Futbola

Altsasuko neskek Egüesen kontra, ezin

Guaixe 2022ko aza. 29a, 10:40

Valle de Egüesek eraman zituen Dantzalekun jokoan zeuden hiru puntuak

Emakumezkoen Preferente mailan bederatzigarren jardunaldia zegoen jokoan eta Altsasuk Valle de Egües taldea hartu zuen Dantzalekun. Partida entretenigarria eskaini zuten bi taldeek. 11. minuturako Valle de Egüesek aurreratzea lortu zuen, baina Sonia Alonsok sartutako golari esker, Altsasuk bana berdindu zuen eta lasai joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian lehia estua izan zuten bi taldeek. 53. minutuan Eguesibarkoek bigarren gola sartu zuten, eta nahiz eta Altsasu behin eta berriz saiatu, ez zuen berdintzea lortu. Gainera, partida bukatzeko minutu baten faltan Valle de Egüesek hirugarren gola sartu zuen eta partida erabakita utzi zuen. 1 eta 3 galduta, partida ahaztu eta hurrengo jardunaldiari begira jarri nahi dute altsasuarrek. 

Emakumezkoen Preferente mailako lider Mutilvera B taldeak jarraitzen du (23 puntu), Idoya taldearekin berdinduta. Altsasu seigarren da (10 puntu). Asteburu honetan ez dago jardunaldirik, hurrena abenduko bigarren asteburuan jokatuko da eta Altsasuk sailkapenean bigarren den Idoya izango du arerio, Oteizan jokatuko den partida zailean.