Kultur programazioan euskara gehiagoren eskea

Guaixe 2022ko abe. 12a, 12:36

Ekimeneko kideek eskaerak plazaratzeko prentsaurrekoa egin zuten.

Altsasun kultura euskaraz ainguratu gura ekimenak sinadura bilketari ekinen dio. Haur eta gazte programazio guztia euskaraz izatea, helduei zuzendutakoaren %25 euskaraz izatea eta kultur eskaintza urtetik urtera handitzeko plangintza eskatu du.

Herriko euskarazko kultur eskaintza "oso baxua" zela iritzita, eta hura handitzearen nahi eta beharra sentitzen zuten hainbat altsasuarrek Altsasun kultura euskaraz aingura gura ekimena sortu zuten. Festen ondoren horren inguruko kanpaina egin dute. Horretarako, hainbat altsasuarren errealitateak islatu dituzte: euskara ikasi eta euskaraz bizi ezin dena; etxean euskaraz bizitzeko ahalegin izugarria egin eta herrian aukerarik ez dutenak…  Ekimeneko kideen iritziz, euskaraz bizitzeko hautua egin duten altsasuarrei "bidean ezartzen zaizkien oztopoen ondorioa guztiendako bera da: euskararen eta euskaldunon baliogabetzea. Euskaldunon hizkuntza eskubideen marra gorria malgutu egin da, eta modu sotil batean egoera normalizatu dugu. Ondorioz, gaur egun, Altsasun euskaraz gozatzeko beharrezko eskaintza ez da nahikoa, ezta proportzionala ere", salatu dute. Altsasun kultura euskaraz aingura gura ekimeneko kideek gaztigatu dutenez, "herrian geroz eta euskaldun gehiago egon arren, euskarak herrian duen espazioa ez da areagotu".

Ekimeneko kideek ziurtatu dutenez, "udalak euskarari muzin egin dio. Esaterako, hutsaren hurrengo bihurtu da Iortia kultur guneak euskarari eskaintzen dion espazioa". Altsasun kultura euskaraz aingura gura ekimenetik gaineratu dutenez, "euskara gure egunerokora heltzea ezinbestekoa da haren erabileran eragiteko. Horretan euskarazko kulturak paper erabakigarria jorratzen du. Horregatik, horren zaintza bermatu behar dugu". Ziurtatu dutenez, "azken urteetan geroz eta handiagoa da euskarazko kultur eskaintza", eta adibide gisa antzerkia, musika eta zinema aipatu dituzte. Baina halakoen emanaldirik ez da Altsasun "inbertsio eta apustu falta dagoelako. Euskarazko produktu gutxi ekartzeaz aparte, gainerako herrietan euskaraz eskainitakoa gurean gaztelaniaz eskaini dute behin baino gehiagotan. Euskarazko eskaintza ezak erdarakoen gorakada dakar".

Neurriak hartzeko eskaera
Ekimeneko kideek kultur guneko azken hiru hilabeteko eskaintza aztertu eta honako ondorioa atera dute: "%16 inguru euskaraz izan da, %84 erdaraz". Eta jakinarazi dute Euskalgintzaren Kontseiluaren Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak kultura arlorako gomendioetako bat gogorarazi dute: "kultur programazioan euskararen presentzia udalerriko euskara ezagutza tasa baino %10 altuagoa izan behar du". Hori kontuan izanik eta Altsasun euskararen ezagutza tasa %26,9 dela jakinik, "euskaldunon eskubideak bermatzeko kultur programazioan euskararen presentzia %36,9koa izan beharko litzateke. Egungoaren bikoitza baino gehiago". Horregatik, ekimenetik Altsasuko Udalari neurriak hartzeko eskatu diote, "herriko euskaldunen hizkuntza eskubideak errespeta" ditzan.

Eta norabide horretan bulkatzeko, Altsasun kultura euskaraz aingura gura ekimeneko kideek sinadurak biltzeari ekinen diote ekimeneko kideek heldu den ostegunetik aurrera. Hiru eskaerari babesa ematea eskatzen diete altsasuarrei. Lehenik, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako kultur ekitaldien %100 euskaraz izatea. Bigarrenik, helduei zuzendutako programazioaren %25 gutxienez euskaraz izatea. Eta, azkenik, udalaren euskarazko kultur eskaintza urtetik urtera handitzeko plangintza osatzea. Sinadurarekin eskaera horiei babesa ematera animatu dituzte altsasuarrak. Sinadurak jasotzeko paperak toki publikoetan jartzeko asmoa dute. Horrekin batera, Internet bidezko sinadura bilketa eginen dute. Babesak jasotzeko gunearen lotura sare sozialen bidez zabalduko dute.