Gobernuak polizia etxeko patruilendako aterpea egiteko lanak eman ditu

Guaixe 2022ko aza. 29a, 11:14
Eginen den estalpearen irudikapena. NAFARROAKO GOBERNUA

Foruzaingoaren egoitzaren hegoaldean eginen dute, hari perpendikularki eraikita. 18 ibilgailurendako tokia izanen du estalpeko aparkalekuak. Bi biltegi ere eraikiko dira.

Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak Altsasuko Foruzaingoaren poliziaren etxe ondoan haren ibilgailuendako aterpea egin nahi du. Eta lanak Erki Construccion Sostenible SM enpresari eman dizkio 250.862,16 euroren (BEZ barne) truke. Patruilendako aterpe horrekin, Nafarroako Gobernuak nahi du ibilgailuak klimatologiatik gehiago babestea, hala patruilen bizia luzatu, pribatutasuna hobetu eta zamalanak errazteko.

Aterpea polizia etxearen hegoaldean, perpendikularki, eraikiko da. Patruilek baterian aparkatzeko aparkalekua izanen dute, 37 metro luze eta 12 metro zabalerakoa. Haren gainean metalezko egitura duen markesina eraikiko dute. Teilatua polizia etxearekin lotuta egonen da, bulegorako hegoaldeko zeharreko atearekin, horrela, busti gabe sartzeko aukera izanen da. Ate horren parean zamalanetarako 50 metro karratuko espazioa egonen da, eta mendebaldean bi biltegi, 80 metro karratukoak.