Sakanako Mankomunitateko Berdintasun eta Euskara zerbitzuek antolatuta Liburu dasta: literatur solasaldiak idazleekin izanen da abenduaren 12an, astelehena, 18:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Leire Ibarguren izanen da gonbidatua eta Petare: Miren Egigurenen puskak liburuaren aurkezpen eta solasaldia eginen du azpeitiarrak. Liburuak Venezuelako Petare auzoan urte luzez bizi izandako bidaniarraren bizitzaren pasarteak kontatzen ditu. Txalaparta argitaletxeak eta Emagin elkarteak argitaratu dute liburua.
Miren Egigurenen bizitzaren hainbat puskei letrak jarri dizkio Leire Ibarguren idazleak. "Liburu honen sorburua beste liburu baten baitan dago, Miren Odriozola izeneko emakume baten bizitza kontatzen duen liburua, Laura esaten zioten". Odriozola El Salvadorren gerran ibili zen eta Azpeitikoa da, "nire herrikoa". Haren bizitza kontatzen duen liburua argitaratu ondoren, beste norbaiten bizitzaren inguruan idatzi behar zuela esaten zioten Ibargureni, "eta berak esan zidan bazeukala beste lagun bat Venezuelan eta Miren Odriozolak Miren Egiguren aurkeztu zidan".
Tolosan bisitak izaten ziren eta "pixkanaka elkar ezagutzen nik aurretik ez nuelako ezagutzen. Entzunda neuzkan berari buruzkoak, baina elkarrizketa pila bat egin genituen". Hasiera batean protagonistari zenbait gaiei buruz hitz egitea kostatzen zitzaion, "istilu oso gogor baten ondorioz gaixotu zen eta itzuli zen". Bisitaz bisita hitz egitera animatuz joan zen, eta izandako elkarrizketen inguruan hasieran koaderno batean eta ondoren ordenagailuan idazten zuen Egigurenek ere. "Dokumentu horiek hango bizipen guztiak ordenatzen lagundu dit". Petare Caracaseko auzo bat da, eta kontakizunean bertako bizimodua kontatzen du liburuak, "horregatik izenburua auzo horren izena da". Odriozolak bisitetan laguntzen zuen, eta horregatik ere presentzia du liburuan.
Pasarteak
"Hasieratik helburua zen liburu bat sortzea. Egia da berak argitaratu zuenean aurkeztu genuen eta jende pila bat etorri zen, eta berak ez zuen hainbeste espero. Omenaldi tonua hartu zuen". Herriaren aurrean aitortza izan zela esan du Ibargurenek. "Oso pozik zegoela esaten zuen eta niretzako ere pozgarria izan zen".
Bidaniako Arretxe baserrian jaio zen Miren Egiguren eta hamahiru senidetan hirugarrena zen. Oso gaztetan baserrian zeuden haurrak kontuan hartuta, Donostiara neskame joan zen eta bertan neskame, estanko batean eta lanbide desberdinak izan zituen. 16 urte zituela anai bat istripuz hil zitzaion eta istripu hori "kolpe handia" izan zen Egigurendako. "Bizitzaren inguruko galdera asko sortu zitzaizkion eta bere bizitzarekin zerbait egin behar zuela pentsatu zuen". Donostian bizi zirenean hainbat kontu politikoetan eta eliza bueltako kontuetan sartzen hasi zen, eta bere inguruan ikusten zuen lagunak nobioekin eta umeak izateko ideiarekin zeudela, "baina berak esaten zuen horrek ez zuela betetzen eta hemendik alde egiteko beharra sentitzen zuela". Elizako elkarte batekin misiolari joan zen Venezuelako eta Kolonbia artean dagoen Guajira lurraldera.
Guajiran herri indigenak bizi dira eta bertan katekesia ematen zuen Egigurenek, "ikusten zuen berarekin mojak egin zutela egiten zuela eta ez zitzaion gustatzen. Berak ez zuen hori nahi". Arduradunekin hitz egin zuen eta alfabetizatze eskolak ematen hasi zen. Hiru urte pasa zituen Guajiran eta lan asko egin zituen. "Erreferentzialtasun handia hartu zuela pentsatu eta Euskal Herrira itzuli zen". Baina hemen burua Venezuelan zuen eta itzuli zen. "Petare auzoan 40 urte inguru pasa zituen". Liburuak bertan bizitakoak jasotzen ditu. "Gau batean agian gazte bat tiroz eskuetan hiltzen zaizu eta beste batean erditze batean laguntzen duzu". Aldi berean, Egigurenek idazten eta irakurtzen ikasteko metodo bat asmatu zuen. "Bitxia da horrelako egoera gogor batean nola Mirenek hainbat proiektu atera zituen, beti bertako emakumeekin elkarlanean". Jon Garañok metodo horren inguruko film labur bat egin zuen ere. Egiguren emakume azkarra, argia eta indartsua dela esan du Ibargurenek.
Liburu hauen bitartez "gure iruditegia emakumeek izan ditzaketen bizimoduaren inguruan" zabaltzen dela esan du Ibargurenek. "Beste bizimodu batzuk erakustea du helburu". Haiekin ere "ondoan ditugun emakumeak entzutea, jasotzea eta aitortzea" nahi du. "Niretzat inportantea zen beraiek bizirik zeuden bitartean argitaratzea liburuak, horren emaitza jasotzeko".