegiek parte hartzeko dute

EIBZ horretaz jabetu zen eta "agente pasiboak" izatetik "agente aktiboak" izatera pasa behar zirela pentsatu zuten: "Ez bakarrik euskal erreferente horietara jo, baizik eta gu ere sortzeko ez eskubidea, baizik eta obligazio moral bat dugu. Izaki pasiboak garenean edozer irensten dugu eta oso erraza da edozein kulturak gu jatea. Euskal kultura gutxitutako kultura bat izanik, batzuetan ez gara jabetzen daukan baloreaz eta egin ditzakeen ekarpenez. Guk geuk izan beharko genuka protagonismo eta eragiletzarako jarrera handiagoa".

Proiektuaren beste ardatz bat sormena garatzea eta lantzea da, eta helburu horiek zenbait proiekturen bidez bultzatzea. Bidean laguntzeko, gainera, artisten bisitak izaten dituzte institutuan: asteartean Ines Osinaga musikaria izan zen eta abenduan Oskar Alegria zinemagilea eta Castillo Suarez eta Morkots egonen dira. Eta digitala non sartzen da? "Kontuan hartuta gaur egun kontsumitzen dugunaren ehuneko portzentai ikaragarri handi bat digitala dela, teknologia hauek maneiatzen ikasi behar dituzu ezagutza horiek bermatzeko eta gaur egungo sormen lanak sortu ahal izateko". Hori guztia da sormen digitala: Euskal kultura euskaraz komunikatzeko eta euskaraz informazioa eskuratzeko eskubidea eta zerbait berria sortzea eguneratuta dauden gailuen bidez adierazi ahal izatea.

Sakana
Euskal kultura ezagutzea oso garrantzitsua dela esan du Ustarrozek, "baina kultura horren barruan guk Sakanako esparru propioa sortzen dugu". Mapa propioa sortzen ari dira Sormen digitalen proiektuen bidez.

Proiektua "bilera desberdinetan" sortzen dela azaldu du Ustarrozek. Ikastetxe bakoitzari antolatzeko modua uzten diete, eta handiagoak direnak hautazko irakasgai libre bezala eskaintzen dutela esan du. "Ikastetxe honetan, institutu txiki bat denez, ez dugu masa kritiko nahikoa hautazko ikasgai bezala ateratzeko, orduan bermatu nahi dugu gure ikasleak euskaraz sortu, kontsumitu eta adierazteko gaitasun hori izatea, eta pentsatu genuen tailer moduan jartzea eta irakasgai desberdinetan txertatzea". Proiektuka lan egitea da. "Zeharkako gai bezala daukagu eta gure programazioetan txertatuta daude proiektuak". Irakasleen artean koordinatzeko, antolatzeko eta egutegia sortzeko "eromena" izaten dela esan du irakasleak, "baina oso polita da. Horrelako gauzek beti ematen dute motibazioa".

Euskal kulturaren transmisioa eta komunikazioa dira proiektuaren ardatz nagusiak

DBHko hirugarren mailako ikasleek parte hartzen dute proiektuan. "Transmisioa eta lan guztia bermatzeko iruditu zitzaigun adin polita zela, horrela ziurtatzen dugu denak egitea irakasgai guztiak derrigorrezkoak direlako". Sakanako ikastetxe horretara joaten diren ikasle guztiak "modu horizontal" batean proiektuak jasotzen dutela bermatu nahi dute; gaitasun digitala jasotzen dutela, sormena lantzen dutela, euskal komunikazioa ahalbidetzen dutela, eta gaitasun digitalararako tresnak erabiltzen dituztela. Gainera, aurreko ikasturtean institutuak Kulturartekotasun proiektu bat hasi zuen NUPekin batera, eta konturatu ziren DBHko -A ereduko- ikasleak "egoera latz" batean zituztela. "Iruditzen zitzaigun euskara integraziorako tresna izan behar zela, eta euskal kulturak balio beharko lukeela ikasle hauei merezitako harrera egiteko".

Proiektuak
Sormen digitala, beraz, plastika, musika, euskara eta biologian egiten dituzten proiektuen bidez garatzen dute. Batzuetan irakasgai desberdinak elkartzen dira amankomuneko lanak egiteko. Esaterako, musika irakasgaian orain Sakanako abesti tradizionalak hartuko dituzte eta bertsioak eginez gaurkoratuko dituztela azaldu du Ustarrozek. "Mila baliabide teknologiko eta digital dauzkagu abesti horiei buelta emateko eta gaurkora eramateko". Urdiaingo Ur goiena, inauterietako abestiak... bertsio berritua izanen dute ikasturtean zehar. "Oinarria izango da euskal kultura hori, sormen prozesuak bultzatuko ditugu, taldeka lan egingo dugu eta zerbait berria sortuko dugu". Abesti bat.

