Eguberritan kontziliazioan laguntzeko eskaintza

Guaixe 2022ko aza. 28a, 10:15

Txantxari ludotekan jolasten. ARTXIBOA

Aisiaz blai programaren bidez, Txantxari udal ludotekak eguberrietarako eskaintza prestatu du abenduaren 22tik 30era eta ilbeltzaren 2, 3, 4 eta 5erako.

Haurrek ikastetxeetan neguko oporrak izanen dituzte abendu akaberan eta ilbeltza hasieran. Opor garaian zenbait etxetan familia ardurak eta lana uztartzeko zailtasunak izaten dira. Horregatik, Altsasuko Txantxari udal ludotekak kontziliazioa  errazteko Aisiaz Blai programa eskainiko du neguko oporretan. 3 eta 12 urte arteko haurrak (2010 eta 2019 artean jaioak) ludotekan 08:30etik 13:30era egoteko aukera izanen dute. Ordutegi hori beteko ez balitz, bigarren aukera 11:00etatik 13:30era izanen da.

Txantxari udal ludotekara seme-alabak eraman nahi dituztenek haien izenak eman beharko dituzte gaurtik abenduaren 2ra. Horretarako, 948 012 012 telefonora hots egin behar da, edo www.altsasu.eus web orriaren bidez izen ematea egin. Matrikulari dagokionez, familien diru-sarreren, errenta-aitorpenaren arabera hamaika prezio ezarri dituzte. Horretarako eskubidea duten familiek hobariak eskuratzeko aukera ere izanen dute. Argibideak Txantxari udal ludotekan emanen dituzte, 948 467 471 telefonoan edo ludoteka@altsasu.net e-posta helbidean.