Azaroaren 30ean Jose Mari Misiego Fernandez altsasuarrak Nafarroako Gobernuaren Kirol Merituaren Zilarrezko Domina jasoko du Kultura eta Kirol Departamentuko klaustro isabeldarrean ospatuko den ekitaldian, 29 urtez saskibaloi arbitro izateagatik eta Nafarroako Saskibaloi Batzordean egindako lanagatik. 2.700 partida inguru arbitratuta, oraindik aktibo dago.
Saskibaloi munduari lotuta, betidanik.
15-16 urte nituela saskibaloian jokatzen nuen Altsasun, baina ikasketengatik utzi behar izan nuen. Seme-alabek 6 eta 7 urte zituztenean atzera ere saskibaloian murgildu nintzen, saskibaloian hasi zirelako. Orduan ez zen Altsasuko saskibaloi kluba existitzen, saskibaloia udalaren kirol eskoletako bat zen soilik, 15 urtera artekoa. Fermin Herrerok eta biok klub bat sortzearen beharra ikusi genuen, gazteek 15 urtetik gora saskibaloian non jarraitu izan zezaten. Eta Club Baloncesto Alsasua Saski Kluba sortu genuen, CBASK. Esperientzia ederra izan zen.
"Saskibaloia ezagutzen dutenek badakite arbitratzea ez dela lan erraza"
Noiz animatu zinen arbitro izatera?
CBASK sortzearekin batera, Altsasun jokatzen ziren partidak arbitratzeko jendearen beharra genuelako. Jaime Diezekin solasean –bera ere saskibaloi arbitroa da, Naiara Diezen aita–, arbitro hasi nahi zutenendako federazioak arbitraje ikastaroa antolatzen zuela jakin, eta 1994ko irailean egin nuen hilabete inguru iraun zuen ikastaroa. Hortik aurrera Altsasun jokatzen ziren partidak arbitratzen hasi nintzen.
Arbitratzeak harrapatu zintuen?
Berehala konturatu nintzen mundu horrek erakartzen ninduela. Jaime Diezekin eta Quintanillarekin, Nafarroako Saskibaloi Federazioak antolatutako bestelako txapelketen partidak arbitratzen hasi nintzen, partida xumeenak. Hor hasten da benetako ikasketa prozesua. Hasieran kategoria txikiko partidak dira, gero handiagoak… Harra sartu zitzaidan, arbitratzea gustuko nuela eta hobetzen jarraitu nahi nuela argi nuen. Eta horretan ibili naiz ia 30 urtez.
Arbitro ona izatea zaila al da?
Oso zaila da. Saskibaloian talde batek irabazi eta besteak galdu egiten duen aktibitatean parte hartzen duzu. Lehiakortasun hori, ongi bideratzen bada, oso positiboa da. Hobetzera bulkatzen zaitu eta jokalari, entrenatzaile edo klub gisa motibatzen zaitu. Zer da arbitro ona izatea? Partidako partaide guztiak kontentu egotea, hori al da arbitraje on bat egitea? Agian zuk ongi arbitratu duzula uste duzu, baina talderen bat ez dago kontentu, edo agian biak. Eta jokalarien gurasoak, zer esanik ez.
Arbitrorik gabe ez dago partidarik.
Arbitroak ez ditu partidak irabazten edo galtzen. Beraz, motibazioa beste alde batetik etortzen zaio, motibazio pertsonal batetik, ziurrenik. Bakoitzak bere motibazioa du: batzuek ACB txapelketan epaitu nahiko lukete, beste batzuek Espainiako Saskibaloi Federazioko txapelketetan... norberak bere garapena du. Egia da geroz eta kategoria altuagoa arbitratu, partidak erakargarriagoak direla, eta ongi sentitzen zara, arbitrajea eta hartutako erabakiak afinatu badituzu. Hori da lortuko duzun ordainsaria.
Zein da arbitratu duzun mailarik garrantzitsuena?
Behin nazioarte mailako lagunarteko partida bat arbitratu nuen Nafarroan, baina hori pasadizo hutsa da. Normalean taldeka gaude sailkatuta eta talde bakoitzak kategoria konkretu bat epaitzen du gehienez jota. Nik 13 urte baino gehiagotan gizonezkoen Maila Interautonomikoaren gainetik dagoen Lehen Mailako partidak arbitratu nituen Nafarroan, Eusko Autonomia Erkidegoan eta Errioxan, txapelketa hori uniformatuta dagoelako.
"Arbitroak ez ditu partidak irabazten edo galtzen. Bakoitzak bere motibazioa du"
ARBITROEN BATZORDEA
Nork erabakitzen du zein mailako partidak arbitratuko dituzuen?