Plastikan planoaren gaineko transformazioetan lan egin behar zuten, oso teorikoa den biraketa, simetria eta horrelako kontzeptu abstratuak, "baina Altsasun gaude eta Sakanako mapa sortu behar dugu sormen digitalean; kontuan hartuta hemen dugun aberastasun geologikoa, biologikoa eta zuhaitzakeria, ikasleak herriko plazatara eta basoetara joan ziren eta hostoak hartu zituzte". Biraketak, traslazioak eta horrelakoak bertako baliabideak erabilita ikasi zituzten. Altsasuko basoen ezagutza, botanika, geometria eta abar ikasi zuten. Euskara mintegiarekin amankomuneko proiektu bat landuko du plastika mintegiak: narrazio bat osatu beharko dute eta bi baldintza izango ditu, alde batetik Sakanan kokatuko da, eta horretarako dokumentazio lana egin beharko dute, eta Jose Ramon Anda Bakaikuko eskultorea oinarri izanen da. "Plastikan aulki bat sortzeko aitzakia izango da, berak lan zoragarriak egiten dituelako, eta aitzaki horrekin adierazpen moduak landuko dituzte ere bere ibilbidea, lanak eta abar aztertuko dituztela". Moldeen hastura bat suposatzen duela esan du irakasleak.

Gonbidatuak
Sormen digitala proiektuaren barruan zenbait sortzailek hitzaldiak ematen dituzte institutuan. "Luxu ikaragarria da ez dena ordaintzen". Artistek ikasleekin kontaktu zuzena dute eta sortzen ari den pertsona horren kezkak, beldurrak, teknikak, baliabideak eta abar adierazten dituzte. "Ikastetxeak horrelako gauzak behar ditu". Nafarroako Gobernuak bultzatutako ekimen bat da, eta sortzaileen zerrenda bateik Ines Osinaga musikaria eta Oskar Alegria zinema zuzendaria izanen dira aurtengo artista gonbidatuak insitutuan. Osinaga asteazkenean egon zen eta Alegria abenduaren 13an egonen da. "Beraien lana oparitzen digute".

Nafarroako Gobernuak sustatzen duen zerrenda hori "oso ongi" dagoela esan du Ustarrozek, "baina nola geratzen zaigu gure Sakanako mapa hori? Euskara eta plastika mintegietatik idatzizko eta marrazketa adierazpena lantzen ari gara, eta biak nahasten ilustratutako ipuin bat aurkeztu berri dute, Altsasun bertan, Castillo Suarezek eta Josemari Morcillo Morkotsek". Gonbidatu zituzten eta "berehala" baietz esan zuten. "Ikasleei zor diegula iruditzen zaigu".

Ines Osinaga

Sortzea eta kaleratzea bi gauza desberdin zirela azaldu zuen Ines Osinagak

Azaroaren 15ean izan zen Ines Osinaga musikaria, hizlaria eta sormen proiektu kolektibo bateko zuzendaria, bere burua aurkeztu zuen bezala. "Zentroan beti dago musika, gauzak kontatzeko desira, euskara eta feminismoa". Hortik sortzen du Osinagak. Ikasleei aholku bat helarazi zien: "Gauza bat da sortzea eta beste gauza bat da plazaratzea. Sortzen den guztia ez da zertan plazaratu behar". Berak sortzen duen guztia ez duela plazaratzen esan zien, "batzuetan sortzen dudanean pentsatzen badut konpartitu behar dudala urduri jartzen naiz. Nik sortu nahi dudana sortzea gozada bat da, baina dena ez dut partekatzen". Sortutakoekin txorizoak deitzen den karpeta bat duela aitortu zien, "eta agian hemendik bi urtetara pieza bat eskatzen didate eta horretara joaten naiz ea zerbait har daitekeen begiratzera". Hau esan zien agian irakasleek "tentazioa" dutelako ikasturtean zehar produktu bat atera behar dutela esaten dietelako, "baina ez izan hori buruan".

Bestetik, Anariren Efemerideak eta J. Martina taldeak egindako abestiaren bertsioaren bitartez, musika sortzeko zenbait baliabide erakutsi zituen Osinagak: kanta bat hartu, abiadura handitu, sinplerrak sortu eta gehitu... Hori guztia ordenagailu baten bidez.