Arabiar inspirazioa

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 29a, 13:22

Itziar Nazabal Tangerren. UTZITAKOA

Itziar Nazabal artista altsasuarra hainbatetan egon da arabiar herrialdeetan sortzen. Bertan bere lana "baloratzen eta errespetatzen" dutela esan du. Nazioarteko artisten topaketa batean parte harte hartu du, Tangerren.

Itziar Nabazabal artista altsasuarra aurreko astean Tangerren egon zen. Asteartean iritsi zen Marokoko hirira Hispano-Marokiar Adiskidetasunaren Laugarren Nazioarteko Topaketetan parte hartzeko. Atzo hasi zen ICIMM Mekki Moursiar Nazioarteko Kultur Institutuak antolatzen duen artisten bilkura, eta igandera arte Nazabalek eta parte hartuko duten artistek haien lana erakutsiko dute. Nazioarteko topaketa bat da, eta Marokoko eta espainiar estatuko artistak ez ezik, Frantziako, Palestinako, Tunisiako, Saudi Arabiako, Herberehetako eta Kanadako sortzaileek parte hartuko dute.

"Arabia Moursiarrek nire lanaren berri izan zuen eta Marokon egon nintzen azken aldian elkar ezagutu genuen eta kontaktuan jarri ginen. Sekulako emakumea da. Bere aita margolaria eta eskultorea zen, eta bere oroimenez institutu bat sortu zuen". Makki Moursiar Nazioarteko Kultur Institutuak artista marokiarrak hasitako mugimenduak zabaltzea eta artisten arteko adiskidetasunak sustatzea du helburu. "Horrelako ekimenak antolatzen dituzte". Topaketa hauetan artistek haien lana partekatzeko aukera dute.

Hegazkina hartu aurretik Nazabalek ez zekien zehazki zer egiteko aukera izanen zuen. "Mundu arabiarra izugarri maite dut, baina batzuetan horrelakoa da, open mind, iristen denean iristen da". Diziplina askotako artistak parte hartzen ari dira, dantzariak, poetak, musikariak, margolariak... "Sortzaileen topaketa bat da, oso irekia". Hasiera batean topaketa irailean egin behar zuten eta artistek itsasora begira dagoen aztarna arkeologiko batzuetan sortu behar zuten, "baina atzeratu zutenez orain ezin da hor egin eguraldiagatik". Nazabalen sortze prozesuagatik espazio nahiko handia behar du, oihal bat jartzen duelako eta bertan gorputzarekin eta margoarekin "dantza" egiten duelako; performance bat da. "Ez dut uste hori egiteko aukera izango dudanik. Momentua sortzen zaidana izango da. Horrelako topaketatik sortzen duguna batzuetan mundu arabiarrarekin zerikusia du, beste batzuetan ez". Aurreratu ziotenagatik mihise batean sortu beharko du, "moldatuko nintzela esan nion". Horrelakoetan "kontrolatuago" sortu behar du artistak.

Barruko zerbait

"Pinturarekin dudan koxexio berdina dut arabiar munduarekin"

"Benetan ez dizut esan mundu arabiarretik erakartzen nauen gauza jakin eta bakar bat. Barruan sentitzen dudan zerbait da. Sortzen dudanean bezala. Sortzen dudanean sartzen zaidan urduritasun, nahia, adrenalina... ez dakit". Arabiar herrialdetara joaten denean "super gogotsu" dagoela aitortu du Nazabalek, "dena da positibo, alaia, sentimendu oso handia da". Marokon, Tunezen, Jordanian eta Egipton egon da, eta "konexio" hori sentitu duela esan du altsasuarrak. "Pinturarekin edo performancearekin dudan konexio berdina". Barruan tximeletak sentitzen ditu, "maiteminduta zaudenean dioten bezala".

"Duela hamabost urte inguru ezagutu zuen Nazabalek lehenengo aldiz arabiar mundua. Akuarelista topaketa batera joan zen, Xauenera. "Denboraldi baxu batean nengoen momentu horretan eta topetarako gonbidatu ninduten baina nik ez nuen joan nahi. Amak esan zidan joan behar nuela hori zelako nire bizitza eta bertan egon behar nintzela. Esan nion ezin zela nirekin etorri bakarrik pasako zuelako egun osoa ni beste artistekin egongo nintzelako". Baina azkenean amak konbentzitu zuen eta Xauenera joan ziren. "Ama adoptatu genuela esan daiteke". Bidai hori "harrigarria" izan zela esan du artistak, eta bertan "erabateko konexioa" hasi zen.

"Pila bat betetzen nau, ez da gauza bakar bat". Janaria, usainak, jendea... "Batzuetan esaten didate baina nola usainak, zikina eta zaindu gabe daude toki asko. Niri leku horiek gustatzen zaizkit. Xarma berezia dute. Casablanca berez oso txukuna da, oso moderno, postalakoa; baina ez dit hainbeste erakartzen. Egunerokotasunaren esentzia duten horiek nahiago ditut". Xauen asko gustatzen zaio. Bertan, lehenengo topaketa zegoela, kale batean egun osoan zehar margotzen egon ondoren, ate bat ireki zen eta gazte bat bere adineko amarekin agertu ziren cous-cous plater batekin eta bi koilararekin, "Cous-cous kalea deitzen diot nik ordutik".

Bere lana arabiar munduan baloratua eta errespetatua izan dela azaldu du Nazabalek. "Bitxia da emakume artista izanda eta nik dudan sortzeko prozedura horrengatik". Gonbidatzen dituztenak "mundu irekiago edo" dutela esan du artistak, "apustu handia egiten dute artearekiko".

Marokotik Hego Koreara
2023an Hego Koreako Geojeko Haegeumgang museoan eginen duen The Life Is Art jaialdian epaimahai kide izateko hautatua izan da Itziar Nazabal artista. "Museo pribatu bat da zonalde horretan artea zabaltzeko helburua duena. Beraien filosofia artea positibotasunetik eta alaitasunez erakustea da. Itxaropen mezua helarazi". Museoak antolatzen duen jaialdiaren bederatzigarren edizioa izanen da eta urrian izanen da. "Aurretik artista bezala parte hartu izan dut kurator batek, arte bilatzaile batek, gonbidatu ninduelako, eta orain nazioarteko epaimahaikide izanen naiz". Hemeretzi herrialdeetako kideek osatuko dute epaimahaia. Nazabalen proiektu guztiak itziarnazabal.com webgunearen bidez jarrai daitezke.