Oinez, herrian dena pauso gutxitara dago

Guaixe 2022ko abe. 12a, 09:01

Udaletxe pareko informazio panela eta altsasuarrak oinez ibiltzen.

Altsasuko Udalak herrian oinez ibiltzera gonbidatu du. Altsasu barruan dauden distantziei eta desplazamendu denborei buruzko informazioa ematen duten panelak jarri eta liburuxkak zabalduko ditu. 

Iortia kultur gunea abiapuntu hartuz gero, Aita Barandiaran adinduen egoitzara joateko 489 metro ibili eta 5 minutu behar dira. Osasun etxera, berriz, 340 metro ibili eta 4 minutu. Eta halako beste hainbat ibilbideren luzera eta iraupena zein den zehaztu du Altsasuko Udalak, eta horien berri emanen duten bi panel egin eta liburuxkak argitaratu ditu. Aurrenekoak autobus geltoki ondoko panelean eta udaletxe pareko paneletan jarri ditu. 6.000 liburuxkak, berriz, Altsasuko Dendarien Elkartearen laguntzarekin herritarren eta Altsasura erosketak egitera joaten direnen artean banatuko dira. Iortia kultur gunean eta udaletxean ere eskuragarri izanen dira. Bi euskarrietan QR kodea dago, hura eskaneatuta mapa mugikorrean eramateko aukera izanen da.

Altsasuko Udalaren Herrian hobe oinez! kanpainaren helburua da jendea animatzea autoa aparkaleku egokituetan uztera eta herri barruko joan-etorriak oinez egitera. Aparkalekuetatik merkataritza eta zerbitzu gunera joateko denbora ez da 5 minututik gorakoa.