Ainhoa Ramirez de Alda Azurmendi irakasle eta idazle altsasuarrak Galtzerdi erdi bere lehenengo liburua kaleratu du. Gabonetako galtzerdi baten istorioa kontatzen du eta desberdintasunen gaia jorratzen du. Ilustrazioak Pauls Vind ilustratzailearenak dira eta Babidibu argitaletxeak kaleratu du. Azaroaren 21etik aurrera liburu dendetan eros daiteke eta laster Altsasun aurkezpena eginen duela aurreratu du egileak, Arkatz liburu dendaren laguntzarekin.
Nola sortu zitzaizun proiektua?
Ideia hau nahiko bitxia izan da. Sare sozialen munduan baliabideak partekatzen ditut eta nire zaletasuna materiala sortzea da, eta horretan nenbilen; materiala sortzen nengoen eta askotan sortu izan ditut horrelako ipuinak gelan landu ahal izateko eta desberdintasunen gai hau pendiente neukan. Ipuin txiki bat idatzi nuen. Etxean hala nola editatu nuen eta lagun batzuei erakutsi nien, alde batetik, lankideei beraiekin ere lantzeko eta, bestetik, zenbait lagunei. Lagunek esan zidaten oso ideia ona zela eta argitaletxeren batera bidaltzera animatu behar nintzela. Horrela sortu zen. Animatu nintzen eta argitaletxe batek baiezkoa eman zidan.
Protagonista Gabonetako galtzerdi bat da. Zergatik?
"Desberdintasunen gaia lantzeko zerbaitu behar nuen; Gabonetako galtzerdia"
Bitxia da hori ere, bai. Hemen ez daukagu ohitura handirik Gabonetako galtzerdiak jartzeko eta nik etxean momentu horretan ez nuen, baina Eguberriak gertu zeudela eta desberdintasunen gaia lantzeko zerbait desberdina behar nuenez, protagonista bihurtu nuen.
Zer kontatzen du?
Galtzerdia gainontzeko galtzerdien kutxan bizi denez, desberdin sentitzen da eta baztertu egiten dute. Hortik dator istorioa.
Beste pertsonaia bat dago. Zer garrantzia du istorioan?
Amelia Galtzerdi erdiren jabea da. Ameliak bere amarekin egiten duen elkarrizketa batean aipatzen du Gabonetako galtzerdi bat dela, eta orduan Galtzerdi erdi konturatzen da desberdina izan behar duela. Orduan, ulertzen du eta alde horretatik maitatua sentitzen da.
Zergatik desberdintasunen gaia?
Orain Haur Hezkuntzan irakaslea naiz eta garai horretan LH lehen eta bigarren mailan lan egiten nuen eta egunero ateratzen den gai bat da; ikasleen harremanetan baztertzea eta gutxiestea. Orduan, nik uste dut gure gorputza maitatzen eta gu pertsonak bezala maitatzeko desberdintasunak maitatzen ikasi behar dugula. Hortik abiatu nintzen.
Balio inplizituak ere lantzen ditu.
Norberak bere burua maitatzea daukan ezaugarriekin; hori da garrantzitsuena eta transmititzen den argiena. Beste alde batetik, galtzerdi guztiek ea bikotea duten eta hortik abiatuta bikoterik izan behar dugun, ez, bai, zergatik... Baita zergatik galtzerdi batzuk marradunak diren, beste batzuk txikiagoak eta abar. Ezaugarriak.
Nolakoa izan da prozesua?
Proiektua aurreko urteko abendurako egina neukan. Ondoren, argitaletxe desberdinei bidali eta Babidibu argitaletxeak baiezkoa eman zidan abenduaren bukaera aldera. Urtarrilean hasi ginen. Kontratu moduko bat urtarrilaren erdialdean sinatu nuen eta ilustratzailearen bila hasi ginen. Ni ez naiz ilustratzailea eta orduan beraiek zenbait aukera eman zizkidaten eta Pauls Vinden Instagrama eman zidaten eta elkarlanean hasi ginen. Toledoko neska bat da, eta istorioa erdaratu behar izan nion, ondorioz, pixka bat luzatu zen. Azkenean, urrian inprentara bidali zuten.
Ia urte batez sekretua gordetu behar izan duzu.
Pare bat lagunei, batez ere animatu nindutenei, proiektua martxan zegoela esan nien. Luzea izan da. Gorabeherak egon dira; emozioa goi-goian lehenengo ilustrazioak iritsi zirenean eta gero behera pixkatxo bat denbora pasatzen zenean. Argitaletxeak esan zidan gaiagatik Gabonetarako egon behar zuela, eta azken hilabetetan urduritasun pixka bat izan dut.
Ilustrazioak horrelakoak irudikatzen zenituen?
Nahiko burugogorra naiz eta hasieratik buruan ideia bat nuen. Egia da Paulsen lana ikusi nuenean bere estiloak nirearekin bat egiten zuela ikusi nuela, orduan, berarekin lan egitea oso erraza izan da. Berak bidaltzen zizkidan ideiak eta nik zerbait zuzentzen nion; orokorrean oso ongi moldatu gara. Nik uste euskara zerbait gelditu zaiola...
Zer sentitu zenuen liburua eskuetan izan zenuenean?
Pasada bat izan zen. Distantzian egin dut lan, argitaletxea Andaluziakoa eta ilustratzailea ere ez zegoen ondoan, beti epostaren bidez edo artxibo digitalen bidez egin dugu lan. Oso desberdin ikusi nuen proiektua pdf batean eta gero fisikoa. Oso polita iruditu zitzaidan. Negar egin nuen.
Andaluziakoa eta euskaraz?
Ez naiz idazle bakarra. Argitaletxe honek hizkuntzak zaintzen ditu: galiziera, katalana, euskara... aukera desberdinak ditu. Gehiengoa gaztelaniaz da, baina hizkuntzak pila bat zaintzen ditu, zentzu guztietan. Niretako hizkuntzak garrantzia handia zuen, nik euskaraz lan egin behar nuen. Album ilustratuetan balio inplizituak lantzen dituzte ere. Alde horretatik ere asko gustatu zitzaidan. Haiekin hainbat egitasmo egingo ditut ere.
Altsasun aurkezpena egingo duzu?
Abenduaren 16an, ostirala, 17:00etan, Txantxari ludotekan (Intxostiapunta eraikinean). Arkatz liburudendaren eta Babidibu argitaletxearen laguntza izan dut.