Futbola

Altsasu erregionalak, punturik ez

Guaixe 2022ko aza. 29a, 09:20

Altsasuko gorritxoek ezin izan zuten San Jorge mendean hartu

Asteburuan Erregional mailako hamaikagarren jardunaldia jokatu zen eta Altsasu B-k sailkapenean laugarren den San Jorge hartu zuen Dantzalekun. Talde altsasuarrak hiru puntuak nahi zituen eta asmo onez atera zen zelaigunera, baina San Jorgek ez zizkion gauzak batere erraztu. Bi taldeak nor baina nor lehiatu ziren, 33. minutuan San Jorgek markagailua mustu arte. Gainera, iruindarrek aldea zabaldu zuten 40. minutuan Altsasuren ate propioan sartutako baloiari esker. 

Bigarren zatian partidari buelta ematen saiatu ziren altsasuarrak, baina ezin. Gainera, 63. minutuan San Jorgek sartutako hirugarren golak partida erabakita utzi zuen eta 0 eta 3 galduta, Altsasuk ez zuen zakurako punturik bildu.

Sailkapenean Beti Onak B taldea da liderra (31 puntu) eta Altsasu B hamargarren da (11 puntu). Asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko, baina abenduko bigarren asteburuan Altsasuk Zizurren jokatuko du, Zizur taldearen kontra.