Nafarroako Saskibaloi Arbitroen Batzordeak. Nafarroako Saskibaloi Federazioak antolatzen dituen txapelketako partidak arbitratzeaz arduratzen da, Nafarroako Kirol Jokoetatik hasita Zilarrezko LEB mailara arte, eta arbitroen formakuntzaz, jarraipenaz eta balorazioaz.
Arbitroen Batzordean karguren bat izan al duzu?
Bai. Presidente izandako eta joan zen urtean zendutako Antonio Rosen laguntzaile izan nintzen bost urtez. Ros laguna nuen, partida asko arbitratu genituen elkarrekin. Ildefono Muñoz presidentearekin sei urtez egon nintzen presidenteorde. Eta arbitro berriendako Formazio Eskolan hiru urte egon nintzen Dani Larraga zuzendari teknikoarekin. Arbitroen Batzordean izugarrizko lana egiten da, ezagutzen eta ikusten ez dena. Dedikazio asko eskatzen du.
Lan handia, arbitroena.
Askok uste dute txilibitu bat eman eta besterik gabe arbitratzen hasten garela, baina saskibaloia ezagutzen dutenek badakite arbitratzea ez dela lan erraza. Joko oso azkarra da, eta horrek ematen dio gatza eta piperra. Jokoa azkarrago denean, arbitroak finago aritu beharra du, eta erabakiak denbora tarte laburragoan hartu behar ditu.
Saskibaloian segundo bat mundu bat da.
Segundo batean bost akzio jarraian egon daitezke eta agian soilik bat edo pare bat ikusi dituzu zure ikusmen ahalmenak ez dizulako gehiago ikusten uzten.
Jendea arbitroekin ongi portatzen da?
Baietz esango nuke. Orokorrean gure lana ongi baloratzen dute bai jokalariek eta baita zaleek ere. Horrek ez du esan nahi tarteka ezer errespetatzen ez duten pertsonak, batere edukaziorik ez dutenak, oker aritzea. Kasu gehienetan gurasoak izaten dira, eta euren seme-alaben aurrean halako portaerak badituzte, zer erakutsiko diete? Saskibaloia gainditze, hobetze, elkartasun eta talde balioak erakusteko eskola bikaina da, eta tartekako portaera horiekin guztia pikutara bidaltzen dute. Zorionez, gutxienekoak dira.
"Partida bukatuta, ez gara lasai egoten. Gehienetan kezkak etxera eramaten ditugu, motxilan"
ALDE POSITIBOAK GEHIAGO
Noizbait txilibitua zintzilikatu eta arbitratzen uzteko gogoa izan al duzu?
Oso gutxitan bizi izan ditut esperientzia txarrak. Behin, Universidad de Navarran geundela, jokalari batek nire arbitro kide bat erasotu zuen. Hori izan da bizi izan dudan egoerarik gogorrena. 2021 urtera arte 2.677 partida epaitu ditut, aurtengoak kontuan hartu gabe. Eta hemen jarraitzen dut. Hau da, halako egoerak gutxi batzuk dira. Askoz ere gehiago izan dira egoera positiboak, eta beti sentsazio positiboekin geratu beharra dugu.
Kiroletan joko garbia eta balio positiboak sustatzeko kanpainak amaigabeak dira, baina tarteka beti lehertzen da zerbait.
Kariño guztiz esango dut: une batean saskibaloiak saskibaloia izateari utzi zion eta futboldu egin zen. Batzuetan beste kiroletatik etortzen dira familiak, asko futboletik, eta uste dute saskibaloi pista itxi batean futbol zelai ireki handi batean bezala daudela, eta hori ez da horrela.
Saskibaloia kontaktuzko kirola da.
Hori da saskibaloiaren definizioa: kontaktuzko kirola. Hortik aurrera dago beste guztia. Bost jokalarik beste bosten kontra jokatzen dute, espazio nahiko mugatuan, eta jaurtiketa bat egiteko egon nahi duten espazioa lortzeko estrategia borroka da.
Gehienez bi pauso eman daitezke baloiari botea eman gabe. Hasieran zaila izango da horren jarraipena egitea.
Arbitrook ere, jokalariek bezala, automatizatu eta barneratzen dugu hori. Arbitro izateko formazio ikastaroetan esaten diedan bezala, hasieran segundo batean akzio bat geratzen zaizu erretinan, eta entrenatzen eta ikasten joan ahala, bi, hiru... eta gehienez 5 akzio ikusiko ditugu bukaeran. Automatizatzen baditugu eta buruan geratu zaigun irudi hori santzionatzeko gai bagara, arbitro ona izatea lortuko dugu.
Beste mito bat: arbitroak bere taldearen alde egiten du.
