Labankada baten ustezko egilea atxilotu dute

Guaixe 2022ko aza. 28a, 10:00

Medikua zauritutakoa artatzen. GUARDIA CIVIL

Larunbaterako goizaldean, Guardia Civilak 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, arma zuriz egindako lesio delitu bat egotzita. Zauritutakoa dagoeneko etxean dago. 

Guardia Civilak jakinarazi duenez, gizon bati labankada bat eman ziotela jakinarazi zieten telefonoz larunbateko 02:15ean. Zumalakarregi plazaren inguruan izan zen gertaera eta iristen lehenak Altsasuko osasun etxeko langileak izan ziren. Haiek zauritutako gizonezkoa osasun etxera eraman zuten eta, ondoren, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, pronostiko arinarekin. Guardia Civilak jakinarazi duenez, zauritutakoari larunbatean alta eman zioten.

Agenteek gertakarien lekuan lekuko batzuei deklarazio hartu zieten, eta, horri esker, erasoaren egilea aurkitu ahal izan zuten gertakaria gertatu zen lekutik gertu zegoen etxebizitza batean. Atxilotuaren etxea miatzean, 7 zentimetroko labana txiki bat aurkitu zuten, erasoaren lekukoen deklarazioarekin bat zetorrena. Atxilotutakoa epailearen aurrera eraman zuten larunbatean.