Interesa pizten dieten eta dituzten gaiak lantzen dituzte, modu entretenigarrian.
1. Zer da podcast bat?
Podcastaren kontzeptua urteetan zehar asko aldatu da. Lehen irrati bateko emisioa grabatu egiten zen edozein plataformara igotzeko. Gaur egun, ez da bakarrik albistegietan grabatzen den eduki bat, bi lagunen arteko solasaldia izan daiteke, Spotify edo horrelako plataformara igotzen dena. Orduan, orain horrelako eduki asko dugu edonork egin dezakeelako podcast bat, nahiz eta hedabide bat ez izan. Ikusi dugu edonork izan dezakeela ahotsa, edonork izan dezake bere edukia sortzeko aukera eta horiek egin ahal izateko erraztasunak ditugu.
2. Zertan datza 'Benetan zabiz?' podcasta?
Helburu bezala du atal bakoitzeko gonbidatu bat izatea eta gai konkretu baten inguruan aritzea, baina guk esaten dugu pixka bat lotsagabetasunetik edo naturaltasunetik. Edozein esparruko profesionalak edo edozein alorreko pertsona ezagunak ekartzen ditugu eta helburua da bere leku intimoengana jotzea eta galdera pixka bat tontoak egiten alde lotsagabe hori ateratzea eta ondo pasatzea. Entretenitzea da helburua.
3. Zer aukeratzen duzue lehenago gonbidatua edo gaia?
Bietako edozein izan daiteke. Agian proposatzen dugu gaia eta gai horren inguruan nor ekar dezakegun pentsatzen dugu, baina kontrakoa izan daiteke; pertsona jakin bat ekarri nahi dugu eta pertsona horrekin zeri buruz egin dezakegun pentsatu. Sortzen den moduan. Astearen arabera.
4. Zer nolako gaiak izaten dira?
Denetarik izan dugu. Atal batean loaren psikologiaren inguruan hitz egin dugu eta hor bai profesional bat izatea ezinbestekoa zela, baina beste batean ohitura arraroen edo manien inguruan hitz egin dugu. Gaiak nahiko desberdinak dira eta izan daiteke gai tuntun bat edo gai potolo bat.
5. Nola hasi zineten?
Malen eta biok Gaztea irratian Dida saioan praktikak egiten egon ginen eta udan bertan lan egiteko aukera izan genuen ere. Irailetik aurrera biok batera podcast bat egitea eskaini ziguten, marka modura, Malen eta Aitziber. Aurretik ez genuen horrelako zerbait egitea pentsatu. Podcasta egitea proposatu ziguten eta baiezkoa eman genuen.
6. Nola grabatzen duzue?
Gaztea irratiarekin hitzartu genuen kanpo produktu bat izango zela, Gazteak erosiko ziguna, eta orduan grabatzeko baliabideak gureak izan behar ziren. Mikrofonoak eta abar erosi genituen eta nire Bilboko etxean grabatzen hasi ginen. Baina mikrofono horiek kalitate oso txarra zuten eta estudio batera grabatzera joateko erabakia hartu genuen. Gaur egun, Bilborocken grabatzen dugu. Bertan musika taldeak eta entseatzeko estudio batzuk daude eta gela bat podcastak grabatzeko dago, oraindik erabilgarri ez dagoena, baina grabatzeko utzi digute.
7. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Oso ona. Guretzako ona izan da Bilborockera grabatzera mugitzea marka modua irudia askoz zainduagoa delako eta gero sare sozialetan edukia sortzeko politagoa da.
8. Materiala ez ezik, zer behar da podcast bat egiteko?
Hitz egiteko gogoa. Materiala ere edozein izan daiteke. Ez da berdina bi pertsona egotea, zu bakarrik, hiru... Gauza asko izan behar dira kontuan, baina hitz egiteko gogoa eta egiten duzun horrekin entretenitzea eta zuk ere interesa izatea. Podcastaren arabera lengoaia bat edo beste bat behar da.
9. Non entzun daiteke?
Ostiralero EITB Podcast-era eta plataforma guztietara igotzen dute eta igandeetan Gaztea-n 15:00etatik 17:00etara emititzen da.
10. Zer harrera izan du?
Harrera oso ona. Espero genuena baino askoz hobea. Egia esan, ez nuen ezer espero beti esaten denagatik: ez dut ezer espero nahi, gero desilusioa ez hartzeko; ez nuen ezer espero. Egingo dugu eta ikusiko dugu nola doan. Topatu ditugu entzule fidel asko astero entzuten dutenak, esaten dutenak gustatu zaiela hau edo bestea. Mezu asko jasotzen ditugu. Astero jarraitzaile gehiago eta entzuten gaituzten jende gehiago ditugu.
11. Nondik dator izenburua?
Honek kutsu bizkaitarra dauka Malen bizkaitarra delako eta ni Bilbon bizi naizenez bizkaitarren mundu honetan sartuta nagoelako. Malen eta biok beka tarteko egin ginen lagun eta edozein gairekiko interesa genuenean broma: benetan zabiz? Benetan esaten didazu? Eta orduan barregarria iruditu zitzaigun; gure helburua edozein gairekiko interesa izatea da.