Niri beti kontrakoa esan izan didate. “Ezagutzen gaituenez, kontra arbitratu digu”. Nik, intentzioz, ez dut talderik faboratu. Agian, partida baten ondotik bideoak ikusi eta konturatzen zara jokaldi hori ez duzula ongi erabaki, baina ez kontzienteki, inola ere. Arbitroak, orokorrean, oso autokritikoak gara. Partida bukatuta ez gara lasai egoten, partidako jokaldiak aztertzen ditugu, jokaldi liskartsuak gainontzeko arbitroekin hausnartzen ditugu... Gehienetan kezka horiek etxera eramaten ditugu, motxilan.
Arbitro profesionalak izango bazinate bezala, astelehenean lanera joan behar duzuenean.
Bai, hala da. 64 urte ditut eta ongi bidean, datorren urtean jubilatuko naiz. Ogasun teknikaria naiz, Nafarroako Ekonomia eta Ogasun Delegazioko kontabilitate burua.
Nola uztartzen duzu zure lanbidea saskibaloiko arbitro lanekin eta familiarekin?
Zaila izaten da, baina ahal duguna egiten dugu. Senitartekoak dira kaltetuenak, hala ere.
Saskibaloiak gora egin du Nafarroan?
Joko gisa, kalitatean gora egin du. Gaur egungo jokalariak azkarragoak dira, fisikoki prestatuagoak daude eta jokoa mailaz igo da. Bereziki emakumezkoetan nabaritu da. Jarraipenari dagokionez, azken 15 urteetan Nafarroako Saskibaloi Federazioko lizentziek gora egin dute.
Altsasun saskibaloiak jarraitzaileak izan ditu beti.
Bai. Gaur egun gizonezkoen talde bat Maila Interautonomikoan dago, kategoria ederra, eta gero gizonezkoen eta emakumezkoen senior taldeak daude. Horrek haurrak eta gazteak erakartzen ditu.
Jokalari garrantzitsuak atera dira Altsasutik: Iñigo Zabalo, Naiara Diez, Garazi Misiego…
Haur batendako bere herriko jokalariak aurrera egiten ikustea erreferentea da. Eta baita ondoan talde garrantzitsuak izatea, ACB mailako Baskonia, esaterako. Altsasuko CBASK taldeko neska-mutil guztiekin urtero Gasteizera joaten ginen Eguberrietan, Baskonia ikustera, ilusio handiz. Bi autobus betetzen genituen.
Garazi Misiego saskibaloi jokalari eta entrenatzailea alaba duzu.
Bai. Megacalzados Ardoi taldearekin Liga Femenina 2 mailara igotzea lortu zuenean jokatzeari utzi behar izan zion, 30 urte zituela, bere lanbidearekin bateraezina zelako, baina taldean entrenatzaile laguntzaile hasi zen. Ama izan da, eta saskibaloia atzeratu behar izan du.
AKTIBO JARRAITZEN DU
Partidak arbitratzen jarraitzen duzu. Arbitroak noiz jubilatzen zarete?
Norberak erabaki behar du hori. Arbitro izateko fisikoki prestatua egon beharra duzu. Ikerketek diote partida lasai batean 5 km baino gehiago egiten ditugula eta partida mugituago batean 8-10 km. Asteburu batean maiz lau partida arbitratzen ditugula kontuan hartuta, atera kontuak. Ongi gauden bitartean jarraituko dugu.
Noiz jakin zenuen Nafarroako Gobernuko Kirol Merituaren Zilarrezko Domina jasoko zenuela?
Urriaren bukaeran Arbitroen Batzordeko presidente Carlos Gonzalezek eskatu zidan nire kirol ibilbideari buruzko aipamen bat prestatzea, Nafarroako Saskibaloi Federazioak sariketarako nire hautagaitza proposatu behar zuelako. Eta duela 10 egun inguru Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko kirol zuzendariorde Primitivo Sanchezek hots egin ninduen Zilarrezko Dominetako bat nik jasoko nuela esateko.
Serio kontatzen duzu. Pozgarria da, ezta?
Emazteak dioen bezala pragmatikoa naiz, serioa. Ilusioa dut, jakina. Ez duzu lana egiten inolako aitormenik jasotzeko, baina gertukoek lan horri balioa ematea polita da. 25 urte dituzten jokalariak etorri zaizkit zoriontzera, eta baita bere garaian jokalariak izan zirenak eta egun 50 urte dituztenak ere. Horrek egindako ibilbidea erakusten du, eta hori da garrantzitsuena. 35 urterekin arbitro hasi nintzenetik orain arte bizitako esperientziak nireak dira, nik bizi izan ditut, eta horrekin geratzen naiz. Urte luzeko lanari aitortza da, eta eskertuta nago, baina domina jasoko ez banu ere ez litzateke ezer gertatuko.