Saskibaloia

CBASK, sendo

Guaixe 2022ko abe. 1a, 09:50
CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldekoak, entrenatzen.

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan jokatzen duen Narum CBASK talde altsasuarrak bere bigarren garaipena lortu zuen jarrian. Emakumezkoen Lehen Senior Mailan ere garaipen garrantzitsua lortu du CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak

Altsasuko CBASK saskibaloi taldeek beste jardunaldi interesgarri bati egin zioten aurre. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan zortzigarren jardunaldia jokatu zen eta Narum CBASK talde altsasuarrak bere bigarren garaipena lortu zuen jarrian, Aranguren Mutilbasketi 88 eta 67 irabazi baitzion partida bizian. 
ENERparking Basket Navarra taldeak jarraitzen du lider (15 puntu), eta Narum CBASK talde altsasuarrak bosgarren postuari eusten dio (12 puntu). Bederatzigarren jardunaldia abenduaren bigarren asteburuan jokatuko da, eta abenduaren 11n sailkapenean seigarren eta arerio zuzena den Buenos Aires Liceo Monjardinen kontra jokatuko du talde altsasuarrak, Iruñean. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan zortzigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK Ifuel taldeak Navasket SM`new liderra izan zuen aurkari eta liderrak ez zuen gupidarik izan, 73 eta 42 irabazi baitzion talde altsasuarrari. 

Horrela, Navasket SM`new taldeak jarraitzen du lider (15 puntu) eta CBASK-Ifuel taldea bederatzigarren postura jaitsi da (10 puntu). Asteburuan ez dago jardunaldirik. Bederatzigarren jardunaldian, abenduaren 10ean CBASK-Ifuel taldeak Gazte Berriak hartuko du, 16:00etan, Zelandin. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan lehiatzen den CBASK-Xabi Gorriz Tattoos taldeko neskek garaipen garrantzitsua lortu zuten Iruñean, partida lehiatu eta borrokatuan San Ignacio taldeari 56 eta 64 irabazi eta gero. 

Navarro Villoslada B taldeak jarraitzen du lider (15 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea laugarren postura igo da (12 puntu). Asteburuan ez dago partidarik. Bederatzigarren jardunaldia abenduaren bigarren asteburuan jokatuko da baina CBASK Xabi Gorriz Tattoos eta Larraona Claret taldeek jokatu beharreko partida ilbeltzaren 24ra atzeratu da.