Azken belaunaldiaren ezinbesteko testigantzak

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 28a, 10:40

'Filmoteka Nafarroan' programaren barruan 'Matrioskas. Las niñas de la guerra' erbesteratu behar izan zuten lau emakumeren istorioa kontatzen duen film dokumentalaren emanaldia izanen da, azaroaren 28an, Iortia kultur gunean.

Teresa, Alicia, Araceli eta Julia 90 urte inguruko lau emakume dira, eta Matrioskas. Las niñas de la guerra Helena Bengoetxea zuzendariaren film dokumentaleko protagonistak dira. "Bitxia zen galdetzen zidatelako ea zergatik interesatzen zitzaizkidan haien bizitzak, haiek ikusten dutelako bere bizitza nahiko arrunta dela", esan du zinemagileak. Baina haien bizitza ez da batere arrunta: 1936ko Espainiako estatu kolpearen ondoren Errusiara erbesteratu zituzten eta hortik Kubara. Filmoteka Nafarroan programari esker, azaroaren 28an, astelehena, 19:00etan, filmaren proiekzioa eta zuzendariarekin solasaldia izanen da Iortia kultur gunean.

"Emakume horiek ibilbide nahiko antzekoa izan dute. Haurrak zirenean erbesteratzera beharturik izan ziren, lehenengo Errusiara eta ondoren, batzuk boluntarioki, Kubara". Horren ondorioak eta horrekin batera sortutako mundua begiratzeko modua azaltzen du Matrioska. Las niñas de la guerra dokumentalak: "Nahiko modernoak dira, adineko jendea izanda, bere bizitza osoan hainbat bizipen izan dituzte eta hala ere ez dira biktimak. Zorte onekoak ziren". Gerraosteko Espainiako estatuan "egoera latza" zen, eta haiek kanpora joan ahal izan ziren, eta ikasketak eta beraien bizitzen ardatzak haiek kontrolatzea lortu zuten, "askatasun handiko emakumeak dira".

Matrioskak

"Matrioskak amaren irudia edo babesteko sinbolo bezala ikusten ditut"

Matrioskak Errusiar panpinak dira, bata bestearen barruan sartzen direnak. "Amaren irudia edo babesteko sinbolo bezala ikusten dut. Bata bestearen barruan daude batzuetan badirudi ez direla bukatuko, eta emakume hauek horrelakoak dira: zuk irudi bat ikusten duzu, baina ikertzen hasten zarenean beste kapa bat eta beste kapa bat agertzen dira". Pentsamolde aldetik ere adineko emakume horiek "gaur egungo" pentsamendua dutela azaldu du Bengoetxeak.

Memoria historiko film dokumentala da Matrioskas. Las niñas de la guerra, baina horrekin batera "memoria pertsonala" goraipatu du zuzendariak. "Memoria eraikitze pertsonala da eta kasu gehienetan galdurik daude. Transmisio hori gehien bat beraien alabekin eta ilobekin egin zuten". Historian gertatutako zerbaiten lehen mailako lekukoak dira, eta "ez ahazteko" ezinbestekoak direla gaineratu du Bengoetxeak. "Nik uste oraindik lan handia egin behar dela, gauzak egin dira, batzuetan gutxi eta gaizki. Emakumezko irudiak edo historia kontatzea zen garrantzitsuena. Gizonezkoak interesagarriak dira ere, baina mundu patriarkal honetan beren bizitza desberdina izango litzateke".

Grabazioak
Errusiara omenaldi bat egin behar zutelako joan ziren, "eta han egon behar ginela oso ziur genuen". Protagonista batekin elkartu ziren bertan, Araceli, eta Teresa ezagutu zuten ere. "Nahiko kasualitatea izan zen; dokumentalaren munduan beti gertatzen da batetik bestera joaten zarela, osatzen joaten zara". Kuban ere egon ziren grabatzen, eta bertan zeudela pandemia hasi zen. "Hemen jendea itxialdian zegoen eta azken hegazkina hartu genuen". Ondoren, grabaketak egitea "oso zaila" izan zela esan du Bengoetxeak. "Gure ideia zen Errusiara berriz joatea eta Espainia aldean ere grabaketak egitea". Baina bidai horiek bertan behera gelditu ziren eta gidoia edo egitura aldatzea erabaki zuten. "Beharragatik". Bartzelonan grabaketak egiteko aukera izan zuten, Teresa bertan bizi da, eta horregatik Teresak protagonismo handiagoa hartu zuen.

"Horrelako adineko emakumeen testigantzak zineman oso arraroak dira. Horrekin batera, gu emakume bezala gaur garena haiengatik da hein handi batean". Zuzendariak azaldu duenez, genealogia "balorean jartzea" oso garrantzitsua da aurrera begira gertatutakoa kontuan hartzeko, "emakume eta gizarte moduan". Gizarteak "bai emakumezko bai gizonezko" horiekin "zor" bat duela esan du: "Gertaera horiek bizi izan zituzten bizirik gelditzen den azken belaunaldia da, eta zaindu behar dugu". Filmean agertzen diren lau protagonistetatik, bi daude bizirik.