Paleta goma

Palista onenen ikuskizuna hastera doa

Maider Betelu Ganboa 2022ko aza. 25a, 12:50
Asteartean aurkeztu zuten Sakanako Emakumeen Pala Txapelketa.

Asteburuan hasiko da XVIII. Gure Pilota Emakumezkoen Sakanako Pala Txapelketa, Etxarri Aranatzen. Guztira 72 palistek hartuko dute parte, elite mailan eta lehen mailan seina bikote, onenak, eta gainontzeko 22 bikoteak kategoria txikietan

Asteartean aurkeztu zuten, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan, asteburuan hasiko den XVIII. Gure Pilota Emakumezkoen Sakanako Pala Txapelketa. Gure Pilota eskolako zuzendari Miguel Angel Aristorena, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Dani Echavarri eta aurten txapelketaren babesle Eseki enpresako Sandra S. Redin izan ziren bertan.

Guztira 72 palista lehiatuko dira Sakanako txapelketan, 7 urtetik hasita 40 urtera bitartean. Elite mailan sei bikotek hartuko dute parte, lehen mailan beste sei bikote, eta gainontzeko 22 bikoteak eskolen mailako kategorietan –Tximeletak, Pottokak, Usoak, Kattagorriak eta Txitoak– ariko dira.

Gure Pilota Txapelketa 2004. urtean hasi zen jokatzen, izen bereko Etxarri Aranazko klubak antolatuta, Udalaren laguntzaz. Beranduago Sakanako Mankomunitateak ere ekimena lagundu zuen, “emakumezkoen kirola eta paleta goma sustatzeko, eta helburu horiekin jarraitzen dugu” Dani Echavarriren esanetan. Esekiko S. Redinek adierazi zuenez, “oso kontentu” daude txapelketa babesteagatik, “txapelketa honek eta paleta goma eskolek Eseki gure enpresak dituen balio asko partekatzen dituelako, balio soziala eta berdintasuna, esaterako, eta emakumezkoen kirola ere sustatu nahi dugulako. Sakanarekin konpromiso sakona dugu, Etxarri Aranatz gure etxearekin bereziki”.

Aristorena: "Gure txapelketak interes handia pizten du. Guztiek aritu n ahi dute"

 

Interes handia
Hasieratik maila bikaina izan du Sakanako Emakumezkoen Pala Txapelketak. “Euskal Herriko palista guztiek etorri nahi izaten dute gurera parte hartzera. Giro ederra izaten da, eta partidak sekulakoak izaten dira, lehiatuak eta bikainak, palista onenak daudelako. Gure txapelketak interes handia pizten du eta palista askok deitzen digute bertan aritzeko, baina batzuk kanpoan gelditu behar izan dira ezin ditugulako horrenbeste partaide hartu” nabarmendu zuen Miguel Angel Aristorenak. Hala ere, Aristorenak gogoratu zuen “honaino iristea lan handia” izan dela. “Emakumezkoekin palan hasi ginenean ez zitzaion mundu guztiari gustatzen. Baina egindako lanari esker, zorionez, gero eta neska gehiago daude kirol honetan”.

Pala eskolak, indartsu
Horren erakusle, Etxarri Aranazko Gure Pilota Emakumezkoen Pala Eskolan 40 neska trebatzen dira Olaia Eizagirre eta Janira Aristorena monitoreen esanetara. Miguel Angel Aristorena epaile eta burokrazia lanetan aritzen da “partidak lotzen, ordutegiak zehazten, frontoia eskatzen eta halakoetan” dio, irribarrez. Halaber, Altsasuko Pilotajaukun ere emakumezko palistak trebatzen ari dira “eta horrek izugarri poztu nau, benetan. Altsasutik hiru bikote lehiatuko dira txapelketan eta oso pozik nago” nabarmendu zuen Aristorenak.

 

Aristorena: "Altsasutik hiru bikote lehiatuko dira txapelketan eta oso pozik nago” 

Eliteak eta lehen mailakoak
Elite mailan, Uxue Murillo-Paula Gorostiaga, Miren-Irati Ruiz de Alda, Galdos-Eizmendi, Zulaika-Dufur, Amaia Espinal-Irati Igoa eta Salanueva-Maider dira partaideak, eta lehen mailan Naroa Otxoa-Mazizior, Lusarreta-Eizmendi, Sarasibar-Saralegi, Aldasoro-Lopez, Berekoetxea-Ane Escala eta Kerejeta-Artazkoz, “hoberenetan hoberenak. Beraz, beste behin, maila handiko txapelketa izango da. Hasteko irrikaz nago, ilusionatuta” aitortu zuen Aristorenak. Hiru sakandar daude bertan, Irati Igoa etxarriarra, elite mailan, eta Naroa Otxoa eta Ane Escala etxarriarrak, lehen mailan. “Otxoa Nafarroako txapeldunordea izan zen duela bi aste, eta Igoa eta Escala maila bikainean daude. Horretaz gain, Maider Ardanaz eta Dufur mundu mailako txapeldunak izan dira aurten, Uxue Murillok brontzezko domina lortu zuen eta Maider Mendizabal zenbait aldiz izan da munduko txapelduna. Eta zer esan Paula Gorostiagari buruz. Ikaragarrizko palista da. Datorren mundialari begira buru-belarri prestatzen ari da. Partida zoragarriak datozkigu” gaineratu zuen, pala zaleak frontoira hurbiltzea gonbidatuz. 

Lehen jardunaldia
Azaroaren 26an, larunbata, 16:30etik aurrera lehen mailan Otxoa-Maziziorrek Sarasibar-Saralegi izango dituzte aurkari eta Aldasoro-Lopezek Berekoetxea-Escala. Azaroaren 27an, igandea, elite mailako partidak daude jokoan. Murillok eta Gorostiagak Irati Ruiz de Aldaren eta Mirenen kontra jokatuko dute, eta Zulaikak eta Dufurrek Espinalen eta Igoaren kontra. Bestalde, kategoria txikiko partidak jokatuko dira.

Txapelketan hiru jardunaldi jokatuko dira, abenduaren 18an final aurrekoak eta abenduaren 24an final handiak.