1982. urtean abestea gustatzen zitzaien altsasuar talde batek abesbatza bat sortu zuten eta Ulaiarren dagoen ermitaren eta ama birjinaren izena hartu zuten: Erkudengo Ama Abesbatza. Gabriel Alegria izan zen sustatzailetako bat eta abesbatzaren lehenengo zuzendaria. 40 urte pasa direnean, korala sasoi onean dagoela esan du Puri Altzelai Iriarte abesbatzako kideak.
Erkudengo Amak lau hamarkada bete ditu eta abenduaren 16an ospatuko du
Urteurren borobila ospatzeko abenduaren 16an, ostirala, Gabonetako kontzertua berezia emanen dute Altsasuko elizan. Lau hamarkadatan abesbatzako kideak izandakoak eta zuzendariak gonbidatu dituzte, "nolabait parte hartzeko; ez dugu nola, agian sorpresaren bat egongo da". Besteak beste, Enrike Zelaia, Josetxo Lunbreras, Itziar Maiz, Erkuden Ezeolaza, Ainhoa Beramendi, Felipe Larrea eta Carlos Gorritxo musikariek parte hartuko dute. Eguberrietako kontzertua denez gabon kantak interpretatuko dituztela azaldu du Altzelaik, "baina mota askotako kantak izanen dira ere".
"Gure abesbatza pentsaera eta izaera desberdinetako pertsonek osatzen dute, eta abesbatza berez ez da entitate erlijioso bat; irekia da. Baina eliza aukeratzen dugu akustikagatik. Beste gauza bat da elizan kantatzea". Elizan "oso akustika ona" lortzen dela azaldu du Altzelaik, eta nahiz eta Iortia kultur gunean ere ongi kantatzen duten, "soinua lehorragoa ateratzen da; nik uste gortina potolo horiek soinua jaten dutela". Horregatik eliza kantatzeko "toki aproposagoa" ikusten dute.
Gazteak
Duela 40 urte Gabriel Alegriaren zuzendaritzapean jarri ziren zenbait abeslari. "Ni momentu horretan ez nengoen abesbatzan, baina argazkiak begiratuta jende gaztea zegoen". Hogei kide baino gehiagorekin hasi ziren. Alegriak zuzendaritza utzi behar izan zuen eta Sara Salazar eta Lourdes Matxo izan ziren zuzendariak, baita Anabel Valencia eta Amaia Amiliba ere. 1997. urtetik Inma Arroyok du koroaren zuzendaritza, eta tartean ere Mila Salgado izan zen gidaria, baita, tarteka, Felipe Larrea eta Carlos Gorritxo ere.
Erkudengo Ama Abesbatza 1990ko hamarkadan.
Altzelai 2000. hamarkadaren hasieran sartu zen. "Musika ikasten ari nintzen eta gitarra irakasleak esan zidan komenigarria zela abesbatza batean kantatzea eta animatu nintzen Inmari esan nion ez nekien aproposa izango ote nintzen abesbatzan kantatzeko, niri gustatzen zitzaidala baina ahotsagatik eta ez nekiela. Esan zidan gustuko eta belarria izanik nahikoa zela. Denak ongietorriak direla". Lau hamarkadatan jendearen joan-etorriak normalak dira, "batzuk adinagatik utzi behar izan dute, baina izan dira batzuk 80 urte baino gehiagorekin hor jarraitu dutela, Jose sakristaua, esaterako".
Adin guztietako pertsonek osatzen dute koroa. "Jendea ilusioarekin hasten da, baina konpromezu pixka bat eskatzen du eta utzi behar izaten dute bizitza honetan gauza asko ditugulako". Gaur egun,"pozik" daude abeslari berriak sartu direlako, eta, batez ere, gizonezkoak dira. "Normalean emakumeekin ez da arazorik izaten, baina gizonak beti gutxiago izan ohi dira. Orain, atzera begiratzen dut eta jende asko dago". Altzelai hasi zenean "bakarrik" bi baxu, gizonezkoek egiten duten ahotsa, zeudela esan du.
Abestea gustatzea eta "belarria" izatea dira koroan parte hartzeko baldintzak
Koroan emakumezkoek sopranoak eta kontraltoak dira; sopranoek erregistro eremu agudoago bat egiten dute eta kontraltoek grabeagoa. Gizonezkoetan tenoreak eta baxuak daude, tenoreak agudoagoak eta baxuak grabeagoak. Abesbatzan parte hartzeko abestea gustatzea eta belarria izatea baino ez da behar, "eta konpromezu pixka bat izan; astean behin elkartzen gara, ez da gehiegi"
Errepertorioa
Denetarik abesten du Erkudengo Ama Abesbatzak. "Errepertorio sakroa dugu, kanta erlijiosoak; errepertorio euskaldun bat, oso gustuko ditugu euskal kantak eta saiatzen gara errepertorioan beti sartzen; folklorea, ezagunak... Rosana, Pablo Milanes, Victor Jara... Denetarik". Altzelairi pertsonalki Errusiako eta Europa Ekialdeko kantak "izugarriak" iruditzen zaizkio; "erlijiosoak, baia izugarriak". Normalean zuzendariak kantak proposatzen ditu eta abesbatzako kideekin batera erabakitzen dute errepertorioan sartu edo ez.
Pandemiaren aurretik astean bitan elkartzen ziren entseatzeko: astelehenetan eta ostegunetan. Urtean zehar zenbait kontzertu eskaintzen zituzten, eta kolaborazioak egiten zituzten ere. Pandemiarekin abesbatzaren jarduna zenbait hilabetez eten zuten, eta pixkanaka hasi ziren martxan. Orain astelehenetan elkartzen dira, baina abenduaren 16ko kontzertuaren prestaketekin ari direnez, zenbait ostegunetan entseguak egiten ari dira ere. "Saiatu behar gara ere horrenbeste lana ez izaten. Urtero esaten dugu kontzertu jakin batzuk egingo ditugula eta gero deitzen digute eta ez dakigu ezetz esaten". Gustura aritzen dira herriko zein kanpoko ekitaldietan parte hartzen ere.
Bidaiak
Momentu onak gogoratzeko orduan "izugarriak" izan direla goraipatu du Altzelaik. "Gehien bat bidaiak egin ditugunean. Oso bidai politak egin ditugu". Momentu horietan sortu den "giroa" nabarmendu du abeslariak, baita jende asko eta kultura desberdinak ezagutu dituztela ere. Rota, Montabanc, Medina de Pomar, Euskal Herriko herri asko, Argentina, Ingalaterra, Herbehereak... "Harreman oso politak sortzen dira, denboran mantentzen direnak". Horietako bidai asko trukean etorri dira Altsasura. Bereziki Argentinarekin egin zuten harremana askori "bihotzean" gelditu zitzaiela esan du.
"Momentu txarrak gutxiengoak izan dira. Agian arazoak sortzen badira, baina ez da oso ohikoa". Abesbatzan mota askotako pertsonak daudela azaldu du Altzelaik; pentsaera "oso desberdina" duten pertsonak; "baina azken finean errespetu handia dago eta oso ondo moldatzen gara". Hori da hain zuzen abesbatzak erakarri zuena, "hasieran sartu nintzenean ez nuen nire burua ikusten, baina giroa ezagutu nuenean eta ni errespetatzen nindutela ikusi nuenean... oso gustura nago".