Udalak 2021eko euri jasek eragindako kaletak konpontzeko lanak emateko deialdia egin du

Guaixe 2022ko aza. 30a, 11:16
Altzania ibaiak Errotatxikin eragindako erosiak hustubideko hodia kaltetu du. ALTSASUKO UDALA

Lanek, guztira, 282.654,02 euroko aurrekontua dute.

Altsasuko Udalak joan den urteko abendu hasieran izandako euri jasek kaltetutako abeltzaintza, baso eta hiri azpiegituretako lanak emateko deialdia egin du. Lanak hiru lotetan banatu ditu eta kalitate prezio erlazio onena duen eskaintzari emanen dizkio. Obra horiek egiten interesa duten enpresek abenduak 7ra arte dute eskaintzak udaletxean aurkezteko. 

Hiru loteetatik lehena abeltzaintzako azpiegiturak konpontzeko izanen da eta lan horiek 111.054,10 euroko aurrekontua dute. Lanak bereganatzen dituen enpresak Erreguarte, Dermau, Beikolar, Larrunza eta Isasiako bideetan konponketa lanak egin beharko ditu. Bigarren lotea baso azpiegiturak konpontzeko da eta 24.650,95 euroko aurrekontua du. Lanen lote horren kargu egiten den enpresak Izarte eta Torretxikiko bideak konpondu beharko ditu. Eta hirugarren loteak hiri egiturak konpontzeko lanak hartzen ditu. 146.948,97 euroko aurrekontua du lote horrek eta enpresa hartzaileak honako lanak egin beharko lituzke: Zangituko bidea konpondu; Ondarria industrialdean ibai ertzean luizia izan zen eta industria eremua behar bezala babesteko harri lubeta eginen da; Beheko Bentan ibaiaren ibilguan urak eramandako zuhaitzak kenduko dira eta harri lubeta bat eginen da; Isasia industrialdean urak eramandako hondakinekin ezpondak bete egin ziren eta haiek garbituko dira eta, azkenik, Errotatxiki kaleko gainezkabide berria urak mugitu zuen eta ez dago erabilgarri, hori konponduko da orain.